Kutxabanken lankidetza izango du UPV/EHUren Bitcoin eta Blockchain Teknologia masterrak
Bankuko adituek hitzaldiak eskainiko dituzte urrian hasiko den masterraren hirugarren edizioan, eta beka bat ere emango du
Domingo, 26 de junio 2022, 16:48
2022-23 ikasturtean hirugarrenez eskainiko du UPV/EHUk, graduondoko berezko titulazioen artean, Bitcoin eta Blockchain Teknologia masterra. Datorren urritik 2023ko irailera arte luzatuko den masterra gaztelaniaz eskainiko da Leioako campusko Zientzia eta Teknologia Fakultatean, eta 20 plaza baino ez ditu. Horietako batek Kutxabankek emandako beka bat jaso ahal izango du, masterrarekin lankidetzan arituko baita bankua.
Publicidad
Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, «mugikortasun, analitika aurreratu, biometria, adimen artifizial eta 'blockchain'ari buruzko gaietan duten esperientziatik abiatuta, Kutxabankeko zenbait profesionalek indartu egingo dute masterra ematen duten UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen taldea, eta teknologia espezializatu horien presentzia ia negozio-arlo guztietara zabaltzen ari den sektore batean duten ezagutza transmititzen jarraituko dute». Horrez gain, «lankidetza horrek sortutako baliabide ekonomikoak beka bat hornitzera bideratuko ditu Kutxabankek, eta beka hori masterrean parte hartzen duen pertsona bati emango dio erakundeak».
Adituen beharra
UPV/EHUk masterraren aurkezpenean gogoratzen duenez, «blockchain teknologia da gaur egun arreta gehien jartzen duen teknologietako bat, eta horren froga da lan merkatuak gero eta aditu gehiago eskatzen dituela teknologia horretan». Irtenbideak, alegia, asko eta askotarikoak dira, eta «gero eta handiagoa da berrikuntza teknologikoaren premia horri erantzuteko gaitasuna duten profesionalen eskaria».
Horrenbestez, «Bitcoin eta Blockchain Teknologia berezko masterraren helburua da diziplina anitzeko prestakuntza ematea Blockchain teknologiaren esparruan, teknologia horren oinarriak bereziki azpimarratuta. Zehazki, masterraren edukiak honako zutabe hauek ditu ardatz: Bitcoin, Kriptografia, Jokoen Teoria, Moneta Politikak eta Finantzak, Blockchain Teknologiaren lege alderdiak, Blockchain Teknologiaren aplikazio ez monetarioak, Konputazio Kuantikoa eta Programazioa Blockchain inguruneetan».
Matematika, Fisika, Ingeniaritzak, Ekonomia edo antzeko graduetako «oinarri zientifiko sendoko tituludunei» zuzenduta dago masterra. Graduondoko honetan parte hartzen duten pertsonek enpresetan egingo dituzte praktikak eta, gainera, master-amaierako lanak bertan egiteko aukera izango dute.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión