Hiritarrak
«Bizi ditugun momentuak ez ditugu ahaztuko, Luque eta Murteiraren bisitak...»Pablo Soraluze, Ignacio Arakistain, Aritz Arambarri | Liburu bat, erakusketa bat
Igoa, Agirre eta Goenaga dute bigarren abizena. Azpeitiar peto petoak dira hirurak. Pablok, Arte Ederrak eginak dituenak, plastika irakasle jarduten du herrian. Ignaciok, Donostiako Kontserbatorioan eta Vienan ikasi zuen musika, sari ugari eskuratu ditu eta organo-jotzailea da. Aritz Arambarriren azken-aurreko balentria Jose Antonio Morante De La Pueblari Bilboko plazan egindako erreportaje berdingabe bat izan da. Lehena, aldiz, 18 urterekin burutu zuen. Iazko Donostiako Klasikoan. Primoz Roglic karrerista finak eroriko ikaragarria sufritu zuen bertan. Hurbil zegoen Aritz bere kamerarekin eta argazki izugarria lortu zuen, Primozek berak bere sareetara igo zuena. Ez da harritzekoa, ba, hirurek kaleraturiko 'A_Zpeitia' liburuak eta Saninaziyuek-etan zezen plazan jarritako erakusketak jendearen lilura eta harridura piztu izana
Publicidad
– Azal dezagun, Azpeitikoak ez direnentzat, Urolako feriyan izateko aukera eta zoriona izan ez dituztenentzat, erakusketa jarri zenuten tokia. Izan ere, hortxe ateratzen zarete argazkian
– Plazan dituen txokoetako bat da. Luzez izan da itxia, erabili gabe. Harrizkoak ditu hormak eta koba bat dirudi. Gu agertzen garen lekuan ( liburu ale batzuk sakabanatu ditugu bertan) gero harean borroka egingo zuten ahariak pisatzen ziren. Zelako komeriak jabeenak,nahi zuten pisua lortu ahal izateko! Abandonaturik izan da zulo miresgarri hau baina lan handiz berreskuratu izan dugu. Nahi dugu bertan zezenen unibertsoak (eta beste askok) merezi duten ikusgarritasuna eman. Pena, pisaketarako balio zuen gailua kendu behar izana. Historikoa zen, bai, baina baldintza txarretan zegoen.
«Ez genuen nahi argazki horiek artxibo digital batean geratzea, betiereko, zezenketari darion perfume estetikoa gorde eta partekatu baizik»
– Polita zezen plazan kulturarako, arterako, zabalgune bat izateko asmo hori, Azpeitikoa beste askoren graduan jartzen duena...
– Halako zerbait nahi genuen lortu, bai. Madrilgo Ventasek badauka, bai, bere museoa. Bilbokoak ere (bertan atera dizkio Aritzek hainbat irudi oso toreroak Moranteri...) Guk uste, maite dugun mundu horrek duen Artearekiko lotura sakondu behar da. Sakondu edo zezenak gustuko izan arren, horretaz pentsatu ez dutenei zabaldu, hurbildu. Zezenetara zoaz bai? Ba, gin tonika hartzen duzun bezala, sartu museoan, ikusi azken erakusketa. Horrela, zure zaletasunak sustrai sendoak dituela antzemango duzu. Erro fuerteak musikan, pinturan, literaturan. Guretzat garrantzi handikoa da Albert Serraren 'Tardes de soledad' filma. Ezin hobe, ezin era ederragoan hurbildu dizkigu zezenketa batek dituen soinuak, isiluneak, magia, misterioa, mina, koloreak, estetika...
– Izan ere, zezen zein zinema afizionatu askoren esanetan, zuen liburuko hainbat argazkitan Albertek erabilitako tonu, kolore, giro bera sumatu dute. Espazio konposizio bera ere.
– Eta horrelakorik entzuteak biziki pozten gaitu arreta handiz eta maitasun osoz zaindu ditugulako bai liburua bai erakusketa. Nahi genuen ere zezenen munduak abstrakzioarekiko duen harreman estu eta sekretua gorde. Liburuaren diseinuaz Ainhoa Goenagak hartu du ardura eta Oñatiko Gertu enpresak inprimaketarena. Izan dugu beti lagunen eta senideen laguntza. Azpitiko Zezenzale Batzordearena ere bai.
– Batzorde Txit Gorena, Moranterekin, 'Almirante' zezenarekin, Ana Romero edo Murteira Grave bezalako ganadutegiekin edo Daniel Luque bezalako maisuekin batera, Azpeitiko ferirako zezenen munduaren estimu eta errespetua lortu duena... Portzierto, kontatuko gure lerroburuan aipatu momentuak?
Publicidad
– Azpeitiko zaleek horrenbeste estimatzen duten Daniel Luquek (badakizu Roca Reyek errefus egiten diola berarekin neurtzeari plazetan...) bisita egin zigunean, orrialde honetako irudiaren hondoan den bere argazkia sinatu zuela. Hemen 2023an indultatua izan zen 'Almirante'ren ganaderua den On Joaquin Murteira gure koban sartu zenekoa... Gasteizko Peña Taurina Paco Ojedaren fundatzaile eta kide bakarra den Luis Berasategik liburua erosi zigunean. Berak esanda, Ojeda bakarra zen plazetan. Beraz, zilegia da bere peñak kide bakarra izatea...
– Aritz, zezenetan baino, txirrindularitzan duzu zuk eskarmentua. Zelako inpresioa 2023ko ferian zezenketaren istantak jasotzen hasi zinenean?
– Zeharo ezberdinak dira sentsazioak. Baita batean eta bestean izan behar duzun jarrera ere. Ziklismoaren nondik norakoa nahiko ondo ezagutzen dut. Zezenketaren liturgia hasita naiz, oraindik, nireganatzen. Saiatu nintzen txirrindularitzan erabilitako teknika plazan aplikatzen. Alferrik. Lasterketetan ez bezala, hemen detaile guztiek dute garrantzia.
Publicidad
– Ignacio, musikak gidatu zaitu zu testuak idazterakoan...
– Liburuak badauka obertura, interludioak eta koda bat. Zezenketa batek Wagnerrek maisuki erabili zituen antzeko hamaika leitmotiv ditu. Azpeitikoan herio-zortzikoak markatu berezko ingurumena bada, esperantza eta herioa elkartzen dira bertan.
– Pablo zure marrazkiak....
– Ganadutegietako dibisek duten laukia hartu dut oinarri. Saiatu naiz argazkietan ikusten dena ez errepikatzen, Irudi klasikoak hartu ditut sinbolo eta Manolo Sanlucarri egin diot omenaldia.... Harro gaude. Liburuaz, Feriyaz.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión