Ver fotos
Kaleetan hitzez ekiteko garaia iritsi da
Hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen ariketa kolektiboaren edizio berria, hirugarrena, abian da. 15 egun «hitza ekintza bihurtuta, lorpen berriak izateko»
Eguraldia ez zen batu Euskaraldiaren ongietorri festara, baina bai milaka euskaltzale, Euskal Herriko hainbat herritan antolatu ziren ekitaldietan. Nagusi eta jendetsuenak bost hiriburuetan gauzatu ziren, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Baionan. Guztietan testu bateratu bat irakurri zen ordu berean, hitza «komunika-tzeko dugun tresnarik indartsuena» dela gogoratuz, eta euskararen erabileran joko-arauak aldatzeko «urrats sendoak emateko» garaia dela aldarrikatuz. Ondoren txapa janzte sinbolikoa egin zen.
Publicidad
Euskaraldiaren hirugarren edizioak gaur du bere lehen eguna, eta abenduaren 2a bitarte euskararen erabilera areagotzeko ariketa kolektibo honetan ehunka euskaltzalek hartuko dute parte. Txapa eramango dute soinean ahobizi edo belarriprest bezala identifikatuak izan daitezen. Eta Gipuzkoako herri gehienetan ekimen hau indarrean dagoela gogoraraziko diguten ekintzak antolatuko dira.
Donostian, Boulevardean jarritako karpan egun osoan hainbat ekitaldi burutu ziren atzokoan. Goizean, mahai baten inguruan eta lagun giroan hitzegiteko aukera izan zen antolatutako hiru mintzodromoetan. Arratsaldean, musikak eta jai giroak hartu zuen karpa. Donostiako Musika Eskolako ikasle eta irakasleak izan ziren lehenak oholtzara igotzen, emanaldi herrikoi bat eskaintzeko. Adin guztietako jendea bildu zen, eta kanpoko eguraldi euritsu eta haizetsuak ez zuen giroa hoztea lortu. Jarraian, 19.00etan, eman zitzaion hasiera Euskaraldiaren irekiera ofizialari.
Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak umorea jarri zioten festari beraien aurkezpenarekin eta ahobizi txapa jantzita eramango dutenei gogorarazi zieten Donostian, bataz beste, herritarren %60k euskara ulertzen duela. Jarraian, Sua Enparan-tza eta Tania de la Cruz aktoreek, eta Iñaki Salvador musikariak testu bateratua irakurri zuten. Mezuan «hitzez ekiteko garaia» dela azpimarratu zen, aurtengo leloak dioen bezala. «Hitza eskainiz eta hitza eskatuz jokatzen dugu ahobizi edo belarriprest. Hitzekin eraiki ditzakegu zubiak, josten ditugu sareak. 15 egunetan hitzez arakatuko ditugu ezezagunak zaizkigun territorio berriak».
Baina hitzetik ekintzara joateko beharra ere nabarmendu zuen mezuak. «Ekintza-herria gara, milaka lagun mugiarazi eta auzolanean aritzeko gaitasuna duen herria. Auzoz auzo, herriz herri, jendea batu eta ekimen-olatua antola dezakeen komunitatea da gurea. Milaka lagun, milaka boluntario, ekintzak lotuta». Espazioak ekinaren bidez irabazten dira. «Ekinez egingo ditugu gure elkarte, enpresa eta erakundeak euskararentzako abegikor. Ekintza harreman-sareak ugaritzeko, ekimena ohiturak aldatzeko, ekina inertziak astintzeko».
Publicidad
Gaur hasi eta hamabost egunez iritsi da garaia «urrats sendoak emateko, hautu pertsonal eta kolektiboak gehituz bide berriak urratu eta ohiturak zein joko-arauak aldatzeko». Azkenik, Euskaraldia hitzez ekiteko gonbidapena dela gogoratu zuten. «15 egun ditugu hitza ekintza bihurtuta, lorpen berriak izateko. Lorpen txiki, ertain eta handiak. Milaka, milioika lorpen. Lorpen askoren gehiketarekin aldatuko baititugu gizartearen inertziak, ere. Hitzak mugitzeko eta mugiarazteko boterea du. Hitzez ekinez gu geu mugituko gara eta gure ingurukoak mugiaraziko ditugu, baita mugiezinak diruditenak ere».
Euskaraldiaren ongietorri festari amaiera emateko, 19.30ean Boulevardeko karpara hurbildu zirenek txapa jantzi zuten denek batera, Euskal Herriko beste hiriburuetan ordu berean egin zen moduan. Honela denek eman zioten Euskaraldiari hasiera elkarrekin. Mugan taldearen doinuekin agurtu zuten festa. Orain, norberaren ordua iritsi da hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta egiteko.
Publicidad
Euskara kalera atera
Atzokoa eta gaurkoa ahobizi eta belarriprest txapak banatzeko egunak dira. Ariketa kolektibo honetan izena eman duten donostiar asko atzo hurbildu ziren Boulevardeko karpan jarri duten mahaira egun hauetan soinean eramango duten txapa jasotzera. «Egun hauetan euskaraz bakarrik hitz egiten saiatuko naiz, ea posible den», zioen Mila Ucinek. Bere ustez, Donostian horrelako ekimenak «oso beharrezkoak dira. Euskara gutxi entzuten da kalean eta ea egun hauetan joera hori aldatzea lortzen dugun». Iritzi berekoa zen Agoitz Ezkerra, «Donostian euskara ez da entzuten, beste hizkuntza batzuk gehiago entzuten dira, horregatik jarriko dut ahobizi txapa, ea jendeak nirekin euskara gehiago erabiltzen duen».
Joseba Pastor eta bere lagunak ere arratsaldean hurbildu ziren ahobizi txapa jasotzera. «Euskara sustatzeko konpromisoa hartzea beharrezko dela uste dut, bakoitzak ahal dituen ekarpenekin» zioen. «Guk musika talde bat dugu eta euskaraz abesten dugu, horrela ateratzen zaigulako». Joxe Aldaik ere ez zuen aukera galdu Euskaraldiaren ongietorri festara hurbiltzeko. «Urtean zehar horrelako aukera gutxi daude denok batera euskararen alde mugitzeko». Bere ustez ere, «euskara bultzatu egin behar da, edozein momentutan, edozein lekutan eta beti.
Publicidad
Iker Freijidoren kasuan, euskaraz hitz egiten jakin arren belarriprest txapa janztea erabaki du. «Irakaslea izanik, ikasleek niri euskaraz hitz egitera bultzatu nahi ditut, ea horrela lortzen dudan».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión