Arantza Urretabizkaia idazle donostiarra. Félix Moquecho

«Ez dut nire ibilbidea bukatutzat ematen»

'Azken etxea' eleberria 2022ko liburu gogokoen izendatu ondoren Arantza Urretabizkaiak 111 Akademiaren saria jasoko du ostegunean

Itziar Altuna

Donostia

Miércoles, 7 de junio 2023, 18:18

Arantza Urretabizkaiak ostegunean jasoko du 2022ko 111 Akademiaren Saria. Euskal Herriko literaturazaleen bilguneko kideek 'Azken etxea' bere azken eleberria izendatu dute 2022ko libururik gogokoen. Irakurleek ematen duten saria denez, garrantzi berezia ematen dio idazle donostiarrak. «Liburu honekin herriz herri ibili naiz irakurle taldeekin, eta niretzat talde hauek dira gure literaturari hamarralditan gertatu zaion gauzarik onena, ia mirari bat da horrenbeste irakurle eta irakurle antolatuak izatea, eta ez zaiola duen garrantzai ematen iruditzen zait».

Publicidad

Egun, 212 akademiakide ditu 111 Akademiak, eta horietako 124k parte hartu dute 2022ko sariduna izendatzeko 2023ko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Anjel Lertxundiren 'Desertuan behatxuloa' saiakera izan du lehiakide azken bueltan Urretabizkaiaren lanak. Azken etxearen bila dabilen emakume zahar ezohikoa du protagonista liburuak, Hendaia aldeko etxe bat begiz jo eta hori lortzeko egingo dituen ahaleginak zehazten direlarik.

Irakurleekin mantentzen dituen elkarrizketa eta topaketetan asko disfrutatzen duela onartzen du idazleak, haien begirada eta ikuspuntuak anitzak baitira. «Hasieran idazle batek ez daki zer egin duen, zer egin nahi izan duen daki. Zer egin duen irakurleak daki, eta batzutan sorpresak hartzen dituzu, eta nola irakurle bakoitzak liburua bere egiten duenean ñabardura bat gehitzen dion, hor jabetzen zara zenbat ñabardura dauden eta zein anitza den arreta puntua. Batzuk fokua toki batetan jartzen dute, besteak bestean, begirada guztiak dira zilegi, baina begiradak anitzak dira».

'Azken Etxea' liburuaren kasuan, berak esan nahi zuena irakurleek ulertu dutela uste du Urretabizkaiak. «Gauza batzuk idazten dituzunean zaren guztiarekin idazten dituzu, zure ametsa, oroitzapenak, ikasitakoa, ahaztutako, galdutakoa… dena sartzen da. Gauza batzuk propio sartzen dira baina beste batzuk inkontzientetik, jabetu gabe, baina irakurleak jabetzen dira, eta hori oso dibertigarria da niretzat».

Eleberrian azaltzen diren emakumeek bere adina dute. Bere bizipen pertsonalak ez ditu jaso nahi izan, baina ñabardura batzuk bere «esperientziatik» sortuak izango direla onartzen du. «Nik ez diot nire bizitzari begiratzen lanean ari naizenean, ez zait interesgarria iruditzen, beste batzuk interesgarriagoak iruditzen zaizkik. Ez dut nire burua hor islatu nahi. Nahi gabe agian islatzen dut punturen batetan, baina hori ez da bilatzen dudana».

Publicidad

Zahartzaroa eta etorkizuna

Zahartzaroaren inguruko gogoetak bildu ditu azken eleberri honetan, «ni zahartzaroan abiatuta nagoelako», dio. Asko galdetzen diote honi buruz, baina berak «buelta» ematen dio galderari. «Zergatik da hain harrigarria zahar baten bizitza interesgarri gertatzea? Zergatik da arraroa? Zergatik zahar bat ez da bere bizitzaren protagonista? Urtetan galdetu didate zergatik ziren emakumeak nire eleberrien protagonista gehienetan, eta orain zahartzaroari buruz galdetzen didazue. Horrek esan nahi du gizartearen zati handi batentzat zahartzaroa adin pasibo bat dela, ez dagoela ezer interesgarririk ez baldin bada iraupena». Eta bera ez dator bat adierazpen honekin. «Zahartzaro tradizionala ia guztiz desagertu den honetan, orain aukeratu dezakegu nolako zahartzaroa nahi dugun, eta hau da nobedaderik handiena. Lehen ez zegoen aukera hori, eredu tradizioanala oso estua zen. Adibidez, beti imajinatzen dugu pertsona zahar bat gazte denboran zer egiten zuen kontatzen, ez dugu zahar bat irudikatzen ikasten, bakarrik irakasten, eta orain zahar askok ikasi nahi dugu».

Arantza Urretabizkaiak eskuartean baditu oraindik ere proiektuak, «horrek gorpuzten du nire bizitza, ematen dio zentzuren bat. Beharrezkoa ez dakit, baina hobeto bizi nahiz eskuartean proiektu bat dudanean», aitortzen du. Kasu honetan, urte osorako «lan profesional» batetan dabil, «ez da literatura hutsa, eta datorren urtetik aurrera beste proiektu bati ekitea gustatuko litzaidake».

Publicidad

Izan ere, bere ibilbidea ez du bukatutzat ematen idazle donostiarrak. «'Azken etxea' liburua kaleratu aurretik pentsatu nuen: gelditu zintezke zauden honetan eta beti egongo da ibilbidea aintzat hartuko duen norbait, edo ibilbidearekin jarraitu. Baina honek arrisku bat ere badu, izan ere egiten duzun lanak ez badu espero duzun oihartzuna jasotzen, nolabait zure ibilbideari distira pixka bat kentzen diozu. Nik arrisku hori hartu nuen eta uste dut asmatu nuela».

Oraindik gauza asko kontatzeko gogoz dabilela dio, eta ez gizarteak zaharrei «agintzen» diena egiten, hau da, «deskantsatu, eta ondo pasa etengabe goizetik gauera, hori bai, erabakiak hartzen diren tokietatik urrun. Erabakiak besteek hartzen dituzte, gure onerako, baina besteek. Nik erabaki nuen nire ibilbideari besteek balio eman behar diotela, baina nik jarraitu nahi dut».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad