Milaka pausu hezkuntza eraldaketan
Hezkuntza sistema propioa eraikitzeko deia egin zuen Ikastolen Elkarteak pedagogia berriak ezartzeko laguntza jaso zen egunean
Milaka pausu eman ziren Zumarraga eta Urretxuren artean. Gutxi ba-tzuk, goiztiarrenak, lehorretik. Beste asko bustitik. Denak norabide berdinean: euskara oinarri duen hezkuntza ereduari bultzada ematea. Gehienak euskaltzale anonimoek eman zituzten, Kilometroak 2018 ekitaldiak prestatu zuen sei kilometrotako ibilbidean zehar. 'Zubiak batuz' leloarekin bat egin eta indarrak metatzera azaldu ziren milaka lagun, lau gunetan zehar banatuta zeuden jardueretan gozatzeaz gain Urretxu-Zumarraga Ikastolari ekarpena egiteko. Jasotako dirua euren eraikinean pedagogia berriek eskatzen dituzten espazioak egokitzeko erabiliko da.
Askotariko zubiak ezarri ziren Zumarraga eta Urretxun, baina bat nabarmendu beharko bagenu, hori gaurko eta biharko hezkun-tza eredua batzen dituen zubia da. Handik igaro ziren eguneko mezu nagusiak. Bai ikastola antolatzailearen ingurukoak, baita euskal hezkuntza sistema osotasunean jomuga izan zutenak ere. Izan ere, bertako ikastola berrikuntza pedagogikoaren bidean jartzen lagun-tzeko antolatutako jai berberan aurreratu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak etorkizuneko eredu propioa izateko emango duen hurrengo urratsa.
Legebiltzarrean saio monografikoa egingo da hezkuntza hobetzeko dokumentuaren inguruan
Cristina Uriartek iragarri zuenez, «egun batzuk barru» Eusko Legebiltzarrean euskal hezkuntza sistema «gaurkotu eta hobetze aldera» landutako dokumentuaren inguruan saio monografikoa egingo da. Gaur egun indarrean dagoen araudia «eguneratzea» bada helburua, sailburuak aipatu bezala, oinarrizko dokumentu hori izango litzateke zubiaren alde batean. «Hortik hasi beharko ginateke», esan zuen Uriartek. Beste aldean geratuko litzateke ikastolek aspalditik eskatzen duten hezkuntza lege propioa. Batetik bestera pasatzeko gakoa ere aipatu zuen. «Batzen gaituzten edukiak azpimarratuz eta banatzen gaituenari protagonismoa kenduz, eman diezaiogun aukera akordioari, hitzari». Eta gero zer? «Oinarri horiek beste erronka handiagoei lekua utzi diezaiote» sailburuaren arabera.
Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari eta Ikastolen Elkarteko lehendakariorde den Nekane Artolak beste pausu proposatu zuen, egungoa nahikoa ez delakoan. «Azken urteotan jabetuta gaude egungo sistemak ez dituela gure ikasleak behar bezala euskalduntzen. Egoera honi irtenbidea emango dion murgiltze eredua ezartzea ezinbesteko deritzogu», adierazi zuen. Hezkuntza sistema propioa eraiki-tzen hasteko unea badela ere aipatu zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariordeak. «Beraz, alderdi, sindikatu, erakunde eta hezkuntza eragileoi arduraz eta erantzukizunez jokatzea dagokigu eta dela akordio, dela lege, dela martxan jartzen dugun edozein ekimen hezkuntza sistema propioa eraikitze bidean urrats izan dadila», eskatu zuen.
Ikastolako udalekuei omenaldia egin zieten, 29 urtez ikasleekin egindako lana goraipatzeko
Etorkizunaren aipamenak izan ziren nagusi, baina iraganari begirada ere ez zen falta izan. Hala, Markel Olano ahaldun nagusiak, Goierriko ikastolako lehenengo belaunaldi hartako ikasle gisa, goraipatu egin zuen ikastolek «hiritar euskaldun, kritiko eta konprometituak» hezteko izan duen gaitasuna. Jon Luqui Urretxuko alkateak ikastolik gabeko herria irudikatzeko ariketa proposatu zuen, eredu hezitzaile euskaldun honen egin duen ekarpenaz ohartarazteko. Eta Zumarragako alkate Mikel Serranok «aitor-tza eta esker ona» luzatu nahi izan zien euskara jakin gabe ikastolara seme alabak eraman zituzten guztiei.
Baina atzera begiratzerakoan, une hunkigarriena omenaldi ekitaldian iritsi zen. Ikastolan testugintzan aritutako irakasleei egin zieten aitor-tza. Izan ere, orain 52 urte ikastola abian jarri zenean, euskarazko materialik ez, eta irakasleek naturako elementuak eta imajinazioa erabiltzen zituzten ikasgaiak emateko.
Euri asko arratsaldean
Orain artekoak bezalaxe, hemendik aurrera eman beharreko pausuak eraldatzaileak izango direla argi geratu zen. Pedagogia berriak ezarriko dira ikastolan eta keinu ugari izan ziren egiteko modu berritzaile horri. Goizeko aurreskua, esaterako, trikitixa eta soinu kaja baten laguntzaz dantzatu zuten guraso eta ikasleek. 'Zubizikleta' izan zen bestalde katea etengo ez dela irudika-tzeko erabilitako ibilgailua, Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak hartu baitzuen lekukoa. Eta zirkuitua bera ere, irekia, hesi edo itxierarik gabekoa antolatu zuten.
Bertako ikastolak irabazi zuen Erronka lehenengo aldiz Orio, Zarautz eta Anoetaren aurretik
Aita Pasiotarren eliza barruan dantza alai askoa ere ikusi genuen ekitaldiko abestiaz lagunduta. Bertan entzundako txalo eta bibak nahiko lituzke edozein apaizek berean. Ozen entzun ziren goizean ikastolako udalekuak omendu zirenean. Garralda-Arizaga eta Balentziaga-Larrañaga familiak izan ziren 29 urte bete dituen jarduera honen arduradunen ordezkari. Eta hauek ere ospakizun tipikoarekiko eraldaketa ekarri zuten. Zinta moztu beharrean, lotu egin zuten. Dena esateko, korapiloa emakumeak egin zuten.
Aniztasunaren aldeko mezua ere agerian geratu zen. Pakistan eta Marokoko familiek henna tailerrak eskaini zituzten, Nikaraguakoek tren-tzak egiteko aukera eman zuten, eta Ekuatore Gineakoek eta Senegalgoek euren gastronomia erakusteko plater goxoak prestatu zituzten. Aspace elkartearekin elkarlanean, saskigintza tailerra ere eskaini zen.
Azken urteotako berrikuntza nagusian, Erronkan, Gipuzkoako hemezortzi ikastolatako partaideak aritu ziren, blai aritu ere une askotan. Lehenengo aldiz etxekoak izan ziren garaile. Urretxu-Zumarragaren atzetik Orioko, Zarauzko eta Anoetako ikastolak sailkatu ziren.
Arratsaldean jokatu zen finala, eta ordurako lurralde osoa abisu horian sartuta zegoen euriagatik. Iragarrita zegoen Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioaren erakustaldia bertan behera geratu zen, baina Santa Barbarako kontzertuetan jendetza ibili zen, Oihan Vegarena izan zelarik arrakastatsuena. Gozategik Zumarragan ere euskalzale asko bildu zituen.
Hala ere, galanki bota zuen askoren bertaratzeko plana xahutuz. Hori dela eta, balorazio positiboa egin duen antolakuntzak euren borondatea bideratzeko aukera luzatu du, hiru kontu korrenteren bitartez. Rural Kutxako 3008 0158 3336 28544227, Kutxabankeko 2095 5001 00 911 7322404 eta Laboral Kutxako 3035 0027 76 0270053696.