Ez da 2019ko udaberria. Gibraltar da, herenegun. REUTERS/Jon Nazca

Beti bat eta konpainia

hirugarren olatuan ·

Neu naiz, edo beste batzuek ere bazabiltzate behin eta berriro puntu berera itzultzearen sentsazioarekin? Ari zarete pairatzen 'yenka sindromea'?

Lunes, 29 de marzo 2021, 20:57

Marmotaren eguna. Déjà vu. Sisifo behin eta berriro, beti alferrik, harriari bultzaka mendian gora, eta gero haren atzetik korrika, mendian behera. Isatsa irentsi ondoren izaera zirkular eta birakarira kondenatutako uroboroa. Astoak itzulinguruka, errotarriari jiraka.

Publicidad

Neu naiz, edo beste batzuek ere bazabiltzate behin eta berriro puntu berera itzultzearen sentsazioarekin? Ari zarete pairatzen 'yenka sindromea'? Ezkerra, ezkerra, eskuina, eskuina, aurrera, atzera, eta buelta osoa hiru saltotxotan. Horrenbeste kontu eta kantu, tokitik ez mugitzeko.

Pandemia kontuetan, momentuz, beste horrenbeste. Aurreneko olatua: «Euskadi fía al compromiso ciudadano que la epidemia no vaya a peor» (2020/03/11). «Urkullu insta a no bajar la guardia para no echar por tierra todo el trabajo realizado» (2020/04/05). Bigarren olatua: «Urkullu apela a la responsabilidad personal para frenar la pandemia» (2020/10/30). «El Gobierno Vasco llama a ser estrictos con las medidas porque la situación es grave» (2020/11/02). Hirugarren olatua: «El lehendakari llama a la responsabilidad de la sociedad para atajar la propagación y advierte de que la situación es extremadamente grave» (2021/01/05). Hiru eta erdigarren olatua: «El lehendakari apela a la responsabilidad ante el repunte de la pandemia» (2021/03/26).

Itxaropena ezin da erabat galdu, beti agertu daitekeelako inertzia astinduko duen indarren bat

Ez da ba izango abisatu ez digutelako. Ez da ba izango gehienok –askok eta askok bai behintzat– jaramon egin ez diegulako. Zergatik izango da, ba? Zeren eta laugarren aldiz baikaude berriro tunelaren ahoan. Aurrenekoak oharkabean harrapatu gintuen. Konforme. Bigarrenak, eskarmentu gutxirekin. Tira. Hirugarrenak jainkotuta, Gabonak salbatzeko misioarekin. Darias ministroak –orduan karguan ez zegoenak, bide batez– onartu du ez zela erabakirik egokiena izan. Ez dakit gurean inork antzekorik esan duen, agian bai, ez dut entzun, distraituta nabil. Esan badu ere, ez dakit nik zertarako balio duen kontrizioak ontzeko asmorik gabe, eta ez dugu asko ondu azken asteotan, aurreko tunelaren irteeran egon beharrean hurrengoaren sarreran baldin bagaude.

Laugarren olatuaren atarian egoteak esan nahiko du, zer bestela, ezgauza garela itxita gauden zirkulutik irteteko. Eta atera beharko gintuzten horiek ere ez dutela asmatzen nola. Lasai, ez dut bat egingo norberaren arduraren eta arduradunen jardunaren gaineko kalapitarekin, horixe delako zirkulu biziotsuetan biziotsuena.

Publicidad

Bueltaka-bueltaka, iritsi naiz behintzat bosgarren zutabera. Kontatzeko gauza berririk gabe honaino heltzea ez da malaka. Izan ere, miresten ditut hamabostean behin ur freskoz betetako putzuak aurkitzen dituzten lankideak, baina ni nabil agintari asko bezala, beti bat eta konpainia moduan. Edo behiak bezala, hausnarrean, mokadu berari bueltak eman eta eman. Ez dut honekin esan nahi gogoetarako kapazidade handirik daukadanik. Esan nahi dut buelta asko eman behar diodala bazka pandemikoari, ez zaidalako eztarritik behera pasatzen, edo kontrako eztarrira joaten zaidalako sarriegi.

Baikortasuna garesti saltzen da, berri pozgarri batek ondoan izan beharko balu bezala ifrentzu goibela

Edonola ere, ez dut nire burua zigortuko. Gizakiak milaka urte baldin badaramatza beti bueltaka gabiltzala irudikatzen duten alegia, mito, proposamen filosofiko eta beste sortzen, agian heldu da etsi eta amore emateko garaia. Edo adina.

Publicidad

Hala ere, itxaropena, Newton mediante, ezin da erabat galdu, beti agertu daitekeelako inertzia astintzeko eta mugimendua aldarazteko gai den indarren bat. Orain arte erabili diren baliabideek –informazioa, datuak, limurtzea, isunak, zigorrak, madarikazioak...– izan duten arrakasta ikusita, joko-aldatzaile nagusia, bakarra ez bada, txertoak izan daitezke. Ari dira han-hemenka sortzen ahalera saihestea ahalbidetzen duten kasuak.

Baina gurean baikortasuna garesti saltzen da, berri pozgarri batek ondoan beti eduki beharko balu bezala ifrentzu goibela. Gotzone Sagardui Osasun sailburu zuhur eta etorkizunerako gordetzearen aldekoak baieztapen animosoak egin zituen atzo, azalduz udararako herritarren %70ek txertoa jarrita edukiko dutela... «horretarako nahikoa txerto baldin badago». Beti bat eta konpainia.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad