Euskal kulturan dihardutenak «formatzeko» masterra aurkeztu du Mondragon Unibertsitateak
Modalitate erdi-presentzialean eragileek bizi dituzten desafioei erantzuteko gai izango diren profesionalak formatzea da asmoa
J. Agirre
Lunes, 13 de marzo 2023, 15:15
Mondragon Unibertsitateak 'Euskal kulturan eragiletzan' masterra eskainiko du 2023-24 ikasturtetik aurrera euskal kulturak dituen desafioei erantzuteko gai diren eragileak formatzeko asmoz. Titulu propioa izango da, modalitate erdi-presentzialekoa eta aurrez aurreko klaseak asteazkenetan izango dira 18:00etatik 21:00etara Eskoriatzako campusean. MAsterreko parte izango dira, gainera, Udako Euskal Unibertsitatea eta Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies.
Publicidad
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eskainiko du eta arlo profesionalean zein ez profesionalean jardungo duten pertsonei bideratua dago «hezkuntza arautuan eta araututik kanpo tokian tokiko kultura eragiletzan edota udal eta erakunde publikoetan», aurkezpenean azaldu dutenez.
Masterrak lau bloke nagusi izango ditu -oinarri orokorrak; kultur eragiletza eta transmisioa hezkuntzan; kultur eragiletza herrigintzan eta ikerketa proiektua- eta hauek bederatzi modulutan antolatuko dira besteak beste kultur-eragin globala metabolizatzeko moduak, jarraidura eta irekidura konbinatzeko moduak, sustraiak interpretatzeko sintesiak, hizkuntzaren lekua ulertzeko oinarriak, teknologiaren eraginak, komunitatea birsortzeko baldintzak edo arte-arlo bakoitzaren desafioak lantzeko.
Masterra Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako graduatuei zuzenduta dago, komunikazioarekin, zuzenbidearekin, itzulpengintzarekin eta euskal kulturan interesa duten graduatu guztiei, Mondragon Unibertsitatetik zehaztu dutenez. Hala ere «euskal kulturan eragin nahi duen graduatuaren beste edozein profil» ere jomugan du. Ikasturteak 4.800€ prezioa du Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzari esker eta parte-hartzaileek FUNDAEren % 100eko hobaria jaso dezakete.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión