Gipuzkoako bertso txapelketako sarrerak salgai
Urretxun abiatuko da aurtengo edizoa lehen kanporaketarekin eta finala abenduaren 14an izango da Illunben
DV
Donostia
Domingo, 21 de julio 2024, 17:57
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irailaren 14an hasiko da Urretxuko Labeaga Aretoan. Bertan, Andoni Rekondo, Ane Zuazubiskar, Antton Aizpurua, Jon Gurrutxaga, Mikel Iturrioz eta Unai Mendizabal bertsolariek hartuko dute parte. Hitzordua arratsaldeko 17:00etatik aurrera izango da, txapelketaren 12. edizioko lehen kanporaketa egingo delarik bertan.
Publicidad
Hiru hilabete iraungo ditu txapelketak eta finala abenduaren 14an jokatuko da Donostiako Illunben. Lau urtean behin Bertsozale Elkarteak antolatzen duen lehiaketa da, Gipuzkoa Bertsotan kanporaketa fasean sailkatutako 34 bertsolariek eta 2019ko Gipuzkoako Txapelketan finalaurrekoetara iritsi baina finalera iritsi ez ziren eta aurtengo txapelketan izena eman duten 8 bertsolarik neurtuko dituzte indarrak.
Sailkapen fase bizi baten ostean, bertan da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa: 48 bertsolari ariko dira kantuan. Urretxun hasi eta Donostiako finalera bitarte 16 saio jokatuko dira. Txapelketan kantuan ariko diren 48 bertsolarietatik 34 bertsolarik udaberrian jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela. Gainontzeko 14 bertsolariek duela bost urteko txapelketan eskuratu zuten txartela. Horiez gain, 16 gai-jartzaile eta 15 epaile eta laguntzaile ugari izango dira txapelketan lanean.
Guztira 16 saiok osatuko dute txapelketa, hiru fasek eta finalak: zazpi final-zortziren, bost final-laurden, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. Lehen saioa Urretxun izango da, Labeaga aretoan.
Sarrerak eskuragarri daude bertsosarrerak.eus webgunean. Internet bidez erosteko aukera saioaren egun berean amaituko da. Agortzen ez bada, irailaren 14an bertan irekiko da Labeaga Aretoko leihatila, 16:00etan, saltzeko.
Publicidad
Aipatzeko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan Gipuzkoako lehen-bertso eskolaren 50. urteurrena izango dute gogoan edizio honetan. Udaberriko faserako sortu zuen irudiari hirugarren dimentsio bat eman dio Unai Gaztelumendik.
Urretxun eta Zumarragan lan handia
Urretxuko eta Zumarragako Euskara Zerbitzuek urteak daramatzate bertsolaritza sustatzen Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin elkarlanean. «Horren adibide da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa honen hasiera Labeaga Aretoan. Eta txapelketaz haratago, beste hainbat jarduera egiten ditugu gure herrietan bertsolaritza eta euskara sustatzeko. Alde batetik, Urretxu eta Zumarragako udalen laguntzarekin, 'Gu ere bertsotan' programa garatzen da ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako laugarren eta bosgarren mailako ikasle guztientzat azken 17 ikasturteetan. Saio honen bidez, bertsolaritza ezagutu eta praktikatzeaz gain, euskarazko hitzekin, argumentazioarekin... ahozkotasunaren jolasa lantzen da ikasleekin. Jarduerak oso balorazio onak ditu, bai ikastetxeen aldetik, bai ikasleen aldetik», aipatu zuen Josu Idigorasek, Zumarragako Euskara zinegotziak, aste honetan egindako aurkezpenean.
Publicidad
«Horrekin batera, udalok bertso eskolari babesa ematen diogu bertsolaritza eta, ondorioz, euskara susta dezan. Horren erakusle da azken 25 urteotan bertatik egiten ari den lana», adierazi zuen Alex Gonzalezek, Urretxuko Euskara zinegotziak. »Ez da kasualitatea Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak bertso eskolak omendu nahi izatea eta aurtengo txapelketaren azken fasea gurean hastea« nabarmendu zuen. »Are gehiago, txapelketaren fase honetan gure lau bertsolari daude, Amaia Iturrioz, Maialen Akizu, Mikel Iturrioz eta Uxue Fernandez. Gainera, zozketa bidez, Mikeli dagokio Urretxun kantatzea «, aurreratu zuen.
«Bertsolaritza txapelketa bat baino gehiago da, aisialdia eta jolasa. Horren beste adibide bat, Urretxu-Zumarragako bertso eskolak azken 22 urteetan antolatu duen Martxoan Bertsoa da, herriko eta eskualdeko gazteak erakartzen dituena», adierazi zuen. »Horregatik guztiagatik eta gehiago, bertsolaritzak eta bere mugimenduak aisialdiari eta euskararen erabilerari egiten dioten ekarpena garrantzitsua dela uste dugu eta bi udaletatik herritarrak gonbidatzen ditugu irailaren 14an ospatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa honen kanporaketara, baina baita bertso eskolako ekintzetan parte hartzera ere, euskaraz ondo pasatzeko eta gozatzeko aukera ezin hobea bezala«, amaitu zuen Idigorasek.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión