Hiritarrak
«Ekoizpen masterretan gaude biok. Sortzaileok ekoizleak ere bagara, hobe»Lorea Lyons, Ane Ines LandetaShenzhen hirian saritu zuten beren laburra Deban izan zen ikusgai
Ibilbide polita dute sorkuntzaren unibertsoan nahiz eta oraindik 'Azkena' laburra baino besterik egina ez izan. Biak bizkaitarrak izanik, aita du ingelesa Loreak eta familiari bisita egin dio egun hauetan, Animadeba zinemaldian beren lana aurkeztu eta gero. Biak ari dira ekoizpenaren inguruko masterrak egiten Madrilen. Bata 'Producción Audiovisual' izenekoa. Bestea, 'Gestión de la Industria Cinematográfica'n ari da trebatzen. Debako Panorama sailean aurkeztu zuten beren lana, konpainia ezin hobearekin, Izibene Oñaederraren 'Etorriko Da (ta Zure Begiak izango Ditu)', Donostiako Fantasiazko Astean saritua, arratsalde berean jarri zuten antolatzaileek pantailan.
Publicidad
– Arte Ederrak eta Komunikazioa ikasita EHUn, biak sartu zineten Bilboko Zinema Eskolan, animazioaren espezialitatea aukeratuz. Irakasle primerakoak izan dituzue bertan eta harago.
– Bai, eskarmentu eta izen handikoak. Ikaskideak, lagunak eta bidelagunak ere ez ziren hala moduzkoak, 'El sueño de la sultana'n ekoizle ibilitako Diego Herguera, 'Areka'n parte hartu zuen Kote Camacho, Begoña Vicario bera, Zinebi zinemaldiaren zuzendaria izandako Vanesa Fernández... Ezinbestekoa izan zitzaigun 'Go!azen' telesailean jardun duen Ana Homaetxea gidoigilearen mentoretza. Ikaragarriak izan ziren 'Kurt Valley'eko autorea den Maider Oleagak emandako klaseak, zuzendaritza laborategi antzeko batean sentitu izan baikenuen gure burua...
«Hasiera batean pentsatzen genuen errazago izango zitzaigula animazioa bestelako zinema baizik. Oker geunden. Ez genekien zenbat kostatzen den animaziozko minutu bat burutzea...»
–Izar bere ekoiztetxearekin 'Non dago Mikel?' edo 'Bi urte, lau hilabete eta egun bat' kaleratu izan dituen Izaskun Arandiak lurrera ekarri zintuzten, antza, zinema industriaren eta merkatuaren nondik norakoa argi utziz...
– Berarekin ikasi genuen bai, hobe zela aldi berean sortzaile eta ekoizle jardutea, zinemak dituen arlo, alderdi guztiak gure eskuetan izan daitezen. Asko hitz egin dugu horretaz Deban, hara hurbildu diren zinemagileekin. Ikusi, ikasi eta komentatu dugu ere zeinen ezberdinak diren zuk sortzaile bezala buruan dituzun irudiak, sekuentziak, marrazkiak, eta teknikariek dituztenak.
– A bai?
– Zeharo. Oso. Eta zinemaren parte hori ere ulertu, kudeatu behar duzu. Hasi berriak, oso hasi berriak ginen 'Azkena' egiteari ekin genionean. Egite prozesuan sufritu eta ikasi genuen asko.
– Aktore prestakuntza ere baduzue, musika ikasi duzue, tauletan aritu zarete 'Gorki' antzezten, zinema argazkigintza ikastaroak egin dituzu zuk, Ane, eta Euskadiren eta Argentinaren arteko ekoizpenak bultzatzen dituen Labko ekimenean hartu duzu parte zuk, Lorea. Kamera harturik, di-da batean kalean filmatzen diren film laburren festibaletan ibili eta irabazi ostean, nolatan animazioan sartu?
Publicidad
– Egia esatearren, gure burua ez baikenuen gauza ikusten bestelako zinema motan aritzeko.
– Zer dela eta? Ezin sinetsi...
– Apuro ematen zigun, beldurra ere, talde handi batekin lan egin beharrak. Ez genuen gure burua ikusten teknikari eta aktore askori aginduak, argibideak ematen...
– 'Pánico escénico' 'Stage fright', 'Taulari izu' dirudi horrek...
– Antzeko zerbait, bai. Beraz, nahiago izan genuen kasik intimitatean ekin, jardun. Erreparatzen badiozu IMDB webak dakarren fitxa teknikoari, gu gara idazleak, gu zuzendariak, gu ekoizleak. Gutaz gain agertzen diren bakarrak ahotsa jartzen duen Ainhoa Larrañaga eta muntaketaren prozesuan lagundu zigun Olaia Nogales dira. Segurago sentitu ginen horrela. Alta...
Publicidad
– Zer?
– Oso zaila suertatu zitzaigun. Goian komentatutakoa, ez genekien zenbat denbora luze kostatzen zuen animaziozko minutu bakar bat aurrera ateratzeak.
– Ardura, kezka, beldur horiek guztiek ordainsari ederrak izan dituzte; Deban saritu zuten proiektua, Bilboko Zinebin estreinatu eta... Txinan garaitu!
– Debakoa eta Bilbokoa izugarria izan zen etxean geundelako baina Shenzhen hirian sarituak izateak ustekabean harrapatu gintuen. Jaialdi asko korritu izan ditu 'Azkena' gure lanak baina, pentsa, Txinako hiri teknologikoen artean teknologikoena omen den hartan, China International New Media Short Film Festival izena duen jaialdi batean, gu irabazleak!! Eta sinetsi ala ez, han ginen, haraino ginen joanak.
Publicidad
– Amatasunaz dihardu 'Azkena'-k. Era poetiko eta mingots batez. Artxiboko materialak erabiliz, familia batean, belaunaldiz belaunaldi amak izan diren emakume guztiak lotuz...
– Egun, egile askok erabiltzen dituzte tiraderetan gordetako familia-argazki zaharrak unibertso bat sortzeko. Irudi horiek lagundu gintuzten islatu nahi genuen testuingurua finkatzen, mugatzen. Foto horiek eman ziguten testuingurua, bidea markatu ere bai. Horien gainean egin genuen marraztu, animatu.
– Bazatozte Zinemaldira?
– Hortaz ari gara hizketan, noiz, nola, zein pelikuletara, zein foro edo topaketetara hurbildu...
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión