Alkiza
Oilategitik aldizkariko kideek botako dute jaietako txupinazoa ostegunean Alkizan25 urte bete ditu aurten herriko aldizkariak, iraileroko zita finkoa bihurtuta
Alkiza
Martes, 2 de septiembre 2025, 20:13
Mende laurden bete du Oilategitik herri-aldizkariak. Urte hauetan guztietan iraileroko zita finkoa bihurtu da, baita dokumentazio-iturri, herrigintzarako tresna eta herritarren adierazpenerako bide. Horregatik, hainbat ekitaldi antolatu dira urteurrena ospatzeko. Lehenengoa bihar bertan izango da: aldizkariko kideek jaietako suziria piztuko dute.
Publicidad
Txupinazoa 2025eko alearen aurkezpena izango da eta, horren baitan, irakurgai izango denaren xehetasunak azalduko dituzte. Gainera, beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte datozen hilabeteetarako urteurrena ospa-tzeko, besteak beste, aldizkariaren ibilbidea errepasatzen duen erakusketa eta musika emanaldia, azaroan egingo direnak.
Suziria bota aurretik, hala ere, haurrek irekiko dute egitaraua eta beraientzako jolasak antolatuko dira arratsaldeko 16:30etik Aurrera bihar ostegunarekin. Txupinazoa 20:00etan botako da. Ondoren, herri afaria egingo da Ostatuan eta, jarraian, Julen Labaka eta Gorka Valdesen eskutik erromeria.
Festak astelehenera arte luztuko dira. Ostiralean mozorro eguna ospatuko dute. Goiz guztian puzgarriak egongo dira haur eta gaztetxoentzat. Arratsaldean, herriko beteranoen arteko pilota partidak jokatuko dira 17:30etik aurrera, ondoren umeen play back jaialdia izango da eta 21:00etan barrikotea. Afalondoren, Etxebarria aita-semeen eskutik erromeria eta, jarraian, helduen play back emanaldiak.
Larunbatean, haurren txirrindulari lasterketa antolatuko da 10:30etik aurrera. Eguerdian helduen toka txapelketa hasiko da. 17:00etan Alkizako eta Bidaniako gazteen arteko herri-kirol lehia jokatuko da eta, ondoren, sagardo dastaketa egingo da. 22:00etan bertso Saioa egongo da Alaia Martin, Sebastián Lizaso, J. M. Irazu, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio eta Andoni Egañarekin. Amaia Agirre arituko da gai jartzen. Gauerditik aurrera, 3ttu erromeria taldearekin dantzaldia.
Publicidad
Igande eguerdian herri kirol saioak emango dio hasiera egitarauari. Mikel Larrañaga eta Ugaitz Mugertza aizkolariak, eta Mikel Lopetegi 'Urra', Paulo Azpiazu, Ainitze Zumeta eta Malen Morandeira harri-jasotzaileak arituko dira. Ondoren, txakolin dastaketa egingo da.
Arratsaldean, Aukeran taldeak 'Aiurri' emanaldia aurkeztuko du eta, segidan, Ostilaza eta Larrañaga trikitilariekin erromeria egongo da, Eko-Taloren mokadutxoekin batera.
Astelehenean amaituko dira festak. 13:00etan meza eskainiko da eta, ondoren, jubilatuen bazkaria izango da. 17:00etan, zirku tailerra eta aurpegi markoketa egongo dira eta, 18:00etan umeen pilota partiduak.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión