Hezkuntza komunitateko eragile nagusiek, gehiengo sindikalak eta euskalgintzak abenduaren 16an eginiko agerraldi bateratua. kontseilua

Kontseiluaren ustez, zirriborroak elementu interesgarriak ditu, baina «hobetu behar da»

Abenduan hezkuntza komunitateak «ikasteredu orokortuaren alde eginiko aldarria» hitzarmenean berariaz jasotzeko eskatu die alderdiei

Martes, 8 de febrero 2022, 14:24

«Elementu interesgarriak eta berritzaileak» jasotzen ditu Legebiltzarrean aurkeztu den EAEko Hezkuntza Lege berrirako oinarriak jasoko dituen lehen zirriborroak Euskalgintzaren Kontseiluaren ustez, «baina badira kezkagarriak direnak ere» eta, horrenbestez, «hobetu egin behar da» Hezkuntza akordioa, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi duenez.

Publicidad

Kontseiluak prozesu osoan jarraitu du oso gertutik ehun bat aditurekin eta eragilerekin elkarrizketak egin eta horien ekarpenak jaso ondoren osatu den proposamena. Abenduaren 21ean aurkeztu zuen Legebiltzarrean bere ekarpena, bai eta hezkuntza-komunitate eragile nagusienekin hizkuntzaren esparruan adostutako eskaera ere.

«Hitzarmenean berariaz jaso behar da hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko dela»

paul bilbao

Euskalgintzaren Kontseilua

Legebiltzarreko lan-taldeak aurkeztu duen txostenaren lehen balorazioan, Paul Bilbaok adierazi du «euskara ardatz duen sistema eleaniztuna» kontzeptuak «kezka handiak» sortzen dizkiela, ez delako argi gelditzen «egun indarrean dagoen ikastereduen sistema baztertzailea gaindituko duen ala ez», ez baitu zehazten «zein ondorio zehatz duen». Horregatik, Kontseiluaren ustez beharrezkoa da gehiago argitzea eta zehaztea, eta beharrezkoa deritzo halaber «hezkuntza-sistemak eredu orokortu eta bakarra izango duela berariaz jasotzeari».

«Ez du zentzurik egun indarrean dagoen sistema etorkizunekoaren berdina izateak. Horrexegatik, uste dugu hitzarmenean berariaz jaso behar dela hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko dela» azaldu du Bilbaok.

Adostasun zabala

Izan ere, «proposamen hori adostasun zabalaren emaitza da». «Horrexegatik, hizkuntza-ereduen korapiloa askatzeko lortu genuen askotariko eragile garrantzitsuenek bat egitea» aintzat hartu eta hitzarmenean eskaera hori berariaz agertu beharra aldarrikatu du.

Publicidad

Bilbaoren arabera, Legebiltzarreko taldeak aurkeztutako proposamenak baditu kontuan hartu beharreko hainbat elementu. «Egia da, bai, euskararen ikaskuntza-prozesuari buruzko gako asko jasotzen dituela dokumentuak: helburuak, erronkak, erronkek behar dituzten gakoak, hizkuntzen trataera… Are gehiago, interesgarria da Euskararen Ikaskuntzarako Institutuaren sorrera ere» adierazi du Kontseiluko eledunak.

Hori horrela izanik ere, horiek guztiek atzean ikasteredu orokortuaren planteamendua beharrezko dutela erantsi du Bilbaok, eta dei egin die alderdiei akordioa hobetu dezaten, ikasteredu orokortua oinarri hartuta. Bilbaok gogoratu du abenduaren 16an Gasteizen, hezkuntza komunitateko eragile nagusiek, gehiengo sindikalak eta euskalgintzak aurkeztu zutela aldarri hori. Proposamenarekin bat egin zuten Ikastolen Elkarteak, EHIGE guraso elkarteen federazioak, Kristau Eskolak, HEIZE zuzendarien federazioak, Hik Hasik, eta ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek.

Publicidad

«Ezin diote muzin egin hezkuntza-komunitatearen gehiengoak egindako eskaerari. Ezin diote muzin egin horrelako adostasun zabalari. Ezin diote muzin egin hizkuntzaren korapiloa askatzeko askotariko eragileek mahai gainean jarri duten aukerari«, adierazi du, gaineratuz »orain dela aurrera egin eta ereduen sistema segregatzailetik, eredu orokortu inklusibora jauzia egiteko unea«.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad