«Atmosfera sortu aurretik, Lurrak pilota baten itxura izan behar zuen; biraka»
Jabi Cruz, Mikel, Angelica, Ainhoa Jaizkibeleko kostaldetik Lizeoko belardira eta Campuseko paretara
Paisaia eskuetan' du izen izenburu abentura honek, Jabi Cruz Arrillaga HEFA Fakultateko irakasleak eta Mikel Elorza Aguirre marrazkilariak, (egun errefuertzoko maisua Santo Tomas Lizeoan) aurrera eramandako honek. Angelica Villalba Martinez eta Ainhoa Aranburu Urruzola Arte Ederrretan lizentziatuekin ibili dira konplizitate osoan. Carlos Santamaria Zentroan geundela, jolas serio honetan parte hartu duten hainbat ikasle agertu ziren. Mozorroturik. Ostiral Flakua zen eta.
Publicidad
– Pilota baten itxura... biraka? Non biraka?
– Espazioan.
«Saiatu gara Naturak egiten duena arte jolas batean imitatzen: hondarra, harriak, belarrak lekuz aldatzen, tindatzen, alikatatzen»
– A. Beraz, atmosfera sortu aurretik, Lurrak pilota baten itxura behar zuen izan...
– ...Espazioan biraka. Italok horrela irudikatu zuen, bederen.
– Italok?
– Calvinok.
– Zuek laurok aipaturiko eta mila aldiz irakurritako 'Agerikotasunaren pedagogia' horretan?
– Ez. Italiako periodikuetan argitaraturiko 'Le cosmicomiche' umorezko ipuinetan. Bertako esaldi hainbat hartu dugu, ukituz gero, piskanaka eta apurka ezabatuko diren azetatoetan idazteko. 'Posca' errotuladore horiekin markatuz eta gardenkia (transparentzia)moduko euskarri batean tintaz betez, paisaia fantastikoak sortuko dira proiektagailu baten bitartez. Hain fantastikoak ezen paretetan mugitzen ikusiko dituzun. Eta zuk bertan sartzeko aukera izango duzu
– Alta, azetoa baino lehen, lurra izan zen. Alta, EHUko Carlos Santamariako hormetara ekarri aurretik eta Tabakaleran ekoizpen lanetan jardun baino lehen, motxila hartu eta mendi botak jantzita, luzez ibili zinetn Jaizkibelen, Lynchen 'Dune' filmaren paisaia diruditen 'paramundra' harkaitz horien artean.
– Bai horixe. Hezkuntzarako proposamena bada ere, edo, hain zuzen ere, hezkuntzan jorratzeko burutazioa delako, plazera ezin baztertu. Mendian ibiltzeko plazera, itsasoa entzuteko gozamena, Jaizkibeleko fauna (bai animaliena, bai giza-fauna ere) ezagutzeko delizia... Artea nahi genuen egin Naturan. Naturarekin, Naturak egiten duen moduan.
Publicidad
– Izan bazen eta bada Land Art, Lant, Earth art, Earthwork izeneko mugimendua, justu horixe proposatzen duena, bide beretsuan zebilena/dabilena.
– Halaxe da. Artistek Natura darabilte lehengai eta aldi berean Natura bera itxuraldatzendute. 'Interbenitu' eta gero, sortutako paisaia berria, eskultura edo Arkitektura-objektu hori, bertan uzten dute, Naturak, eguraldiak, denborak beren egin dezaten.
– Tximeleta Efektua datorkit burura. Eta ez dakit onerako ote...
– Egia Land Art horretan maiz erabili izan zirela makina hondeatzaileak, bulldozerrak eta antzekoak, lur, fauna eta floraren mugimendu eta leku aldaketa handiak eraginez baina gure interbentzioak edo sormen-lan horiek txiki-txikiak izan dira. Esandakoa, guk Natura egiten duen gauza bera, jolas bera, egin nahi izan genuen. Naturak bere baitan sortzen dituen paisaiak (fantastikoak zein kasik benetakoak) oso iragankorrak dira, suntsikorrak. Ba al dakizu nor ibili den bandalo moduan gure lanarekin?
Publicidad
– Igandeetako txangozale horietako bat edo beste?
– Ez pentsa. Giza-fauna oso interesgarria aurkitu genuen bertan. Meditazio momentuan zegoen anbulantzia gidaria bat, itsaso ertzean, habitoa pixkatxo altxaturik, plisti-plasta zebilen moja talde bat, norakoa galduta zuten Lapurdiko batzuk... Baina ez, horiek guztiak fin portatu ziren gurekin. Ez, bandalo moduan ibili zena, horrelakoxea duelako izaera, itsasoa izan zen. Sortzen genuen guztia ezabatzen zuen gora egiterakoan. Baina mareen orduak jakinda, denbora ematen zigun argazkiak egiteko. Hala ere...
– Zer?
– Batetik, Naturak berak sortzen duenak Naturak berak ez-sortzen du. Haizea dela, areetan dauden bizidun horiek (guretzat ikusezinak direnak, askotan) direla, kresala dela, gaua eta argia direla... oraintxe arte itxura zehatza zuenak ziztu batean galduko du.
Publicidad
– Artea Bizitza bezain motza...
– Denboraren harira, etxe aurreko jardinetan edota balkoietako baratz urbanoetan diharduen jendeari gertatu ohi zaiona egia borobila da: Natura material duzula Naturan zaudenean,'Zen' moduko aldarte estrainio batean sartzen zara eta goizaren atzetik eguerdia datorrela edo eguerdia pasatzean arratsean murgiltzen zarela ere ez zara konturatzen.
– Hala ere, ezin zenuten Zen moduko aldarte horri betiereko eutsi zuen sormenak bazuelako asmo eta helburu jakin bat.
– Badago Santo Tomas Lizeoko DBH.ko irakasleengan eta Lehen Hezkuntzan jarduten duten besteengan (Nerea Goikoetxea, Oihana Arregi); badago Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean ere ardura Artea beste era batez irakasteko eta ikasleenganatzeko. Horretan gabiltza gu laurok eta beste franko. Sor dezatela ikasleek Artea, joan daitezela artistak haiengana. Futbolariak dituzte idolo, bai, baina ez al dira agian harrituko sortzaileak berariekin batera sortzen ikusten ba dute? Zer gertatuko pandemia barruan,natura material erabiliz, natura sortzeko, azetato eta transparentzia bihurtzeko, pasaia fantastikoetan murgiltzeko aukera ba al dute, lukete?
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión