Kongresua asteazken honetan aurkeztu dute antolatzaileek EHUren Donostiako campusean.

I. Antropologia Feminista Kongresua egingo da datorren astean Donostian

UPV/EHUko AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldeak eta Ankulegi Euskal Antropologia Elkarteak antolatu dute, covid-19aren eraginez 2020 eta 2021 urteetako saioak bertan behera geratu ostean

Miércoles, 1 de junio 2022, 14:27

Antropologia hitzaren ondoan izenondo asko jarri daitezke, azterketa eta ikerketa antropologikoari ikuspegi desberdin askotatik, eta ikuspegi asko uztartuz, ekiten baitzaio. Feminismotik ere bai, jakina. Horren lekuko da UPV/EHUko AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldea, zeinak Ankulegi Euskal Antropologia Elkartearekin elkarlanean, hilaren 8tik 10era Donostian egingo den I. Antropologia Kongresu Feminista antolatu duen.

Publicidad

Kongresuaren aurkezpenean gogoratu dutenez, AFIT ikerketa taldeak «bederatzi urteko ibilbidea du eta bertan diharduten ikertzaileek urte asko daramate ikerketan. Nabarmendu behar da ikerketa talde hau erreferentzia esanguratsua dela bere arloan Espainiako estatuan». Ankulegi Antropologia Elkarteak, berriz, 28 urteko ibilbidea du eta «bere zeregin nabarmenetakoa izan da antropologia gizarteratzea, antropologia, kultura eta gizartearen arteko zubiak eraikitzen eta elikatzen. Halaber, urte hauetan izandako jardunean maiz landu ditu genero eta antropologia feministarekin loturako gaiak».

'Ezagutza eraldatuz, deserosotasuna biziz' lelopean egingo den nazioarteko kongresuaren prestakuntzan «unibertsitatean eta hortik kanpo ari garen 23 ikerlari aritu gara antolakuntzan, eta kongresu egunetan gradu, master edota doktoregoan ikasle diren beste 25 lagun arituko dira gurekin lanean, kolaborazio-lanetan». Hurrengo astean gauzatuko den kongresuan 350 pertsonak baino gehiago hartuko dute parte, horietako asko Euskal Herrikoak, baina beste horrenbeste nazioartekoak. Hizlari gonbidatuei dagokienean, adibidez, horietako sei dira euskal herritarrak, eta hamar nazioartekoak; Kataluniatik hasi eta Herbereetara, Brasilera eta Mexikoraino.

Hirugarrenean asmatu

Kongresua gauzatzea ez da erraza izan. «2018an hasi ginen kongresua antolatzen, 2020ko ekainean egiteko asmotan, baina urte horretako martxoan bertan behera utzi behar izan genuen. 2021ean berrekin nahi izan genion, baina gure lehentasuna beti izan da aurrez aurreko kongresu bat antolatzea, eta baloratu genuen ez zeudela horretarako baldintzak. Beraz, berriz ere atzeratu genuen. Azkenean, aurten berrekin egin diogu kongresua antolatzeari eta 2022ko ekainean egitea lortu dugu» gogoratu dute antolatzaileek.

Hiru egunez luzatuko den Kongresuan bost mahai-inguru egingo dira, honako gai hauen inguruan: unibertsitatea, jakintza eta prekarietatea: biziraupen zaila; genero-antropologia eta antropologia feminista: genealogia komun baten zenbait ibilbide; eztabaida eta erronka teorikoak; prozesu etnografiko eta ekarpen metodologikoak; antropologia feminista, feminismoa eta jendartea: eztabaida eta harremanak.

Publicidad

Horrez gain, aldibereko 16 panel egongo dira lau gune ezberdinetan, non, besteak beste, honako gaiak landuko diren, betiere antropologia feministaren ikuspegitik: diziplinartekotasuna; antropologiaren aplikagarritasuna; osasunaren antropologia; migrazioak, dekolonialitatea eta giza eskubideak; zaintzak eta feminismoak; gorputzak, genero disidentziak eta disidentzia sexualak; etnografia eta metodologia feminista; ingurumena eta antropologia; justizia feminista; ahaidetasuna eta ugalketa; eta, azkenik, jaiak, ondareak eta tradizioak. Paneletarako, guztira, 225 komunikazio jaso dira, eta horietatik 186 aurkeztuko dira kongresuan.

Kongresuan antropologia feministak diziplinari egin eta egiten dizkion ekarpenak eta gaur egun dituen eztabaida eta erronka nagusiak aztertuko dira, bai teorikoki eta bai metodologikoki, baita Euskal Herrian eta nazioarte mailan garatzen ari diren ikerketa lerroak eta beraiek zehazterakoan eragina duten faktoreak ere. Horrekin batera, helburuetako bat da antropologia feminista eta feminismoaren eta, oro har, gizartearen arteko harremanak berrikustea.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad