InSight modulua Marten irudikatzen duen lana.

Bien bitartean, zertan dabil NASA?

Hil honetan abiatzekoa zen InSight misioa 2018ra atzeratu badu ere, «gizakia Martera eraman dezakeen» motorraren aurreneko saioak egin berri ditu

m.i.

Lunes, 14 de marzo 2016, 16:19

Hasiera batean, 2009an, ESA Europako Espazio Agentziak eta Estatu Batuetako NASAk partekatzen zuten proiektua zen ExoMars, astelehen honetan Schiaparelli modulua espazioratu duena. Une honetan, baina, ESA eta Roscosmos errusiarraren arteko kontua da, 2011an, aurrekontu arazoak argudiatuz, NASA programatik irten baitzen, egitasmoa arriskuan jarrita. Edonola ere, agentzia estatubatuarra ez da zeharo apartatu egitasmotik, hark garatuak baitira ExoMarsek daramatzan 'Electra' telekomunikazioetarako tresnak. Hala ere, NASAren esku-hartzea ez da inondik ere hasieran aurreikusten zena, Marteren bertatik bertarako esplorazioari dagokionez bide propioa hartzea erabaki zuen baitzuten estatubatuarrek, Mars InSight misioaren bitartez.

Publicidad

InSight martxoak jaurtitzekoak baziren ere, iragan abenduan iragarri zuten bertan behera utziko zutela jaurtiketa, CNES agentzia aeroespazial frantziarrak eraikitako sismometroan antzemandako arazoak tarteko. Duela egun batzuk, martxoaren 9an, NASAk aurreratu zuen 2018ko maiatzean egingo dutela berriro saioa, sismografoak dituen arazoak Estatu Batuetan bertan konpondu ondoren. Sismografoa, hain zuzen, misioaren osagai nagusietako bat da, horren helburua baita Marteren barrualdea ikertzea, sismografoaren bitartez mugimendu sismikoak moniorizatuz.

InSight, une honetan, Lockheed Martin Space Systems konpainiak Denverren (Colorado) dituen biltegietan dago, konpainia horrek eraikia baita. Etenaldiaren ondorio ekonomikoei buruzko eztabaida bizia da, bestalde, NASAk ez baitu argitu ze kostu izango duen guztira 425 milioi dolarreko aurrekontua duen egitasmoa bi urtez atzeratzeak. Hilaren 11an 'Nature' aldizkarian argitaratutako artikulu honen arabera, ordea, kostua handia izango da, 150 milioi dolar ingurukoa, eta eragin zuzena izango du beste misio batzuetan. NASAk proiektu honekin izan dituen arazoek, alegia, beste misio batzuk atzeratu egingo omen dituzte.

Arazoak arazo, ordea, NASA ez dago egonean Marteri dagozkion proiektuetan. Espazioak eskain ditzakeen aukerak aztertzeko eta baliatzeko gaitasuna duten potentzien arteko lasterketan urratsak egiten jarraitzen du, eta iturriren batzuen arabera hara iristen aurrenak izateko plan sekretuak ere badituzte Estatu Batuek.

Baina dena ez dago isilpean, ezta gutxiago ere. NASAk berak iragarri du «urrats handia» egin duela Marterako bidean. Eta urrats hori izan da «gizakiak espazioko urruneko jomugetara, asteroideetara edo Martera kasu» eraman ditzakeen motorra probatzea. Joan den ostegunean, martxoaren 10ean, hurrengo 'espaziontzi astuna', Space Launch System (SLS) delakoa, bultzatuko duten motorrak piztu zituzten, eta zortzi minutu pasatxo eman zituzten piztuta. Helmuga Marten daukan lasterketan, beraz, inor ez dago geldirik, eta NASA ematen ari den pausoen berri Journey to Mars gunean jaso daiteke, ingelesez.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad