Miren Agirrezabala eta bere seme Jose Antonio Elosegi. BAZTARRIKA

«Ordizian gazta onenaren saria lortzearen parekoa da sagar lehiaketa irabaztea»

Oñatibi Txiki baserriko ekoizleek irabazi dute errezil sagarra ardatz duen lehiaketaren XX. edizioa

ARANTZAZU BAZTARRIKA

Gabiria.

Miércoles, 1 de diciembre 2021, 00:11

Bereziak izan dira duela egun batzuk Gabirian ospatu diren Errezil Sagar Lehiaketa eta Baserriko Produktuen Azoka hainbat arrazoirengatik: XX. edizioa izan delako, eta Erbie elkartea Errezil sagarra ardatz zuen lehiaketa eta azoka hau antolatzen hasi zenetik 25 urte pasa direlako.

Publicidad

Alabaina, edizio hau bereziki aparta izan da Oñatibi Txiki baserriko ekoizleentzat. 25 urtez eta XX. ediziotan, bai lehiaketan eta bai azokan, parte hartu izan badute ere, aurten lortu dutelako lehenengo aldiz puntuazio altuena erdiestea ekitaldiari izena ematen dion Errezil Sagar Lehiaketan.

Aurreko edizioren batean edo bestean hoberenen artean sailkatuta egon izan dira. Dena den, lehiaketa honetan banatzen ziren lau sariak berdinak ziren arren, lehenengo sailkatuak izateak bestelako poza sentiarazi zien, lana ongi egiten ari direnaren satisfazioa, eta baita ohore puntu bat ere. Beraien esanetan Gabiriako plazan sagar lehiaketa honetan egoten den kalitate eta konpetentziarekin irabaztea «Ordizian gazta hoberenaren saria irabaztearen parekoa da, edo txirrindularitzan Frantziako Tourra irabaztea bezala».

Oñatibi txikikoentzat, Gabiriako Errezil sagarrak izen ona duela ere nabarmena da, lehiaketak sustatuta, jendea zehazki horren bila etortzen da, erosleek biziki estimatzen dute. Izena izatetik hartua dela argi dute, ingurune guztia kolore natural hori-horiko sagar ederrez josita dago, eta sagar mota hori ekoizteko zona aproposa da.

Sagarrak Miren Agirrezabalaren izenean aurkeztu zituzten lehiaketara. Oñatibi Txikiko agintzaileak, egun, 85 urterekin plazaz plaza ibiltzeari utzi badio ere, duela 60 urte inguru baserriko produktuak azoketara eramaten bera hasi zen. Egun, bere semeek hartu dute erreleboa, gehien bat, Jose Antonio Elosegi arduratzen da azokara joateaz eta eguneroko lanez. Erreleboa hartzearekin batera sagarrari garrantzia emateko apustu itzela egin zuten Elosegi anaiek. Aurretiaz sagasti ederrak bazituzten ere, beste bi jarri dituzte martxan, bat 1000 sagarrondoz osatua eta bestea 400 sagar-arbolez. Lehenengoan, 500 inguru Errezil sagar barietatekoak dira, eta bigarrengoan 300 inguru; besteak berriz piska bat denetik, esaterako Belle de Boskoop, Golden, Idared, edo Pink Lady-koak.

Publicidad

Sagarrondo berri hauek lana ere asko gehitu die, urte guztian egon behar delako adi, zaintza behar-beharrezkoa da: neguan inausi; udaberrian ongarria bota, edo ardiak sartzea beraiek ongarritzeko, baina bestela ere mineralik ez dadila falta zaindu; udan inguruko belarrak moztu, eta bertan utzi ongarri moduan; eta udazkenean sagarrak bildu eta aukeraketa egin, sagardotegirako, sagar zukua egiteko eta bere horretan saltzeko. Horrez gain, harjoa ere zaindu beharra dagoela nabarmendu dute.

Aurtengo uzta jasotzen irailean hasi ziren, eta 500 kilo sagarreko bost tanda dagoeneko zukutu dituzte Zaldibiako Goizane Zentroan. Sagardotegietara ere eraman dituzte aurtengoz nahikoa. Baina oraindik sagar ugari dute, baita jasotzeko ere, aurten sagar urtea izan delako, eta arduratuta daude. Gainera, sagarrak jateko garaia oraintxe da, bai bere horretan edo baita konpotan edo erreta ere, gero sagarrek bizitasuna galtzen omen dutelako.

Publicidad

Azoka garrantzitsu asko bertan behera gelditzen ari dira, eta horrek baserritarrei kalte handia eragingo die. Antzematen dute dagoeneko erosleak azokara joateko dinamika galtzen ari direla, eta bertan behera gelditzeak azoka esanguratsu batzuk hauen segurtasuna zalantzan jartzen dute. Baserritarrek lana erruz eginagatik ere, ondoren azokan erakutsi behar da emaitza, eta egungo neurriek eta laguntza faltak baserritarren lana oraindik ere eskergagoa bilakatzen du, itxura txarra hartu du egoerak. Hala ere, Oñatibi Txikikoek ez dute etsiko, azoketara joaten jarraituko dute, asteazkenero Ordizian eta larunbatero Tolosara sagar, sagar zuku eta baserrian dituzten bestelako produktu batzuekin.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad