Haurtxoak oso onak dira egiturak eta erregulartasunak hautematen
UPV/EHUko ikerlan baten arabera, zazpi hilabeteko umeek badute mosaiko-itxurako eredu bisual abstraktuen simetriaz jabetzeko gaitasuna
Lunes, 22 de agosto 2022, 14:03
UPV/EHUko Gogo Elebiduna taldeak Parisko, Vienako eta Paduako unibertsitateetako ikertzaileekin lankidetzan egindako ikerketa batean «zazpi hilabeteko haurtxoek egitura simetrikoko eta asimetrikoko mosaiko-itxurako sekuentzien aurrean dituzten berezko begirada-ereduak» aztertu dituzte. Emaitzen arabera, haur horiek «berehala detektatzen dute mosaiko batek egitura simetrikoa duen, eta horrek iradokitzen du irudi konplexuen egitura erauzteko gaitasun sendoa eta automatikoa dutela».
Publicidad
UPV/EHUko Gogo Elebiduna ikerketa-taldea aitzindaria da psikolinguistikaren esparruan; askotariko ikerketak egiten ditu hiztunen garunean hizkuntzaren gaitasuna nola eskuratzen, adierazten eta antolatzen den jakiteko, eta hizkuntzaren adierazpenaren eta prozesamenduaren ezaugarri unibertsalak zein diren jakiteko. Ezjakinon ikuspegitik mosaikoen eta hizkuntzaren arteko lotura aurkitzea zaila bada ere, ikerketa hai eta taldearen interes-arloak modu oso estuan harremantzen dira.
Izan ere, ikerketa-taldeko Ikerbasque ikertzaile Irene de la Cruz-Pavíak eta Judit Gervain Paduako Unibertsitateko ikertzaileak «egitura simetriko eta asimetrikoak dituzten mosaiko-itxurako sekuentziei begiratuz ehun bat haurtxok dituzten berezko begirada-ereduak» aztertu dituzte Parisko Unibertsitatean. Mosaiko horiek bi kategoriatako baldosa karratuz osatuta zeuden (A eta B), zeinak kolore-paletan eta barne-forman bereizten baitziren. Baldosak egitura simetrikoko (adib., ABA, ABABA) edo asimetrikoko (adib., AAB, AABBA) mosaikoak eratuz ordenatzen ziren. Ikerketan egiaztatu dutenez, haurtxoek «egitura simetrikoko eta asimetrikoko mosaikoak bereizi zituzten, eta sekuentziaren luzerak (3 edo 5 baldosa) edo simetria-mailak ez zuten nabarmen modulatzen haien portaera».
Emaitza horiek iradokitzen dute umetxoek azkar hautematen dutela egitura-simetria eredu bisual konplexuetan: «7 hilabeteko haurtxoek gaitasun sendo eta automatikoa dute egitura bat simetrikoa dela detektatzeko. Gaitasun hori bat dator beste estimulu batzuekin (hala nola zeinu-hizkuntzarekin, hizketarekin...) egindako beste ikerketa batzuetan aurkitutakoarekin; frogatu dugu haurrak oso onak direla egiturak eta erregulartasunak hautematen», adierazi du UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko ikertzaileak.
Oinarrizko gaitasunak ulertu
Kontuan izanik «hizkuntza baten gramatika hizkuntza baten egitura eta arauen multzoa» dela, ulertu nahi izan dute «haurtxoek egiturak erauzteko, eta erregulartasunak hautemateko eta arauak ikasteko, dituzten gaitasunak zenbateraino diren hizkuntzarenak berariazkoak edo beste eremu batzuetakoak diren». «Ikerketa hau ikusizko informazioarekin egin dugu, ez hizkuntzarekin. Mosaikoak baliatuz, ikusi ahal izan dugu haurtxoek zer gaitasun duten zenbait eremutako egitura erauzteko», adierazi du Ikerbasque ikertzaileak.
Publicidad
Ikertzaileek azpimarratu dute ikerketa honen ondorioz hobeto uler dezaketela «haurtxo horiek oinarrizko zer gaitasun daukaten, zeintzuen bidez aukera izango baitute lehenik eta behin gramatikaren zati eskuragarrienekin hasteko eta, pixkanaka, eraikiz joateko, hizkuntza baten gramatika bezain gauza konplexua bereganatu arte. Guk ulertu nahi duguna da haurtxoek oinarrizko zer gaitasun dituzten egitura detektatzeko».
«Askoz galdera gehiago ditugu erantzuteko —esanez amaitu dute—. Ikerketa honetan zehaztu ahal izan dugu haurtxoak gai direla egiturak berez eta azkar detektatzeko. Orain, ulertu nahi dugu gaitasun hori noiz hasten den, zenbaterainoko xehetasunez aztertzen duten egitura hori eta mosaikoen zer alderdik ematen dieten egitura hautemateko aukera (formak, koloreak, biek...)».
Publicidad
'PLOS ONE' aldizkarian argitaratu da berriki 'Seven-month-old infants detect symmetrical structures in multi-featured abstract visual patterns' Irene de la Cruz-Pavía, Gesche Westphal-Fitch, W. Tecumseh Fitch eta Judit Gervainek sinatutako lana.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión