Mattin eta Inaxio, kaxak gainbegiratzen. ARGAZKIAK NÚÑEZ

«Ilusioa egiten diguna lorebakarrak bilatzea da»

Mattin Jauregi eta Inaxio Arinek Balerdipeko erleen ezti eta gainontzeko produktuak merkataratzen dituzte

AMAIA NÚÑEZ

ikaztegieta.

Domingo, 19 de diciembre 2021, 00:18

Erleak langile finak direla ezaguna da eta beraiek ekoitzitakotik produktu aukera zabala aprobetxatzen dugu gizakiok. Erleen lanaren fruitua baliatuz proiektu berria jarri dute martxan Mattin Jauregik eta Inaxio Arinek. Duela hilabete gutxitik Balerdipeko erleen ezti eta gainontzeko produktuak merkaturatzen dituzte.

Publicidad

Mattin Jauregi ikaztegietarra duela lau urte hasi bazen ere, «beti iruditu izan zait mundu interesgarria eta ikastaro bat egin nuen Hazi fundazioan»; 2021a izan da jauziaren urtea. Hasieran etxerako egiten zuen, baina pixkanaka ekoizpena handituta aurten Inaxio Arin tolosarrarekin indarrak batu ditu. «Lagunak gara eta Mattinek esaten zidan 'etorriko zara erletara laguntzera?'. Horrela hasi nintzen, laguntzeko asmoz. Pixkanaka gustatzen hasi zitzaidan eta Mattinek proposatu zidan kaxa batzuk hartzea», dio Arinek.

Biak Gipuzkoako Erlezain elkarteko kide gazteenetakoak dira, gazteenak ez badira, 23 urterekin. Jauregi Bedaion hasi zen lehenengo kaxekin, baina jada Ikaztegietan eta Arbizun ere badituzte.

Lehengo igandean Altzon ospatu zen Tolosaldeako Ezti Txapelketa irabazi zuten, Zegaman egiten den Gipuzkoako Txapelketarako sailkatuz. Jauregik eztia egin zuen lehen urtean ere parte hartu zuen, «baina saririk ez nuen lortu. Hasiberria nintzen eta ez nekien nola funtzionatzen zuen mundu honek». Aurten aldiz, «txapelketara begira bagenekien zertan ez genuen akats egin behar. Gure esku zeuden puntuak kontrolatu genituen: garbitasuna, filtrazioak, itxura...», azaltzen du. «Azkenean erleek egindako lana da. Ez da guk egiten dugula eztia. Guk egiten dugun bakarra ezti hori izorratzea da». Honela, argi du beraien lana «ezti hori ez izurratzea dela, txapelketa baterako edo jendeak jan ahal izateko».

Erleengandik ez dute eztia bakarrik lortzen, «Gipuzkoa bezalako tokiak ez dira erleak ezti asko egiten duten tokiak, hezetasunagatik, euriteengatik», diote eta beraiek ere erleek sortutako produktu aukera zabala ateratzen dute: propoleoa, argizaria, polena, baita kakaoa, jaboia eta ezti-ura edo hidromiela ere.

Ekoizpena beraiek egiten dute ia osotasunean, jaboiak ezik. «Jaboiak Izpiliku kosmetikak egiten ditu. Beraiei interesatzen zitzaien gure eztia eta propoleoarekin jaboi mota ezberdinak ateratzea, eta guri ere bai beraien eskulanarekin jaboi mota hori eztiarekin saltzea», azaltzen du Mattinek. «Kakaoa guk egiten dugu. Ezti-ura ere, edari interesgarri bat da, inportantzia gehiago eman nahi dioguna». Edari hori ura, eztiarekin nahastuz sortzen da. Eztiak duen azukrearekin, legamia gehitzen diote, eta hartzitu egiten da. Ezti zaporeko edari bat lortzen da, alkohol pixka bat duena.

Publicidad

Datorren urteari begira «ideia berri dexente» dituztela onartzen dute. Eztiari dagokionez, lorebakarretara bideratu nahi dute ekoizpena eta horretarako transhumantzia egiten hasiko dira, hau da, kaxak lursailez mugituko dituzte nahi duten lore-inguruneak bilatuz. «Ilusioa egiten diguna da lorebakarrak bilatzea, eta transhumantziarekin erleak alde batetik bestera mugituko ditugu lorea dagoen tokiak bilatzeko: erromeroa, izpilikua, txilarra, edo dena delakoa», azaltzen du Mattinek.

Gabonei begira ere, produktu sorta zabalarekin saski bereziak osatu dituzte. Jaboia, propoleoa, kakaoa eta basoko eztia dute saskiek, «uste dugu opari polita izan daitekeela», dio Inaxiok. Gehienbat sare sozialen bidez egiten dute salmenta, baita Ikaztegietako eta Baliarraingo kontsumo taldeetan, eskaripean. Horiez gain Ikaztegietako Ostatuko dendan eta Legorretako Bizi dendan ere aurkitu daitezke Balerdipeko erleen produktuak.

Publicidad

Oraingoz abian den proiektua da eta beraien ohiko lanarekin tartekatzen dute erlezaintza. «Guk daukagun eztia lortzen dugu saltzea, baina gehiago beharko genuke bertatik bizi ahal izateko». Izan ere, erleek dituzten bi arazo handienei aurre egin behar izan diete: liztor asiatikoa eta barroasis gaixotasuna. «Nafarroako erlategian ez dugu momentuz liztorrarekin arazorik, oraingoz ez delako liztor asiatikoa haraino iritsi. Baina Ikaztegietan eta Bedaion urtero liztorraren kulpaz baja asko edukitzen ditugu», erlauntza asko hiltzen zaizkie. Barroa akaroarekin berriz, «ahal den kontrol hoberena eraman» behar da eta «dirudienez nahiko ondo kontrolatu dugu».

Orain Zegamako Txapelketan dute jarrita begi-bista. «Gipuzkoako eztia aurkeztu beharra daukagu. Nik uste dut Bedaiokoa presentatuko dugula, mila-lorea». Aukerak ikusten dituzte, aurtengo txapelketa irekia egongo delako, izan ere, osasun egoerak zailduta, eskualdeko txapelketa batzuk ezin izan dira egin. «Aurten txapelketa nahiko irekia dago».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad