Hiritarrak | Kepa Errasti Gorroño
«Euskara batuari naturaltasun dramatikoa eman behar diogu»Madrilen da Oholtzetan. Haurrekin. 'Cola de pez' antzezlana itzuliko du ere
Begoña del Teso
Martes, 19 de diciembre 2023, 07:39
Madrilen da lanean Bertolt Brechten 'Ama kuraia' euskaratu eta ekoiztu zuen aktore-ekoizle fama handiko eta izen oneko atxabaltar hau. Madrilen lagun, kide, konplize duen Maria Goirizelaia dramaturgoak aurrera eramandako proiektu batean. Bueltatuko da gurera hemen mugitu nahi duelako maiatzean estreinaturiko 'Postdatarik gabeko gutunak' bakarhizketa. Euskal Herrira bueltatu behar du 2024ko amaieran estreinatuko baita 'Cola de pez'. Euskaraz estreinatu ere 'Erreka Mari' izenburuarekin. Eta bera dugu itzultzaile lanetan
Publicidad
&ndash 'Nuevos dramáticos' du izena urtea amaitu arte esku artean duzun abenturak. Kontatu, arren.
&ndash Centro Nacional Dramaticok bultzaturiko egitasmo/programa da. Haurrak antzerkira hurbil daitezen du helburu. Badira urte batzuk afan horretan dabiltzala. Urtero dramagile, antzerkigile bati egiten diote enkargua, haurrentzat eta haurrekin taularatuko den lan bat burutzekoa. Aurtengoa, 'Altsasu', 'Yerma', 'Nevenka' lanak sortu dituen Maria Goirizelaiari egokitu zaio erronka eta berak, lagun eta lankideak garelako, niri deitu bertan parte hartzeko.
«Erreparua ematen zidan bakarhizketari heltzeak. 'Postdatarik gabeko gutunak' horren istorioak hari bat zezan nahi nuen. Lortu dudala uste dut»
&ndash Nolako proposamena da Ane Pikazarekin batera La Dramática Errante antzerki zigilua sortu zuen autorearena?
&ndash Zera aztertzen dugu lau aktore profesionalek eta hainbat antzerki tailerretan ikasle/sortzaile izan diren haurrek: gaur egungo teknologiek nola aldatu dituzten gure jolasak, gure denbora pasak, gure elkarren arteko harremanak. Ez, ez da teknologia berrietako gailuen kontrako diskurtsoa. Inolaz ere ez. Gure baitako gogoeta da. Mezurik? Zentzuzkoena: sano erabili behar ditugu. Bai gailuak bai sareak bai pantailak. Askoz gehiago gozatuko dugu horrela egin ezkero. Aktoreek ez dugu pertsonaiarik antzezten. Gu geu gara. Haurrekin partekatzen dugu Maria Guerrero antzokiaren Princesa areto txikiko oholtza. Noiz behinka, gu ere, antzezle helduok, haurrak bilakatzen gara agertokian. Oso lan polita da. Emanaldiak, egun askotan mukuru beterik ditugu.
&ndash Ostiralean Andoainen estreinaturiko 'Cola de pez' lanak, Egoitz Sanchezenak elkartu gaitu zu izango baitzara euskarara ekarriko duena. Kriston lana, nik uste, 'Cine de barrio', Espainiako folklorika izugarrienak eta Tele5ko Mamachicho haiek txikitan miresten zituen gizaki baten istorioa kontatzen baitu atrebimendu osoz eta guztiekin.
&ndash Aukera polita eta erronka itzela. Baina ez diot beldur berezirik Lola Floresek , Rocio Juradok eta besteek euren kantuetan erabilitako hizkuntzari. Nire irudiko, kontu asko itzulezinak dira mintzo bakoitzak badituelako bere sena, 'duende', txispa, 'mojo working'. Gainera, gizarte elebidun, eleaniztun batean bizi gara eta ederki dakigu zein mintzaiari dagozkion hainbat eta hainbat hitz, esamolde eta esateko era. Bestalde, kulturak, geografiak, Historiak, herri baten bizipenek gogor markatzen dituzte mintzoak. Askotan, zein hizkuntzatan diharduenaren arabera definitzen da protagonista eta zuk zeuk islatzen duzu pertsonaia. 'Altsasu' euskaratu nuenean, ezinezkoa zen Goardia Zibilak euskaraz aritzea. Hizkuntzak gatazkaren beraren oinarrian baitziren. 'Cola de pez-Erreka Mari' ren protagonistak badaki noiz ea zergatik hitz egiten duen euskaraz eta noiz, koplak kantatzen dituela, espainolez.
Publicidad
&ndash Euskarazko klaseak ematen dituzu 1995ean sortu zen Arte Eszenikoen Tailerra maila handikoan, 2010ean Euskal Aktore Batasunak Besarkada Saria eman zion eskola horri, non aktoreen formakuntzan, bi hizkuntzatan antzezteko gai izateko baldintza sartzen den. Ba al du zer ikusirik horrek guztiak jarri dugun goiburuarekin?
&ndash Baietz esango nuke. Alde batetik egia da, egia borobila, kamera aurrean zein agertokian euskalkiak tresna bikaina direla pertsonaien izaera ziztu batean ezagutuarazteko eta ikusleek beren inguruabar sozial, geografiko eta inkluso bizi izan diren garaietan kokatu ahal dezaten. Hala eta guztiz ere, euskara batuari, euskara araupetu horri, naturaltasun dramatikoa eman behar diogula pentsatzen dut nik. Ez dadila arrotz izan belarrietarako. Antzezlanak gaztelaniaz entzuten ditugularik, erabiltzen den hizkuntza estandarizatua ez zaigu arraro egiten. Ezta pelikulak beren ingelesezko edo frantsesezko bertsioetan aditzean. Guk, Xake produkzioak aurrera, arrakasta handiz, atera genuen 'Mami LeBrun'en euskalkiak zeharo arma potenteak izan ziren kontakizunaren erritmoa markatzeko. Baina nik apustu egiten dut (ere) euskara arautu horren alde.
Publicidad
&ndash Bukatzeko, zer da 'Postdatarik gabeko gutunak eta noiz izango dugu berriro inguruetan?
&ndash Xake gure konpainiaren azkena, Gazteszenan eta Tolosan maiatzean estreinaturik. Preso izandako bat libre geratuko da ordubete barru. Bitartean, kartak bidali izan dizkio ezezagun bati egingo dio hitz. Badira eszenan pentsamendu filosofikoak baina ez zaio umore falta. Nirekin oholtzean, Charlotez jantzitako piano jole mutua. Mugitzen hasiko gara berriro antzokietan. Laster.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión