Ikastolek hezkuntza lege bat aurrera eramatea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

Bere barne, besteak beste, hezkuntza eskubidea gauzatzea eta garatzea, euskara ardatz duen elebitasun erreala bideratzea eta baliabideen banaketa ekitatiboagoa egitea hartu beharko lituzke

Joseba Zubialde

Martes, 25 de noviembre 2014, 19:33

Ikastolen Elkarteak hezkuntza lege bati ateak zabalduko lizkiokeen prozesua lehenbailehen martxan jar dezan eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, iparra definitze aldera erabat lagungarria gerta daitekeelakoan baitaude. Horrela aditzera eman du astearte honetan Bilbon, EHUko paraninfoan, burutu duten 'Hezkuntza, legez eta bidez' Topaketen barruan. Bertan, Lomce eta Falloux (Frantzian) legeei aurre egitearen beharra azpimarratu dute ikastolek, Euskal Herriko hezkuntza sistemari zuzenean erasotzen dioten bi mehatxu baitira.

Publicidad

Horregatik hezkuntza sistema propio baten beharra aldarrikatu dute Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk eta zuzendari Imanol Igeregik, horrek bakarrik ziurtatuko bailuke gure ikasleen () hezkuntza euskalduna, eleanitza, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritua, kalitatezkoa eta ekitatiboa izatea.

Hala ere, Ikastolek onartu dute hori aurrera ateratzea une honetan ezin bada ere, hortara bideratuko duten urratsak egin behar direla. Nahiz eta dakiten lege batek berez ez dituela arazo guztiak konponduko.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzari eta Hezkuntza Sailari eskatu diete Heziberri 2020 proiektuaren barnean jasotzen den lege egitasmoa lehentasunez bultzatu behar dutela, beti ere, helburu eta lehentasun konkretu batzuei erantzunez.

Ikastolen aburuz, lege horrek jaso beharko lukeen puntuetako bat hezkuntza eskubidea gauzatzea eta garatzea da, herritar guztion oinarrizko eskubidea baita eta gizartearen kohesioa sustatzeko lanabesa.

Publicidad

Era berean, euskara ardatz duen elebitasun erreala eta eleaniztasuna bideratzea eskatu dute, Europako Erreferentzia Markoak proposatzen duen hizkuntzen lorpen-maila oinarritzat hartuz eta eskola bakoitzeko hizkuntza-errealitatera egokituz.

Eskola errendimenduaren hobekuntza helburu

Eusko Jaurlaritzak aurrera eraman beharko lukeen legeak aukera berdintasuna eta gizarte kohesioa garatzearekin batera, ikasle guztien eskola errendimenduaren hobekuntza helburutzat izan beharko lukeela defendatu dute ikastolek, ikasle eta ikastetxe guztietan eragin positiboa baitu.

Publicidad

Aipatutako legeak irakasleen egoeraren ingurukoak ere jaso beharko lituzkeela defendatu dute ikastolek. Horrela, hauen jarduera eta funtzio berrituaren eraketa eskatu dute, etengabeko prestakuntza eta irakasle eskakizuna berrituz. Ildo horretatik, eta zerbitzu publikoaren definizioa aintzat hartuta, ikastetxe guztietako profesionalen lan baldintzak analogia irizpidez homologatu beharko liratekeela adierazi dute.

Horrekin jarraiki, lege horren bitartez hezkuntza-baliabideen banaketa ekitatiboa egin beharko litzatekeela azpimarratu dute ikastolek, hori gauzatu gabe ez baitago ekitatez ikasleen beharrei erantzuterik. Era berean, beharrizan bereziko edozein ikasleen eskolaketan gure matrikulazio-tasaren neurriko konpromisoa hartzeko prest daudela adierazi dute, behin baino gehiagotan aldarrikatu duten legez.

Publicidad

Ikastolek Bilbon gauzatu duten topaketan zerbitzu publikoaren ezaugarrien inguruan aritu dira, Euskal Hezkuntza lege batera eraman lezakeen prozesua aztergai izanik. Horrela, jardunaldian gai hori jorratu duten hainbat hizlariren hitzaldiak izan dira, besteak beste, Francesc Colomérena, Kataluniako Hezkuntza legeari buruz aritu dena.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad