Ikasleen jarduera fisikoaren aldaketak aztertuko dituzte
Konfinamenduan dauden milioi erdi ikaslek osatuko dute EHU buru duen proiektuaren lagina
DV
Donostia
Miércoles, 22 de abril 2020, 13:45
Estatuko 16 unibertsitateko partzuergo batek proiektu bat egingo du covid-19 gaitzaren izurria dela-eta konfinamenduan dauden unibertsitate ikasleen ariketa fisikoan izandako aldaketak aztertzeko, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) AgeingOn taldea da partzuergoren buru. Konfinamenduko ohitura aldaketen eta osasun parametroen eta bizi kalitatearen aldaketen baldintzatzaileak ere aztertzea aurreikusi da.
Publicidad
EHUk iturriek jakinarazi dutenez, proiektua martxan jartzeko, sareko galdetegi bat bidaliko zaie Ariketa Fisikoaren eta Osasunaren Sarea (Exernet) osatzen duten unibertsitateetako 500.000 ikasleri (EHU ere sare horretan dago).
«Azterlan hau parekorik gabeko ikerlan bat da nazioartean, bai ziurgabetasun aldi honetan unibertsitate ikasleek dituzten ezaugarri eta egoeragatik, bai konfinamenduaren baldintzak gogorragoak izan direlako Espainiako Estatuan munduko herrialde gehienetan baino, jarduera fisikoa egiteari dagokionez«, Jon Irazusta AgeingOn taldeko ikertzaile nagusi eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko katedradunak azaldu duenez.
Bere iritziz, azterlanaren emaitzei esker, estrategiak diseinatu ahal izango dituzte, unibertsitate ikasleek konfinamenduaren ondoren jarduera fisikoko ohituretara bueltatu ahal izan daitezen. Gainera, neurriak hartu ahal izango dituzte, «etorkizunean antzeko egoerak bizi behar baditugu».
Hiru fase
Proiektua hiru fasetan garatuko da: bat konfinamenduan zehar (konfinamenduaren aurreko eta konfinamenduko jarduera fisikoa alderatuko da) eta beste biak konfinamendua amaitu eta hilabetera eta bi hilera. Aurreikusi dutenez, azterlanaren lehen faseko emaitzak uda baino lehen egongo dira prest. «Lehen emaitza hauekin estrategiak proposa ditzakegu, efektu kaltegarri posibleak leheneratzeko eta konfinamenduak eragin dituen ohitura onuragarri posibleei eusteko», esan du Irazustak.
Publicidad
Ariketa Fisikoaren eta Osasunaren Sareak (EXERNET) jarduera fisikoko eta osasuneko estatuko ikerketa taldeak biltzen ditu, eta biztanleria talde berezien ikerketa koordinatzea, harmonizatzea eta dibulgatzea du helburu.
Goi mailako hezkuntzako 16 daude sarean: EHU, Cadizko Unibertsitatea, Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Granadako Unibertsitatea, Las Palmas Kanaria Handiko Unibertsitatea, Leongo Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Sevillako Unibertsitatea, Valentziako Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea, Castelloko Unibertsitatea, Miguel Hernández Unibertsitatea eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión