Arrasateko dragoi punk-heavy-hard-garajekoa
Ez dakit dakizuen baina hilaren lehenengo asteburuan (Iruñako txupinazoarekin koinzidituz), Arrasaten gertatu izan zenak pareko gutxi izan zuen multibertsoan.
Uztailaren 5 eta 6an ospatu zen bertan, Monterron parkean, zehatzago hizketan, aurtengo Mondra&Roll jaialdia txit markaz kanpokoa, txit itzela, txit apartekoa, txit burrunbatsua, txit librea, txit, txit txit.
Badira urteak dragoiek eta Maritxu Kajoiak babesturiko herrian festibal hori gertatzen dela. Urte oparoak. Urte berdingabeak, zeinetan kartelean, munduko musikari heavy, metalezko, hardcoreko, punkirik menderaezinenak biltzan baitiren. Baina aurtengoa are eta kristorenagoa izan da.
Mondragoiko seme-alaba pilo-saldo-makina batez aparte, nortzuk arrimatu ziren Monterron parkera? Zaletuen artean, kanpotar andana, herrian ostatu hartu zutenak edo kotxe eta karabanetan lo apur bat egin zutenak. Taldeei dagokiela, agertokira igo orduko lurra dardaraka uzten dutenen arteko onenak.
Esaterako….Suediatik heldutako The Baboon Show. 90eko hamarkadan hor goian, Europako Ipar ipar aldean, alegia, sortu zen rock onaren ondorengo maltzur, malizios eta bihurriak, beraiengan eta euren musikan Ramonesek, Blondiek eta antzekoek izan duten eragina harro eta ozen aitortzen duen taldea.
Esaterako… Londreseko High Vis. Printzipioz, hardcore jotzen dute baina mestizoak, sasikoak, odol nahasiak dira nahita eta gogoz. Ondorioz, inolako mainarik gabe onartzen dute punk osteko, indie rock eta aspaldian Manchesterren sortu zen/zuten baggy manera haien presentzia beren kantuetan.
Esaterako… Gure gureak diren Kaleko Urdangak!!!! Bergarakoak bai, Remenek, Biruk, Ekaitzek eta Motok osatutako banda. 2011tik borrokan. Lehenbiziko EPa, Eman, Bai!, 2012koa, Skizo Recordsek kaleratua. Azkena, momentuz, Bizirik diskoa (2021koa). Ikaragarria beren Kalean Sutan diskoaren azala…..
Esaterako… Gureak ere diren Oñatiko Larru Beltzak. 2021ean, beren entsegu lokalaren inguruetako tabernetan jarri zuten salgai Nok epaituko du epailea EPa. Kaleratu zuten egunetan honako hitz hauek bota zituzten komunikabideetan '«Egunerokotasunean ditugun arazoak azalarazteko hitzak dira batzuk eta sentimendu pertsonalak adierazten dituztenak beste batzuk». Zein musikak bildurik? Ba ibili diren beste bandetan jorratu eta maitatu izan dutenak, punk rockak!
Esaterako… Les testarudes, Kataluniako bederatzi neska; ska, steady rock eta reggae gogoko dituzten zortzi gehi bat emakume egoskor, inoren aurrean belauniko jartzen ez direnak. Gogoko duten musikaren bertsioei ekin aurretik horrela aurkezten dira, gaztelaniaz zein katalanez: 'Nueve tías chulísimas con quien hacer unos buenos bailoteos'. Entzun beharko dituzue, lehen baino berandu, beren 'Sugar Sugar', 'Domesticada' edo 'Aquesta nit'…
Esaterako… Britaina Handiko eszena azpikoz gora jarri izan duten The Chisel eta Bad Nerves. Lehengoen diskaren izenburuak agerian uzten du euren bizitzarekiko, munduarekiko, lagun urkoarekiko filosofia, What a Fucking Nightmare. Bigarrenez aipaturiko horiek, powerpopeko banda horrek, zera nahi dute lortu, izan dadila berriro dibertigarria rock &rolla…
New Yorketik etortzera ere animatu ziren 1998an Madball banda sortu zutenak. Zelako ekitaldia berariena, eskarmentuz beteriko musikari horiena!
Ikusten? Entzuten? Orro egin zuen parkean Arrasateko dragoiak. Ulu egin zuten bertaratuek. Izugarriak izan ziren arratsak, gauak eta ordu txikiak. Mondra roll, roll, rollean.