Donostiako 28 ikastetxek parte hartuko dute ikasturte honetan 'Liburuka' irakurketa proiektuan
Donostia Kulturako Liburutegien eta ikastetxeen parte hartzearekin gauzatuko da eta hiru ekimen burutuko dira, urritik ekainera bitartean
I. A.
Donostia
Jueves, 26 de octubre 2023, 18:30
Liburuka proiektuak harrera oso ona izan du, izan ere Donostiako 28 ikastetxek eman dute izena ikasturte honetarako. Proiektuak hiru ekimen ditu,'Motxila Txikia', 'Irakurle gazteak' eta 'Areto literarioa', eta guztientan haurrengan irakurzaletasuna sustatzea da. Zehazki, 'Irakurle gazteak ekimenean' 191 liburu kaxa eskaera jaso da, 104 motxila txikik ekingo diote zirkuituari eta 'Areto literarioan' 11 saio eskainiko dira.
Publicidad
'Motxila txikia' egitasmoa Galtzagorri Elkartearekin batera egiten da. Irakurketa bultzatzeko asmoz, liburutegia, eskola eta familia lotzen dituen programa da, eta Haur Hezkuntzako (3-6 urte) eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako (6-8 urte) ikasleei zuzenduta dago. Astero ikaskide batek hartuko du motxila txikiaren ardura: gurasoekin liburutegira joango da, 'Motxila txikia' txokotik gustuko duen liburu bat aukeratuko du eta etxean irakurri ondoren, ikastolan landuko du irakaslea eta ikaskideekin; gero, beste ikaskide batek ekingo dio zirkuitu berari.
Bestalde, 'Irakurle gazteak' egitasmoaren xede nagusia da Donostiako ikastetxeei liburutegietan mailegagarri dauden liburuak eskaintzea. LHko (6-12 urte) eta DBHko 1. zikloko (12-14 urte) ikasleei zuzenduta dago. Liburutegiek proiektu honetarako hautatuak izan diren liburuak mailegatuko dizkiete ikastetxeei, 2 hilabete t'erdiko epean ikasgeletan irakur ditzaten. Hainbat liburu mota bidaliko dira, euskaraz zein gaztelaniaz idatziak.
Azkenik, 'Areto literarioak' Galtzagorri Elkartearen partaidetzarekin antolatzen dira. 2023rako proposatzen den aretoak Haur Poesia izena du, eta azaroaren 17tik 24ra egingo da. 8 eta 11 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Areto literario hauen helburuetako bat haurrak poesiaren munduan barneratzea da eta generoaren hainbat alor ezagutu eta deskubritzea. Aretoko saioaren ondoren edo aurretik, Haur Liburutegia bisitatuko da.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión