Fauna eta floraren ezagutza «oso urria» dela ondorioztatu du ikertalde batek
UPV/EHUk eta Aranzadik Bigarren Hezkuntzako ikasleek dakitena aztertu du 12-13 urteko 1.000 ikasleri galdetuta. Emaitzak 'Environmental Education Research' aldizkarian argitaratu berri dira
J. A.
Jueves, 30 de junio 2022, 18:22
Bigarren Hezkuntzako ikasleen bertako fauna eta floraren ezagutza «oso urria» dela ondorioztatu du UPV/EHUk eta Aranzadik aurkeztu berri duten ikerketak. Hala adierazten dute 'Environmental Education Research' aldizkarian argitaratu berri diren emaitzek.
Publicidad
Lanaren bitartez biodibertsitatearen (animalia eta landareak) inguruko ezagutza ebaluatu nahi izan du Oihana Barrutia, José Ramón Diez eta Aritz Ruiz ikerlariek osatutako taldeak. Horretarako, EAEko eta Nafarroako 26 ikastetxetako 12-13 urteko 1000 ikasle ingururi galdegin zaie. Era berean, duten ezagutzan zein faktorek eragiten duen ere izan da kontuan: naturarekiko interesak, bizilekuak, eskola motak –publikoa edo pribatua-, per capita errentak, animaliekiko edo landareekiko lehentasunak, eta abar.
Artikuluak azaltzen duenez ikasleen interesa altua da, baina ez du behar adina isla izan ezagutzan. Landareen kasuan, gainera, nazioarteko beste hainbat herrialdeetan ere antzeman den «landareekiko itsutasuna» ('Plant blindnesss') dagoela ondorioztatu da; hots, haiekiko ezagutza eta interes baxuagoa, animaliekin alderatuz. Horrez gain, ikerketak erakutsi du herri txikietan bertako espezieak izendatzeko gaitasun handiagoa dutela, ziur asko, inguratzen dituen naturarekin duten eguneroko kontaktua handiagoa delako. Era berean, bertako espezieei loturiko ezagutza eta interes urriak daudela ondorioztatu da, eta hori adierazteko kontzeptu berri bat proposatu dute zientzia mailan hemendik aurrera erabiltzeko: «bertako espezieekiko kontzientzia-eza» edo 'Native species awareness disparity'.
Ikertzaileen esanetan, ingurumen hezkuntza indartzea ezinbestekoa da egoerari irtenbidea emateko. Horretarako naturaren ezagutzarako tresnak bideratzea aldarrikatu dute, «bai gizarte mailan, zein hezkuntza mailan». «Egungo eta etorkizunean izango diren erronkei aurre egiteko gizartearen biodibertsitate alfabetizazioa ezinbestean eman beharreko pausua da», argudiatu dute.
Azterlanaren ondorioak
Ikerketan ateratako emaitzek erakusten dute «bertako espezieekiko kontzientzia eza» ('Native species awareness disparity' moduan bataiatu dena lan honi esker) dutela Euskal Herriko gazteek. Jaioterria edozein izanda ere, ikasleen zerrendak bertakoak ez diren espezie askok osatzen baitituzte. Bestalde, «Landareekiko Itsutasuna»ren ('Plant blindness' moduan ezagutzen dena) zantzuak ikusi dira atal ezberdinetan. Esaterako, landareen zerrendapena animaliena baino askoz laburragoa izan da eta animaliekiko interes altuagoa erakutsi dute ikasleek galdegin zaienean.
Publicidad
Ezagutza hori baldintzatzen duen faktore bakarra herriaren tamaina izan da. Bertako espezie gehiago aipatu dituzte herri txikietako ikasleek. Pentsa daiteke bertako naturarekiko hurbiltasunak bertako espezieen ezagutza handiagoa bultzatzen duela.
Ikerketaren emaitzek garbi adierazten dute etorkizunean azaldu daitezkeen eszenatoki berriei aurre egiteko tresna eta testuinguru berriak sortu beharko direla. Hala, hezkuntzak berebiziko garrantzia izango du bide honetan. Izan ere, naturaren ezagutzaren etxeko transmisioan eten bat ikusten da jada gizartean, eta egun, naturarekin kontaktua batez ere aisialdian egiten da. Askotan, alabaina, natura aisialdiko beste hainbat ekintza egiteko eszenatokia baino ez da.
Publicidad
Beraz, ezinbestekoa da etorkizunean, hezkuntza formalean zein informalean, naturaz gozatzeko ez ezik, ingurumenean azterketa txikiak egiteko, hipotesiak azaleratzeko, eta azken finean, ikerketa zientifikorako eta natura ezagutzarako grina bultzatzeko testuinguruak sortzea.
Horretarako, irakasleak eta ikasleak (zein gurasoak) formatzeko beharra ikusten da, eta horien guztien garapenerako, bertako espezieekin osaturiko irakaskuntza-ikaskuntza material gehiago sortzea, betiere ikerketako emaitzek erakutsi dituzten gabezietan edo hutsuneetan arreta jarriz. Hortaz, natur guneetan hezkuntza bultzatzeaz gain, testuliburuak, filmak, marrazki bizidunak, liburuak, mahai jokoak… ezinbestekoak dira hezkuntza dinamika berriak bultzatzeko.
Publicidad
«Hezkuntza eraldaketa hau adin txikitatik hasi beharra dago, egungo haurrak izango baitira, azken finean, etorkizuneko gizartea osatuko dutenak eta berebiziko erabakiak hartuko dituztenak erronka berrien aurrean», nabarmentzen dira ikertzaileak.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión