Aritz Aierbe astoekin batzuekin. ANÚÑEZ
Berastegi

«Astoarekin pisurik gabe zoaz eta autonomia ematen dizu herrira jaitsi behar ez izateko»

Aritz Aierbe eta Elena Irigoienek Astotrek sortu zuten duela urtebete, ibilaldiak egiteko astoak eskaintzen dituen proiektua

AMAIA NÚÑEZ

Domingo, 4 de septiembre 2022, 00:05

Munduan zehar egindako bidaia batek ordura arte zeramaten bizimodua aldatzeko gogoa piztu zien Aritz Aierbe eta Elena Irigoien bere emazteari. «Erdi eta Hego Ameriketan eta Asian barrena bidaiatu genuen bi urtez eta bueltatu ginenean gure bizimodua aldatu nahi genuen», gogoratzen du Aierbek. Pentsatu eta egin, baratze bat eta abere batzuk jartzeko lursail bat aurkitu zuten Berastegin, hor sortu zen Astotrek denaren oinarria, astoarekin ibilaldiak egiteko aukera ematen duena.

Publicidad

Ardi batzuk, txerriak eta mando bat jarri zituzten lursailean. «Mandoarekin irteerak egiten hasi ginen oporretan. Adibidez, hemen inguruan GR-12ko ibilbidea egin genuen lagun batzuekin: zazpi egunez mendian herrietara ezertarako jaitsi gabe. Behar genuen materiala eta oinarrizko janaria mandoan eramaten genuen», azaltzen du. Lagunei esperientzia gustatu zitzaien, «pisurik gabe zoaz eta autonomia ematen dizu herrira jaitsi behar ez izateko», eta pixkanaka ibilaldi mota horietan sakontzen joan ziren.

Hemen inguruan ez dago horrelako kulturarik, baina Frantzian zein Europako beste herrialdeetan zabalduago dagoela aitortzen du. «Araian dago horrelako toki bat eta Katalunian bi daude, bata Gironan. Gu berarekin egon ginen hasi aurretik ikastaroak egiten, astoak hobeto maneiatzen ikasteko, eta abar», azaltzen du Aritz Aierbek.

Izan ere, mando hura oraindik badute baina ondoan zortzi asto gehiago ditu: Ron, Ambrosio, Kami, Luki, Xani, Meski, Jai, Ameron y Lola, eme bakarra dena; zaharrenak 16 urte ditu eta gazteenak urtebete, baina 40 urte bizitzera iritsi daitezke. «Mendizale batzuk mando batekin irteera bat egiteko asmotan zebiltzala jakin genuen. Orduan bi asto ekartzea pentsatu nuen, eta beraiekin joatea gehiago ikasteko».

Astoak mandoen guztiz ezberdinak zirela konturatu zen. Nahiz eta burugogor ospea izan «oso animalia otzanak dira, mandoa baino maneiatzeko errazagoak. Oso lasaiak dira. Antzina lanerako erabiltzen zituztenean batek baino gehiagok joko zien, eta horrela normala da kasurik ez egitea, pertsonok ere ez genuke hori onartuko. Oso bizkorrak dira, oroimen ona dute eta gaizki egiten badiozu gogoratu egiten dira», dio. «Asko eskertzen dute beraiekin egotea, garbitzea, paseotxo bat ematea...», azaltzen du, gehituz, «taldeko animaliak dira, beraien artean lagunak egiten dira. Horregatik, ibilaldietarako bi eraman behar baditugu, lagun minak diren biak hartzen ditugu. Bat eramanda, bestea kexuka geratzen da berarekin joan nahi duelako».

Publicidad

Baina beren ideia martxan jartzeko azken bultzada eman ziena izan zen «Elenak lantokian jakin zuen frantses bat, telebistako aurkezle bat, hemen inguruan ibilaldi bat egiteko asto bila zebilela eta ez zituela aurkitzen», gogoratzen du, «horretan lan egiten saiatzea proposatu nion».

Ibilaldiak eta irteerak

Une honetan ibilaldiak egiteko Enkarterriko arrazako astoak ditu ia denak. «Gehienez ere 40 kiloko pisua eramaten dute. Bidaietan materiala eramaten dute, ez dira gainean ibiltzeko. Haurrak bakarrik ibiltzen dira gainean antolatzen ditugun paseoetan», azaltzen du.

Publicidad

Astotrek martxan egon den urte betean denetariko lekuak ezagutu dituzte Aritz Aierberen astoek. «Hemen inguruan bi orduko ibilaldiak egiten ditugu Leitzarango Plazaolako bidean barrena. Batzuetan Andoaineraino ere joan izan gara, edo bertatik hasi eta hemen bukatu», dio. Asteburu honetan, esaterako, astoetako bat Pirinioetara joango da egun batzuetarako zeharkaldi bat egitera eta joan zen urtean ospetsu egin zen 'Meski', korear talde batekin Santiago bidea egin zuenean Orreagatik hasi eta Santiagoraino. «Bi hilabete eta erdi egon zen etxetik kanpo. Esperientzia ona izan zen, oso ondo zaindu zuten, baina denbora asko da astoak ia ikusi gabe egoteko, janaria eramatera joaten ginen arren. Aurrerantzean denbora gutxiagorako irteeratan joango direla erabaki dugu».

Izan ere, Aierbek berak irteera batzuk gidatzen baditu ere, astoak bakarrik ere alokatu daitezke. «Nola erabili erakusten diegu, janaria ematen diegu eta gero beraiek moldatzen dira», adierazten du. Gipuzkoarrak dira bezeroetako asko, baina kanpotarrek ere bilatzen dute astotrek.eus webgunearen bitartez, «Herbereetakoak, frantsesak, suitzarrak... hemen baina ohituagoak daude astoarekin bidaiatzera».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad