Hiru emakume zuzendari Wagnerrek amesturiko agertokian
Donostiako Hamabostaldiaren egun berberetan badira planetan musika klasikoari eskainitako beste bi jaialdi maila goreneko: abuztuaren azken-aurreko eguna arte iraungo duen Salzburgokoa, Mozart jainko eta ikur duena, eta Bayeruth hirikoa, pasa ostegunean hasi zena. Badu historia berebizikoa Alemaniako honek. Richard Wagner musikariak ez zuen aurkitzen bere 'Nibelungoaren eraztuna' tetralogia egundokoa eta neurrigabea non eta nola antzeztu; nahi zituen baldintzetan, nahi zuen maiestatearekin. XIX. mende hartako azken hamarkadetako antzokiek ez zuten 'Rhin-eko Urrea', 'Balkiria', 'Sigfrido' eta 'Jainkoen Gainbehera' operek exijitzen zituzten neurriak, bolumema, dentsitatea. Ez eta Wagnerrek berak amestu eta asmaturiko eszenografiak altxatu ahalko zituen tresneriarik, tramoiarik.
Egoera horrelakoxea izanik, 'Parsifal' eta 'Holandar alderrai' lan erraldoien sortzaileak berak eratzea erabaki zuen. Zerotik, hutsetik, existitzen ez ziren zimenduetatik. Bazirudien Wagnerren operetan ugari diren jentil eta jigante horien ekintza zela hor, ezin guztiak gaindituz eta mugarik onartzen ez zuen ameslariaren desira guztiak betez, agertu zen antzerki eta musika paradisua, 1876an estreinaldirako gonbidatuak ahoa bete letagin, ikusten eta entzuten zutena sinistu ezinean utzi zituena.
1876 hartatik, gerra infernuzko pare bat kenduta, urtero antzestu dira bertan Wagnerren operak. Richarden ondorengoek maiz bere egin dute jaialdia zuzentzeko ardura pisu handikoa. Askotan txalo zaparradak jaso dituzte. Beste unetan, berriz, mespretxuz hartu izan dituzte ikusle/entzuleek beren proposamenak.
1876tik, urtero antzestu dira Alemaniako Bayeruth hirian Wagnerren operak
Txistuka ala bravo/bibaka, Bayreuth jaialdiak munduko zaletu guztiak erakartzen ditu Bavariako hiri horretara eta planeta osoko irratiek erretransmititzen dituzte orduak eta orduak irauten dituzten mitoz eta kondairaz beteriko operak. Jendearen estimuaren maila bertsuan beste musika ekimen bat baino ez da munduan, Londreseko RoyaA lbert Hall egoitza duten BBC Proms horiek. Maila altuko festibal honetan badira momento batzuk zeinetan ikusleriak parte hartzen duen, abestuz, unibertsoko abesbatzarik onenekin bat eginez kantutan.
Bayreutheko antzokiak eta inguruek izugarrizko birmoldaketa, zaharberritze lan ikaragarria behar dute, nahiz eta, oso egoera txukunean izan. Alta, gero eta zorrotzagoak dira orkestren, opera abeslarien, eszena zuzendarien eta zuzeneko emankizunez arduratzen direnen eskakizunak, beraz, den dena gaurkotu behar da. Ahalik eta azkarrenen. Alemaniako gobernuak baiezkoa eman du eta 170 milioi euroko inbertsioa agindu.
Hiru emakume zuzendari
Bitartean, aurrera egiten du aurtengo festak. Lehengo aldiz, orkestra emakume zuzendariak gizonezkoak baino ugariagoak dira. Kontralto izugarria eta motorzale peto petoa den Nathalie Stutzmannek batuta hartu zuen inaugurazio kontzertu alaian, musika saski-naski atsegina izan zen hartan. Ostiralean berriz, serio jarri zen Nathalie eta Tannhäuser (ez ahaztu, 'Blade Runner' filmean Tannhäuserreko Ateari egiten den erreferentzia, Ruger Hauer erreplikante haren diskurtso malenkoniatsuan) zuzendu.
Simone Young Australiakoak hartuko dio erreleboa gaur bertan. Eskarmentu eta sona handikoa dugu sustrai irlandar eta kroaziarrak dituen emakume honek, Daniel Baremboinen laguntzailea izan zen aspaldian. Non eta Bayreuthen bertan. Simone izan da Nibelungoaren eraztunaren ziklo osoa diskoan grabatu duen emakume lehena. Aurten Anton Brucknerren bigarren mendeurrena betetzen dela, ez legoke batere gaizki Young Andereak Hanburgoko Filarmonikoarekin grabaturiko autore horren Hirugarren Sinfonia entzutea.
Ez pentsa, Nathalie eta Simone ez dira emakume zuzendari bakarrak Wagnerrrek amesturiko musika eta antzerki paraje horietan. Bada hirugarren bat. Markaz fuerako hirugarrren bat. Ukrainakoa. 16 urte zituela gidatu zuen estreinakoz orkestra bat Oksana Lyniv-ek. Kiril Petrenko zuzendari arras estimatuaren laguntzailea izanda, Graz hiriko Operak La Traviata bideratzera gonbidatu zuen eta jendea zor ta lor utzi. 2021ean, 33 urte zituela, Bayeruthen zuzendu zuen gaurko programa berean den Holandar alderraia. Uztailaren 25 hartan, Oksana bilakatu zen Wagnerren musika tenpluan orkestra bat zuzentzen zuen emakume aitzindaria.
1876tik hona, zenbat aldatu da mundua, zenbat ere garaiak! Alta, orain eta beti Walkirien kabalkada entzuterakoan, lilurak harrapatuko gaitu. Bavarian gurean nola