Tolosaldeko Euskararen Mahaia sortu dute
Eskualdeko udal eta elkarteetako 42 eragilek osatu dute, euskararen normalizazioan jarduteko plan estrategikoa diseinatu eta garatzeko
Tolosa
Martes, 19 de julio 2022, 00:08
Globalizazio garai betean, euskarak beste aurrerapauso bat eman berri du Tolosaldean. Eskualdeko udal eta elkarteetako 42 eragilek Euskararen Mahaia sortu dute etorkizun hurbilera begira hizkuntzaren normalizaziora bidean lortu nahi diren hainbat helburu egikaritzeko tresna garrantzitsu izan dadin. Mahaiaren helburu nagusia da euskaren «normalizazio erreala lortzeko bidean jauzi kualitatiboa» emateko «eraldaketa sustatu eta euskalgintza sozialaren eta instituzionalaren arteko bateragunea izatea».
Publicidad
Bide horretan, uztailaren hasieran Lehiberri zentroan elkartu ziren eskualdeko 23 udaletako eta elkarteetako ordezkariak. Euskararen Mahaia eratzeko prozesua, baina, duela hiru urte hasi zen; 2019ko martxoan, 42 eragilek Tolosaldeko Euskararen Mahaia (TEM) eratzeko konpromiso adierazpena sinatu zuten Alegian. Orain, berriz, proiektuaren akta sinatu dute.
Epe labur eta ertainera begira, beharrezkoa jotzen dute Tolosaldean euskararen normalizazioan jarduteko plan estrategikoa garatzea, etorkizunean Tolosaldean euskararen normalizaziorako hizkuntza politika adosteko helburuarekin, baita plangintzan zehazten diren ekintzak ahalik eta «modu efizienteenean» garatzea ere.
Biztanleen % 75, euskal hiztun
Galtzaundik adierazi duenez, TEM eskualdeko hizkuntza politika bateratua diseinatzeko lehen pausoa izango da; izan ere, hemendik aurrera, taldeak 2022 eta 2023 urteetarako euskararen normalizaziorako estrategikoak izan daitezkeen esparruetako plana landuko du.
Tolosaldea Euskal Herriko zonalde euskaldunenen artean kokatzen da egun. Udalerriko euskara taldeak aurkeztutako datuen arabera, eskualdeko herritar gehienak euskaldunak dira: Tolosaldeko biztanleen % 75 euskal hiztuna da, beste % 10ak euskara ulertzen du, eta belaunaldi gazteenak unibertsalizazioaren bidean daude. Galtzaundi taldetik adierazi dute testuinguru horretan, «posible» dela «Tolosaldean euskara harremanetarako, gozamenerako eta lanerako hizkuntza nagusia izatea, erabateko unibertsalizazioa lortzeko urratsak egitea, eta, horrela, hizkuntzen indarberritze eta normalizazioan erreferente izatea, benetako arnasgunea euskararentzat».
Publicidad
UEMAk eta Galtzaundik gidatuko dute eragile instituzionalen eta sozialen eskualdeko bilgunea. Tolosaldeko Euskaren Mahaiak ez du berariazko nortasun juridikorik izango momentuz, helburuak betetzeko koordinazio eta exekuzio mahaia izango da behin behinean. Eskualdeko udalei dagokie zehaztea mahai honek aurrera egiteko behar duen egituratze eta antolamendu juridikoa. Horrela, TEM herri erakundeetako ordezkariek zein gizarte eragileek osatuko dute: Tolosaldeko 23 udalek, UEMAk, Galtzaundi Euskara Taldeak eta Larramendi Bazkunak.
Euskararen Mahaiaren barne antolaketari dagokionez, berriz, arloz arlo banatuko da: batetik, erabaki estrategikoak hartuko dituen bilgunea edo batzarra eratuko dute eragile guztiek. Batzorde eragileak, berriz, batzarretako gaiak proposatu, adostu eta landuko ditu. Tolosaldeko teknikarien mahaia: Udaletako euskara teknikariek, UEMAko teknikariek eta Galtzaundiko teknikariek osatzen dute foro teknikoa. Azkenik, gai konkretuak lantzeko azpi-batzordeak sortuko dituzte, hala nola, euskalduntze-alfabetatzea, hezkuntza edo bestelako gaiak lantzeko.
Publicidad
Eskualdeko ondoko udalek sinatu dute hitzarmena: Aduna, Alegia, Alkiza, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Berastegi, Bidania-Goiatz, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkilgo udalak. Era berean, bestelako erakundeek zein euskalgintzan jarduten diren ordezkariek ere gonbidatu gisa parte hartzeko aukera izango dute.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión