Urtebete daramagu asmatu ezinik nola menderatu birus malapartatua. Ez dakigu nora eta nola begiratu. Hasieran, egunak igaro genituen Ekialde Urrunera begira, han azaldu bazen xomorroa, bertan ezkutatuko zelakoan. Bai zera! Berehala genuen hemen lotsagabe-lotsagabe, ez aterik jo eta ez pasaporterik erakutsi. Erabat ustekabean harrapatu gintuen, eta hemen jarraitzen dugu noraezean, ardi galduak bezala.
Publicidad
Horrelako egoera zailak, askotan, gaiztotu besterik ez dira egiten denboraren joanean.
Egoera horixe baliatzen dute gizon argi ustekoek –iluminatuek– beren burua azaldu eta artaldearen aurrean jartzeko, gidari harro eta ahobero. Eta gu, ardi galduok, prest haien atzetik joateko otzan-otzan. Ez dugu ikasten. Hitler berriak nahi ditugu, nonbait; edo Trump indarberrituak.
Eta egoera zailetan, egoskorrago bihurtzen gara ardi egoskorrok ere. Iluminatu guztiekin aspertuta, geure burua jotzen dugu iluminatutzat. Eta ez diogu inori kasurik egiten. Ez dugu agintarien agindurik onartzen, ezta adituen esanik ere. Geu nahikoak gara geure burua gobernatzeko, mundu guztiaren kaltetan bada ere.
Agian, Ekialdera begiratu beharko dugu denok ere berriro, eta aintzakotzat hartu Gandhi handiaren hitz haiek: «Gaur egun, gure munduan horrenbeste nahaste baldin badago, gizakiari erreparatu behar diogu. Gizaki bakoitzak bere burua iluminatutzat jotzeko eskubidea aldarrikatzen du, baina ez du diziplinarik txikiena ere onartzen». Ez dago zaila hitz horiek gaurko egoerara egokitzen.
Agian, India bertako ipuin bat izango zuen Gandhik gogoan. Monje bat, bere maisu zaharra utzita, argi gehiagoren bila joan omen zen beste maisu batengana, konbentzituta zegoen-eta maisu zahar harekin ez zuela gehiago ikasiko.
Publicidad
Handik urte batzuetara, hor itzuli da monjea maisu zaharrari bisita egitera eta iluminazioa lortu duela esatera. Sandaliak erantsi eta sartu da maisuaren bordara. Honek agurtu du monjea, entzun ditu pazientzia osoz hark esandakoak, eta hor galdetu dio: ea nora begira utzi dituen sandaliak sarreran. Ikasle ohiak ez zuen erantzuten jakin. «Orduan, ez duzu ezer lortu», esan omen zion maisu zahar bezain zuhurrak.
Horixe izango da diziplina: erantzukizunez jokatzea geure sandaliekin, gauza txikienen kargu egitea. Orduan, sobera izango ditugu beste iluminazio guztiak. Eta, agian, xomorroa bera ere menderatuko dugu.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión