Familia-harreran dauden adingabeek udalekuak hasi dituzte
Hamar eguneko egonaldia egingo dute haurrek, antzeko bizitza-historiak dituzten beste umeekin harremanak sustatzeko
I. A.
Donostia
Viernes, 14 de julio 2023, 18:15
Lagun berriak ezagutu eta kurtsoan zehar egiten ez diren hainbat joko eta aktibitate praktikatzeko aukera paregabea eskaintzen dute udalekuek. Azken asteetan ehundako haur eta gazte Euskal Herriko hainbat herritan antolatu diren udalekuetan parte hartzen ari dira, esperientzia berriak bizitzen. Eta familia-harreran dauden adingabeei ere aukera hori eskaini zaie.
Publicidad
Beroak, Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, haur hauentzako udalekuen edizio berri bati ekin berri dio. Duela 15 urte baino gehiagotik egiten den programa da hau eta urtero, 10 eguneko egonaldia antolatzen da familia-harreran dauden 5 eta 18 urte bitarteko hogei bat adingaberentzat, baita harrera familietako seme-alaba biologikoentzat ere. Aurtengo edizioan, hogei bat adingabek hartuko dute.
Helburua da antzeko bizitza-historiak eta egoerak dituzten adingabeen arteko harremanak sustatzea, elkarrekin erlazionatzeko eta elkarri laguntzeko espazio bat eskainiz. Era berean, familia harreragileetako seme-alaba biologikoak elkartzeko eta haiei laguntzeko aukera ematen du, egoera horiei aurre egitea zaila gerta dakiekeelako.
Jarduera Mugitu programaren barruan kokatzen da, non gizarte-arloan eta irakaskuntzan trebatutako 10 profesionalek osatutako hezkuntza-talde batek parte hartzen du; figura egonkorrak dira, urtean zehar egindako jarduera guztietan parte hartzen dutenak, eta parte-hartzaileentzako erreferentzia-eredu bihurtzen direnak.
Udalekuak eta bestelako ekimenak sustatzeaz gain, Beroa elkarteak Donostiako Autonomia kalean dagoen bizikidetza-espazio bat eskaintzen du. Bertan, jatorrizko familiek eta harreran dauden haurrek gainbegiratutako topaketak egiten dituzte. Zentroak 9 areto ditu, haurren adinaren eta bisita bakoitzaren beharren arabera egokituta daudenak.
Publicidad
Aldi berean, Beroa elkarteak orientazioa eta prestakuntza eskaintzen ditu ikastetxeetan, heziketa-zikloetan eta unibertsitateetan, haurren babeserako sistemari dagozkion baliabideei buruz, «Inplika-tu» gizarte-sentsibilizazioko proiektuaren bidez.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión