Euskararen inguruan sentsibilizatzeko tailerra
LH6ko ikasleekin egin da, datorren ikasturtean topatuko duten inguru erdaldunagoan beraiek izango duten paper garrantzitsuaz ohartzeko
IKER AIZPURUA
Sábado, 11 de junio 2022, 00:11
'Bagoaz' tailerra, UEMAko arnasguneen hezkuntza proiektuan kokatzen da eta gazteek euskararen inguruko kontzientzia hartzea du helburu nagusitzat; hizkuntzen arteko harremanak ondo ezagutuz, euskaldun gisa ahaldundu eta aktibatu ahal izateko. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Idiazabalgo Udalak eta Aita Iparragirre herri eskolak elkarlanean antolatutako saioa izan zen hau.
Publicidad
Idiazabalgo Aita Iparragirre Herri Eskolan LH6ra arteko eskaintza dago, hemen amaitzean, DBH eta batxilergoa egitera Beasain zein Lazkaora joan ohi dira gazteak. Arnasgune bateko errealitatetik euskalduna ez den beste batera egiten dute salto ikasle horiek. Hori dela eta, oso garrantzitsua da, LH6ko ikasleekin zuzenean egon, eta datorren ikasturtean hizkuntza ohituretan aurkitu ditzaketen aldaketen inguruan hausnartzea, inguru erdaldunago batera joatean beraiek izan dezaketen paper garrantzitsuaz ohartzeko.
Gauzak horrela, UEMAko teknikari baten gidaritzapean solasean eta jolasean aritu ziren gazteak aurkituko duten eszenatoki berri horretara hurbilduz. Ondorengoak izan ziren ateratako ondorioetako batzuk: ikasgelan euskarak du presentzia handiena, ia ikasle guztiek hitz egiten dute erabat euskaraz. Etxean ere euskarazko erabilera oso altua da. Kalean, ordea, aldatu egiten da egoera, gaztelaniara asko jotzen baitute. Ikus-entzunezkoen kontsumoarekin ere berdin gertatzen da, gaztelaniara jotzen dute euskarazko eskaintza urria dela eta. Musika, nahasian entzuten dute, horrela gustatzen zaielako.
Saioarekin amaitzeko, ikasleen hausnarketa bultzatze aldera, hurrengo urtean kanpora ikastera joan eta aurkitu dezaketen egoeraren aurrean jarri ziren ikasleak. Beraiek euskaraz egin eta trukean gaztelania entzuten badute, beraien papera babesteko eta parean dutena euskaraz aritzera animatzeko trebatzen aritu ziren.
Saioaren ebaluazioa erabat positiboa izan zen, guztiak gustura aritu baitziren eta hori ere beharrezkoa da euskarari eutsi diezaioten eta inguruko herrietan ere Euskararen arnasa zabal dezaten.
Pilota txapelketa
Idiazabalgo pelota eskolak antolatuta, bihar izango dira 2022ko San Adrian Txapelketako finalak. Igarondo pilotalekuan izango dira 17:00etatik aurrera. Aurrebenjaminen lehenbiziko urtean, Barreros eta Remiro, Iparragirre eta Munarrizen aurka arituko dira. Aurrebenjaminen 2. urteko finala aldiz, Aldanondo eta Galparsororen artean izango da. Benjaminetako aurreneko urtekoa, Barandiaran eta Eliok jokatuko dute. Benjaminen bigarren urtean, Ariztimuño eta Ruiz izango dira aurrez aurre. Azkenik, alebinetan, aurreneko urtean, Mendizabal eta Serrano izango dira aurrez aurre eta bigarrengoan, Gorostizu eta Mujika.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión