Zapia buruan

Bai horixe ·

Mendebaldeko emakumeok buruko zapia baino gauza zentzugabeagoak jantzen ditugu

Gaur bertan Iranen gertatzen ari denaren abiapuntua argia bezain ezaguna da: emakume gazte bat bertako hiriburu den Teheranen, kalean, derrigorrez buruan zapia daramala, legeak duela 40 urte pasatxotik nahitaezko bihurtua. Neskak, ordea, ez omen zeraman zapia behar den bezala jantzia, ile xerloren bat begi bistan omen zuelako. Bada zapiaren legea eta gainerako janzkerak zaintzen dituen poliziak neska atxilotu eta komisariara eraman zuen. Hogei urteko gaztea poliziaren zaintzapean zegoela hil egin zen eta geroztik oraindik bizirik dauden protestak gertatu dira kalean.

Publicidad

Irudi ugari dugu ikusgai eta bertan antzematen da nola protestagileek kentzen duten buruko zapia, ilea begi bistan utziz, nola mozten duten ilea, nola egiten duten oihu agintarien kontra. Irudietan ikusten dugu protestan ari direnen artean emakume batzuk zapia buruan daramatela, ez direlako zapia kentzera ausartzen edo ez dutelako kendu nahi. Zapia buruan dute, baina aldarrikatzen dute nahi duenak zapia kentzeko eskubidea duela, zapiak ez lukeela derrigorrezkoa izan behar.

Hemengo hedabide guztiek ematen digute protesta hauen berri eta azpimarratzen dute protestagileen ausardia, emakumeena eta haiekin batera kalean dauden gizonena. Ausartak dira, dudarik gabe, Irango polizia ez delako txantxetan ari, baina seguru nahiago luketela askatasun gehiago eta ausardia gutxiago izan. Gobernuak dio berrogeitik gora direla manifestazio horietan poliziak hildakoak, kopuru bikoitza gobernuz kanpoko hainbat erakunderen esanetan.

Aspalditik dugu hemen hiyab izena duen zapiaren inguruko eztabaida, are feminismoaren barruan. Batzuentzat arbuiagarri edozein baldintzatan, beste hainbatentzat zilegi, borondatezkoa bada. Zaila da kasu bakoitzean emakume batek daraman zapia bere borondatez jantzi duen erabakitzea ala aitak edo erlijioak derrigortuta.

Nire ustez, gure kaleetan hiyaba borondatez janzten duenak eskubide osoa du. Bertako emakumeok buruko zapia baino gauza zentzugabeagoak janzten ditugu eta esaten dugu borondatez jantzi ditugula, kaltegarri direla jakin arren, ez gaituela inork behartu. Adibidez orekari baten trebezia eskatzen duten takoiak edo arnasa galarazten duten kortseak.

Publicidad

Ai, zer nolako tema duen hainbestek emakumeon gorputza kontrolatzearekin eta ze zaila den eskubide berdintasunera iristea. Bitartean, ausart izatea tokatzen zaigu, derrigorrez, hemen bertan nahiz Irango kaleetan.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad