«Elkarrizketa soziopolitikorako erreferentziazko gune gara»
Emakunderen Aholku Batzordeak 25 urte bete ditu 'Lidergo feministak eraikitzen emakumeen elkarte mugmenduaren bitartez' jardunaldian
J. A.
Lunes, 13 de noviembre 2023, 16:00
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen Aholku Batzordearen 25. urteurreneko jardunaldia egin da astelehen honetan Gasteizen, 'Lidergo feministak eraikitzen emakumeen elkarte mugmenduaren bitartez' izenburupean, eta Euskadin berdintasunerako politika publikoak garatzeko «elkarrizketa soziopolitikorako erreferentziazko gunea» dela nabarmendu dute bertan.
Publicidad
Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria buru zirela, emakumeen elkarte mugimenduko ordezkari ugari bildu da Jesus Guridi musika kontserbatorioan, aitortza, hausnarketa eta ospakizun jardunaldian parte hartzeko. Emakumeen elkarteek Emakunderekin komunikatzeko duten bidea da Aholku Batzordea.
Melgosak Emakunderen Aholku Batzordearen errepaso historikoa egin du bere hitzaldian, 1993an esperientzia pilotu bat izan zuela eta 1998an behin betiko eratu zela gogoraraziz. Elkarte mugimenduak emakumeen eskubideak sortzeko eta finkatzeko egiten duen lana nabarmendu du sailburuak.
Bere hitzetan, Emakunderen Aholku Batzordearen ibilbidea eta erakundearekin eta berdintasun politikekin izan duen harremana «ez da estatikoa izan, baizik eta Euskadin mugimendu feministak eta emakumeen elkarteek eta berdintasun politika publikoek izan duten bilakaerarekin paraleloan eboluzionatu du».
Melgosa batzordeko ordezkariei zuzendu zaie: «Emakumeen parte hartze sozial eta politikoa funtsezko ardatza da berdintasuna eraikitzeko, eta guretzat, Emakundetik eta Eusko Jaurlaritzatik, zuen kritikak eta proposamenak entzutea, hitz egitea eta aintzat hartzea da gure eguneroko lanean esperientzia eta ekintza garrantzitsuenetako bat».
Publicidad
Jardunaldiaren lehen zatian, Emakunderen Aholku Batzordeak 25 urteotan egindako ibilbidea aztertu da, eta lurralde historiko bakoitzeko elkarteetako bi ordezkarik parte hartu dute. Beste elkarte batzuetako emakumeek ere sakondu dute aliantza feministak sortzearen garrantzian, politika publikoetan eragina izango duen elkarrizketa sortzeko.
Topaketaren azken zatian, Miren Elgarrestak Emakunderen Zuzendaritza Kontseiluko elkarteen ordezkari Yolanda Baronarekin hitz egin du. Biek ala biek hausnartu dute agenda feministak zer erronka dituen berdintasunerako parte hartze eta elkarrizketa soziopolitikoaren arloan.
Publicidad
Horrela, Elgarrestak azpimarratu du Emakundek konpromisoa hartu duela Aholku Batzordearen proposamenak Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuei helarazteko, haien parte hartzea aitortzeko asmoz. Bere hitzetan, «Emakunde saiatzen da emakumeen elkarteek egiten dituzten proposamenak bere egiten, eta proposamen horiek baliabideekin babesten, diru laguntzetatik haratago doan babesarekin».
25 urteotako lana ikusarazteaz eta prozesuaren memoria soziala egiteaz gain, jardunaldiaren helburua izan da beste elkarte batzuk Emakunderen Aholku Batzordean parte hartzera motibatzea, erreleboen kudeaketa eraginkorra egin ahal izateko.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión