Arazoei aurrea hartu, arriskuak gutxiagotu
Arazoei aurrea hartzea ezinbestekoa izaten da haiek saihestu edo haien eragina txikiagotzeko; horretarako hartu behar izaten diren neurri edo erabakiak, ordea, ez dira beti guztion gustuko izaten
Dermatosi nodularra
Abererik ez da izango azaroko azoketan kutsadurak saihesteko
Gurean oraindik ere dermatosi nodularrez kutsaturiko abererik hauteman ez bada ere, Nafarroako Gobernuak nahiz Eusko Jaurlaritzak abere azokak debekatzeko erabakia hartu dute prebentzio moduan. Debekua azaroaren 30era arte luzatuko da eta horrek hainbat hitzordutan izango du eragina. Hala, azaroaren 8an Tolosan egitekoa zen frisona arrazako Euskal Herriko txapelketa bertan behera geratu da eta Itziarko azaroaren 1eko feria, Mutiloako txerri eguna, Soraluzeko Gaztañerre edota Zegamako San Martin eta Eibarko San Andres azokak ere oso bestelakoak izango dira aurten... Eta oraingoz Zumarraga eta Urretxuko Santa Lutzi libratzen bada ere, ikusi beharko da. Izan ere, neurria gehiegizkotzat jo duenik bada ere, behiei eragiten dien gaitza izanik debekua abere guztiengana zabaltzen delako, kontuan izan behar da intsektuek transmititutako gaitz honek eragin handia duela eta aziendako buru bat kutsatuta egonez gero, denak hil behar dira. Kalteak hain handia direnean prebentzioak ez dirudi soberako kontua.
Publicidad
Txertaketa zentroa
Covidaren pandemiako irudiak itzularazi ditu aurtengo gripeak
Bide beretik, prebentzioa areagotze aldera ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak txertaketa zentro bat ireki berri dute Bilboko La Casilla pabiloian herritarrak gripearen aurrean «ahalik azkarren immunizatzeko» helburuaren, gaixotasun horren intzidentzia ohi baino lehenago igoko dela aurreikusten baitute. Iazko urte sasoi honetako datuekin alderatuta, kutsadurak hirukoiztu egin dira jada Bizkaian. Eta Covidaren pandemia garaira eramaten gaituen irudia izanik, neurriak harrera bikaina izan duela esan behar da, lehen egunean ilarak ere sortu baitziren. Txertoekiko konfiantzak, aurkako mugimenduek gora eginagatik, indartsu jarraitzen duenaren seinale. Eta hori ez da albiste txarra.
Bularreko minbizia
Osasuna zaindu beharko lukeen sistemaren huts egite onartezina
Prebentzioa ere funtsezko tresna da, jakina denez, minbiziaren intzidentzia eta hilkortasuna murrizteko eta horrexegatik ulertezina bezain onartezina da Andaluzian bularreko minbiziaren baheketekin gertaturikoa. Eta mingarria, eskandalua kudeaketa kaskarretik haratago doala baitirudi. Juntak berak emandako datuen arabera, 2.300 emakume baino gehiago dira kaltetuak, euren osasuna ustez zainduko zuen sistema baten esku utzi ostean, ez zegokien zurrunbilo batean sartuta daudenak. Berriki argitaratu den ikerketa baten arabera 90 egunetik gorako atzerapenak hirukoiztu egiten du heriotza-arriskua bularreko minbiziaren kasuan. Samingarria.
Arantxa Urretabizkaia
Zer nolako zahartzaroa nahi dugun bilatzeko gonbita
Prebentziora ez, baina nolabaiteko aurreko lanketa edo hausnarketa bat egitera gonbidatzen gaitu -oraindik etapa horretara iritsi ez garenoi bederen- Arantxa Urretabizkaiak kaleratu berri duen 'Zahartzaroaren maparen bila' (Pamiela) saiakeran norberak bizi nahi izango duen zahartzaroa bilatzera alegia.«Eztabaida dezagun zer-nolako zahartzaroa nahi dugun; aukeratu dezagun. Aurrekoek ezin izan zuten», nabarmendu du. Eta argi utzi du, gainera, geure afera dela. «Erantzukizuna ez da erakundeena bakarrik, norbanakoena da. Guk sortu behar ditugu espazio horiek. Erakundeak atzetik datoz beti».
Mikel Goñi
Erretiroa hartu ostean ere zaleei odola irakitan jartzen dien pilotaria
48 urterekin ezin esango dugu Mikel Goñi zahartzarora iritsi denik, baina bai kirolarien zahartzarora nolabait esatearren, eta gorabehera askoren ostean, baztandarrak bere espazioa topatu duela dirudi. Eta espazio horretan bakarrik ez dagoela, gainera, zaleen babesa izaten jarraitzen duela. Gaur Galarretan izango dugu, Palestinaren aldeko jaialdian, eta eta partida iragartzen zuen albistea egunkari honetako webgunean irakurrienetakoa izan zela kontuan harturik ikuslerik ez zaio faltako. Ikuskizuna ere bermaturik dagoela esango genuke.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión