'Euskelelea' ipuin musikatua aurkeztu dute Enrike Solinis eta Miren Zeberiok
Sortu berri duten Erlea argitaletxearen egitasmoa da, ukelelea instrumentuaren sorrera kontatzen duena
I. A.
Donostia
Viernes, 8 de diciembre 2023, 12:45
Euskal Barrok Ensemble taldean hamar urteko ibilbidea urratu ostean, Enrike Solinis eta Miren Zeberiok aurrerapausua eman eta Erlea argitalpen espazioa sortu dute, beraien lanak argitara emateko xedearekin eta aurrerantzean suerta daitezkeen bestelako egitasmo propioek argia ikus dezaten. Sortzaileen hitzetan «aske sentitu nahi genuen gure ideiak sortu eta prozesu guztian parte hartu ahal izateko». Honela, argitaletxeak Euskal Barrok Ensembleren espiritua jasotzen du, hau da, euskal ondarea landu eta zabaltzea eta bide batez, antzinako musikaren bitartez historia jakitera eman eta hedatzea.
Publicidad
Argitaletxe propioa sortzearen ideia Jordi Savall antzinako musikari entzutetsuaren aholku zuzenetik heldu zen eta Erlea izena aukeratzea, kulturarekin duen nolabaiteko paralelismoarengatik. Beraien aburuz, naturako hainbat prozesutan garrantzia handia daukan animalia da erlea, eta era berean, arriskuan dagoena, «kultura bezala, kinka larrian dabilen alorra baita, gutxi babestua, baina, aldi berean, oso garrantzitsua dena».
'Euskelelea'
Solinis eta Zeberioren egitasmo honek lehen fruituak ondu ditu dagoeneko. 'Euskelelea' ipuin musikatuarekin. Euskal jatorriko musika-tresna horren ibilbidea jasotzen duen haur eta familiei zuzendutako lana da, Enrike Solinisi otu zitzaiona Portugalera egindako bidaia baten ondotik. Jakin zuenez, duela 500 urte, bizkaitarrak, biscainho-ak, Braga-ko katedrala eraikitzera joan zirenean hara eraman zuten beraiekin gitarro edo gitarriko instrumentua, eta handik mundu zabalera hedatu zen itsasoz eta lekuz leku izen desberdina hartu zuen, Hawaiin ukelele izena eman zioten arte. Oinarri horri helduta, Euskelelea ipuin musikatuan instrumentuaren sorrera irudikatu nahi izan dute.
Euskal Barrok Ensemblek sortu ditu musika zein kantak. Gehienak, euskarazko hitzak jarri dizkieten antzinako errenazimentu edota barrokoko doinuak dira, baina abesti herrikoiak ere jasotzen ditu eta proiektua biribiltzeko, musika-tresnak eraiki dituzte, euskeleleak. Enrike Solinisen diseinutik abiatuta, Guillermo Camacho luthierrak egin ditu piezak eskuz, frontoietan erabiltzen den euskal palaren itxura daukaten ukelele moduko musika-tresnak.
Argitaletxe berria zein Euskelelea egitasmoa Durangoko Azokan aurkeztu dituzte.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión