AVS eta Tecnalia, energia-arloko proiektu zientifiko handienean
Elgoibarko AVS buru duen euskal partzuergoa arduratuko ITER-ek erabiliko duen erregaia 150 milioi gradutan berotzeko injektore-prototipoa garatzeaz
Jueves, 25 de febrero 2021, 12:57
Energia-arloko historiako ikerketa-proiektu zientifiko handiena da ITER fusio-erreaktorea, «energia garbi eta berriztagarria modu masiboan eskuratzeko energia-iturri nagusia izan beharko lukeen fusio-energia lortzeko giltzarrietako bat den neurrian«. Erreaktore esperimental horren helburua da, hain zuzen, «teknologiaren bidez, Eguzki txiki bat eraikitzea Lurrean, ikuspegi ekonomikotik energia-iturri garbi, seguru, sendo, eta kalitateko gisa balio lezakeen egiaztatzeko».
Publicidad
Energia ia perfektu hori lortzeko, hidrogeno-atomoak fusionatu behar dira erregai gisa plasma baliatuko duen erreaktoreak, eta horretarako 150 milioi gradu zentigraduraino eraman behar da tenperatura, Eguzkiaren nukleoa baino hamar aldiz beroago.
Bada, plasmaren berotze-sistema behar den tenperatura har dezan garatzen laguntzeko, elkartu egin dira AVS enpresa eta TECNALIA zentro teknologikoa. Hain zuzen, F4E (Fusion for Energy) erakundeak, Europak ITERi egiten dion ekarpena kudeatzen duenak, aukeratu ditu, MITICA proiektuan parte hartzeko. Ohar baten bitartez argitu dutenez, «proiektu horren helburua da plasma berotzeko atomo neutroen talken bidezko berokuntza-sistema garatzea eta baliozkotzea. MITICAk 1:1 eskalako prototipo bat eraikitzea proposatu du, milioi bat volteko energia eta 16,5 MW-eko potentzia duen partikula-injekzioa egiteko. Sistema hori, zeinak inoiz eraiki den tamaina eta potentzia handienak baititu, ezinbestekoa da ITERek behar dituen 150 milioi graduak lortzeko».
AVS eta Tecnaliaren zeregina da «erreaktore esperimentalaren eta haren bero-iturriaren artean dauden elementu garrantzitsuenak garatzea —neutralizadorea, hondar-ioiak deskargatzeko sistema eta kalorimetroa (target)—, berotze handi horren 16,5 MW-eko potentzia prestatzeko, doitzeko, neurtzeko, eta xurgatzeko». Azken diseinua, eta fabrikazioa, muntaia eta probak Gipuzkoan egingo dira, AVSren Elgoibarko instalazioetan, Tecnaliaren laguntzarekin. Aurten bertan hasiko dira lanak, eta 2023an amaitu. Aurreikuspenen arabera, urte horretan instalatu eta probatuko dira, RFX partzuergoak (PRIMA) Paduan, Italian, dituen instalazioetan.
Partzuergoak arlo honetan duen esperientzia aitortzen du proiektuak. Alde batetik, megazientziako eta espazioko instalazioen merkaturako ekipo konplexuak diseinatzen eta garatzen enpresa liderra da AVS mundu osoan, eta zortzi urte daramatza ITERentzat lanean, hainbat proiektutan. TECNALIA, berriz, erreferentziazko zentro teknologikoa da Europan, eta ITER proiektuan parte hartzen ari da, hainbat proiektutan; hauetan, besteak beste: ITERen barne-hormako materialak eta osagaiak karakterizatzen, osagaiak lotzeko eta konpontzeko metodoak garatzen, eta zenbait sentsore eta neurgailuren prototipoak fabrikatzen.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión