Arantzazura igotzeko egun aparta gaurkoa, eguraldiagatik eta bertako parajeak azaleko kezkak baretzeko duen ahalmenagatik. Han goiko handitasunak gauza bakoitza bere neurrian jartzen du. Igo daitezela ... Realaren ibilbidea amildegitik bota nahi dutenak eta ostegunetik negarrari eutsi ezinda dabiltzanak. Badago han eraikuntza dotore askoa gogoetarako. Gandiaga Topagunea izena du. Txuri-urdinen inguruan hainbeste galdera sortu direnez... Bihar betetzen dira gainera hogei urte Bitoriano Gandiaga poeta hil zela. «Tiriki, tauki, tauki, mailuaren hotsa. Tiriki, tauki, tauki, mailuaren hotsa. Etsipen kolpe bat da ukaldi bakoitza. Ai, oi, ai, ukaldi bakoitza». Etsipen kolpe bat izan zen bai Manchester Uniteden ukaldi bakoitza. Tiriki, tauki, tauki dabil kritikaren hotsa. Futbola bere gordintasunean. Arantzazu txerto onena.
Publicidad
Ilusioa handia zen, bai. Nola ez zen ba izango! Gure amonak «hil arte bizi» esamoldea erabiltzen zuen Gandiagak modu jantziagoan idatzi zuena adierazteko. «Igaro zaizkigu urteak, usteldu ere bai usteak, ia pott egin du gureak. Baina eta horra, oraindik ez dugu alde nahi hemendik honi ez diogu higuinik. Nahiz eta erostaz bizi bat ez du nahi hiltzerik gehienbat, iraun nahi du ahal den bezainbat». Eta hor dirau Realaren bideak. Hor ligako bosgarren postua. Hor Kopa. Hor joko-molde erakargarria, ez ordea hutsik gabekoa. Hor eguneroko mailuaren hotsa. Atzera begiratzea besterik ez dago nondik gatozen ikusteko. Mendia garaia dela jabetzeko. Gorago nahi genuela? Arantzazutik begiratzen hasita ere, gorago dago Aizkorri. Gandiagak zioen bezala, argia badator egun berrian. «Jendea eta gauzak egun berri bakoitzaren eskenategian ikusten ditut, egun berri bakoitzaren argitan, egun berri bakoitzaren argi berriaren irribarretan, aurrean eta gertu egun berri bakoitzaren grazia paregabean argi». Amen.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión