Hiritarrak
«Egiturak eta materialak bermatutako diseinu denborazkanpoko hori...»Joseba Manterola Esnal Aitona Josek berak egingo zituen altzariak marrazteko esan zioenetiko urteak
Ez du zuhaitz genealogiko makala Barne Arkitekto honek. Ez arbasoen aldetik ez ondorengoen aldetik. Ezta Ixa emaztearengandik tokatzen zaion horretatik. Aita Antonio, kamioilaria izandakoa. Ama Kontxi, aitonarekin batera ebanisteria kontuetan aditua. Aipaturiko arbola horretan Batista Oliden eta Imanol Ikutza arraunlariak aurkituko genituzke erraz asko. Eta bi alaba futbolari: Ainara eta Leire Manterola Ikutza. Ez dira bi horiek bakarrik futbolean trebe. Ainarak badu jarduera fisikoan eta osasunean bideraturiko zentro bat Orion eta Leire emagina da. A, Idoia Etxeberria harri-jasotzaile prestua du iloba itsas erromesa izandako Josebak. Orion bildu ginen, Xixario erretegitik ez oso urrun, Kontxan gizonezkoen sailkapenak baino bi ordu aurretik. Ekin izeneko bere enpresan.
Publicidad
– Beraz, marrazten abila, iaioa zinen txikitan, gaztetan.
– Bai, eta aitonaren enpresan lanean hasi nintzen ebanistak eta altzari egile familia zirelako. Baina nik marraztu baino gehiago nahi nuen egin. Niri obra, obra bera, obran izan, obraren usaina, obra batean eginbeharrak, obra batean sortzen den mugimendua nuen, dut eta izango dut (beti) gogoko. Gogoko bainoago: pasio, pasio erabatekoa. Obra eta ordena. Beharbada ez dut perfekzio absoluta bilatzen baina bai espazioak, egiturak, materialak exijitzen didaten orreka hori.
«Obarioak behar dira pasa asteazkeneko itsasoan arraun egiteko. Eta obarioak izan zituzten»
– Momentu batean, beraz, marrazteari utzi zenion.
– Marrazteari utzi? Ezta pentsatu ere. Hor nuen aitonak mahai gainean jarri zizkidan Paralex tablerua, kartaboiarekin, erregelarekin. Marrazteari utzi? Inolaz ere ez. Miliaka koardeno dut, marrazkiz beterik. Marraztean aurkitzen dut nik aipatu dizudan orden hori. Ez, marrazten jarraitu nuen baina Barne Diseinua ikasteari ekin nion. Hasiera batean, Secundino Esnaola kalean zen eskolan (gogoan dut behean zegoen puba, zelako parranda gauekoak!). Eta gero, Zaragozan.
– Zure lehen proiektu-enkargua?
– El Alambrero jatetxea zuenak beste bat ireki nahi zuen eta obra osoa niri enkargatu. Bai bertigo zoragarria! Haztegia eta guzti diseinatu nuen. Izan nuen jada gurekin ez den Jose Luis beirategile ezinhoberaren laguntza. Pasioz betea zen bera ere. Egia dio-tsut, nirekin lanean den jendeak nik obrarekiko dudan lilura hori ez badu erakusten, sentitzen, akabo, alferrik, ezin aurrera egin.
– Handik gero, ziento bat eraikinetako barneak diseinatu eta aurrera eraman izan dituzu.
– Bai baina ez pentsa, nire enpresarekin hasi orduko Donostiako hainbat eta hainbat etxe dotoreetan lan egina nintzen nire aitona Jose ebanista fina, goi mailakoa zelako eta Donostiako zein Gipuzkoa osoko luxuzko bizileku askotan bere obrak daude.
Publicidad
– Zer sentitzen da 300 metro karratuko pisu bat zaharberritzeko mandatua jasotzean? Jakinda ere, behekoak, antzekoa izanik, bi milioi eurotan saldu dela?
– Lehengoz eta behin hiri honetako historiaren (jarri minuskulaz nahi baduzu) zati ezkutatu baten aurrean, barruan, hartua, senti-tzen zara. Sartu naizen etxe askotan bazen neskameek eta morroiek erabiltzeko bainu estu estua, inodoroa baino ez zuena. Bazen ere ate txiki bat eskailera misteriotsu batzuetara eramaten zituena. Otseinek ezinbestekoa zuten ate hura eta eskailera horiek erabiltzea ezin baitzuten klase handiko biztanleekin, ezta bere bisitariekin ere juntatzea atarian edo eskailburuan. Badira ere korridore ilunak eta aspaldi aspaldiko objektu bitxien bilduma hautsez beteak altzarien gainean.
– Baietz mamu, arima erratuen aztarnak aurkitu dituzula. Askotan espiritu horiek ez dira maleziaz beteak, ez izan beldurrik.
– Amodio toxikoak existitzen direla badakigu. Nire lan eskarmentuetan bezero toxikoak eta etxe toxikoak ere badirela baieztatu dut. Alta, espiritu alderraiak zintzoak izatekotan, saiatzen naiz beraiek ere gustura izan daitezela nik birmoldaturiko lekuetan.
Publicidad
– Estimatzen da, lagun. Baina nola ordea? Mendeetan zehar korridore goibeldu batetik pasa den mamua arraro sentitu behar etxe moderno horietako batean.
– Nik ez dut etxe barne modernorik diseinatzen.
– Ez? Pozten naiz. Orduan?
– Denborazkanpokoak, atenporalak, denboragabeak baizik.
– Nola? Ordenagailuan dituzun ehundaka proiektuen irudiek oso gaurkoak ematen dute.
– Ados baina ez baduzu dena eraitsi behar eta bireraiki; egitura gordetzen baduzu (hormigoia, esaterako), benetako materiala (harria, kasu) mantentzen baduzu eta egurrak ematen duen gozotasuna baloratzen badakizu, zure diseinua denboragabea izango da, bertakoak gustura biziko dira hantxe, toxikotasuna kenduz gero, emozio ederrak ager-tzen baitira eta espiritu zintzoek ez dute inor molestatuko.
Publicidad
– Hala bedi. Zergatik deitu dizut itsas-erromesa?
– Lagun talde batekin Donejakee Bidea egin nuelako itsasoz. 13 egunetan. Gogorra bezain miresgarria. Ezin irudikatu zelako ezberdina den Kantauria Muskiz pasata. Dentsoagoa, gazituagoa. Emakorragoa. Braboagoa. Itsaslabarrak seko sartzen dira uran. Eta bai, Fisterrara iristean, Portugalerako noranzkoa hartzen baduzu, lurra hor bukatu izan zaizula pentsatuko duzu. Eta goian esandakoa. Kontxako Bandera amets, arraun egin zuten emakumeek obarioak dituzte.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión