Bigarren Euskaraldian, aurretik landutako bidean sakonduko dute
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da ariketa. 'Ariguneak' sortuko dituzte erakundeetan ere sustatzeko aktibazioa
I. LANDAZURI
Donostia
Viernes, 17 de enero 2020
Hamabost egun iraungo ditu Euskaraldiaren bigarren edizioak; azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da. Jakinarazi dute, azkenean, Euskaraldia egingo den bigarren aldi honetako data zehatza. Tokian tokiko dinamika eta batzordeen lana nabarmendu dituzte, eta hizkuntza ohituretan aldaketak eragiten jarraitzeko asmoa, baita Euskal Herriko euskaltzale eta erakundeen arteko lana sustatzekoa ere. Hizkuntza praktikak «hobekuntza perspektiba» batean finkatuz, tokian tokiko errealitatetik gizarte zabalera, 'Gehiago, gehiagotan, gehiagorekin' lelopean egingo da Euskaraldia. Aurtengoan, gainera, 'Ariguneak' sortuko dituzte askotariko erakundeetan, horietan ere euskaraz egitera bultzatzeko.
Publicidad
Baionako Kalostrape ostatuan elkartu ziren ostegunuean Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak eta Euskal Konfederazioko kideak ariketaren bigarren edizioa aurkezteko.
Hain zuzen, nabarmendu zuten Euskaraldia izan dela mugaren bi aldeetako erakundeak elkartu dituen lehen ekimena. «Lehen aldiz, Euskal Herri osoan euskalgintza eta instituzioak, lankidetza hitzarmenen bidez, elkarlanean aritu ziren, bakoitzaren rolak eta betebeharrak zehaztuz», azaldu zuten, nabarmenduz, hain justu, nola «arrakasta hori ez zen posible izango herritarren parte hartze aktiboa gabe, herriz herri eta eskualdez eskualde. Izan ere, nahiz eta koadro orokorra finkatua zen, herri batzordeek sekulako garrantzia izan zuten ekimena tokiko errealitateetara egokitzeko», esan zuten hizlariek.
Oihartzuna eta babesa
Hamabost egunez hizkuntza ohituretan eragitea izango da asmoa ariketarekin. Oraingoan ere, 'Belarriprest' eta 'Ahobiziak' izango dira Euskaraldiko muina, hau da, euskaraz ulertzen eta euskaraz egiten dituztenen rolak. Bestalde, 'Ariguneak' sortuko dituzte elkarte, saltoki, lantoki eta administrazio publikoen moduko entitateetan. Barne ariguneak euskara elkartekide eta lankideen artean gehiago erabiltzeko gune espezifikoak izango dira. Kanpo ariguneak, aldiz, bezeroekin eta erabiltzaileekin euskara gehiagotan erabiltzekoak. Txapei oihartzuna eta babesa emateko guneak izango dira oro har.
Hizkuntza aktibaziorako gune horiez gain, beste hiru helburu nagusi zehaztu dituzte antolatzaileek. Batetik, rol bakoitzari dagokion konpromisoa ondo ulertzea, hau da, joko-arauak ondo ezagutzea funtsezkotzat dute. Txapari zentzua emateko eta bi rolek elkar osatzeko «bakoitzak bere mugak ikusteko eta gainditzeko beharra» iragarri dute, nabarmenduz horretarako garrantzitsua izango dela, baita ere, «belarriprest gehiago erakartzea ahobiziak ere indartzeko: ariketa bera ahal bezain urrun eramateko».
Uste dute garrantzitsua dela belarriprestak erakartzea, horrela ahobiziak indartzeko
Lehen edizioaren arrakasta orokorra izatea tokian tokiko dinamikek egin zutelakoan, herri batzordeak indartzea ere ekarri dute beharren lehen lerrora.
Publicidad
Aniztasuna bermatzea, iniziatibak hartzea, lankidetzak bilatzea, terreno berriak zabaltzea, eta egin gabe dauden lanketak plazaratzeak izango du, iaz bezala, aurten ere garrantzia. Horretarako, «herri batzordeen dinamikak marko argi batez eta baliabidez indartu beharko dira, ariketa bera hobetzeko», adierazi zuten.
Elkarrizketarako mahai handi horren laugarren hanka norbera izango da. «Ez da kanpo-ekitaldi bat –nabarmendu zuten–, bakoitzak barneratu eta bakoitza indartu beharko duen ariketa soziala da. Guztion lanak indartu eta indarrak babestuko dituen hats luzeko dinamika izango da, beraz».
Publicidad
Frustrazio sanoak
Indarguneez gain, baina, ahulguneak ere izan zituen 2018ko Euskaraldiak, antolatzaileek «frustrazio sano» bezala identifikatu dituztenak. Multzo horretan sartu dute «ariketa %100ean ulertu ez izana eta jendarte zabalagoa ez hunkitzearen sentsazioa».
Horren harira, antzeman dute «ahobizi eta belarriprest rolak eta ariketaren eginkizunak zehatzago definitzearen beharra, denbora hartuz pedagogia eta prestaketa lanetan, ariketa urrunago eramateko».
'Gehiago, gehiagotan, gehiagorekin' leloarekin, praktikan hobetzera animatu nahi dute
Euskaraldiaren lehenengo edizioan 225.000 pertsonek parte hartu zuten. Horietatik, %73a ahobizi izan zen eta %27a, belarriprest. Antzeman zuten, baita ere, emakume gehiago izan zirela eta adinean zein lurraldeen banaketa, paretsua.
Publicidad
Prentsaurrekoan elkartu ziren elkarteetako ordezkarien esanetan, Ipar Euskal Herrian ere arrakastatsua izan zen 2018ko ekimenak, 64 herri edo eskualdetako 6.013 pertsonak parte hartu baitzuten, %72ak ahobizi gisa, eta %28ak, belarriprest bezala. Bestalde, 20bat herriko etxek Euskaraldia ekimenaren barne izateko hitzarmena izenpetu zuten. «Herri batzordeek sekulako garrantzia izan zuten ekimena tokiko errealitateetara egokitzeko».
Euskaraldiaren azterketa lanak argitu zuen. «Ariketa lehen urrats bat izan da hizkuntza ohituren aldaketan, eta orain sakondu beharra dago, eta eremu berrietara zabaldu».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión