Politikoen sakrifizioa

Bai horixe ·

Esaten digute lanean larrua uzten dutela, lanera emanak bizi direla

Lunes, 15 de agosto 2022, 07:18

Ez dute ospe handirik jendartean politikoek. Edonork errepikatzen ditu oinarri eskasa duten lelo batzuk politikarien ofizioaz, guztiak mesfidantzaz josiak. Alferrak direla, gehiegi kobratzen dutela, nork berea defenditzen duela soilik, ez guztiona, guztiek jasotzen dutela soldatatik kanpoko diru bat, beti gehigarriren bat jasotzeko prest, ezkutuan, noski, handiustekoak, arroak, gezurtiak ... Ez zaigu axola topiko horiek egia apur bat duten ala ez, topikoak dira eta errepikatzen ditugu edo ez dugu protestarik egiten horrelako zerbait entzuterakoan.

Publicidad

Agian horregatik ahalegintzen dira gure politikoak lanari dioten atxikimendua goraipatzen. Guztiek esaten digute lanean larrua uzten dutela, ez dutela besterik buruan egun osoan, lanera emanak bizi direla, beste ezertarako tarterik gabe, ezta bizitzeko ere. Lo ere gutxi egiten dutela, beti lanaren kezken menpe, are ametsetan. Hori da esaten digutena, bizitza sakrifikatua dela politikariena, abnegazioraino.

Epe labur batean bizi daiteke norbait baldintza horietan, baina epe hori gaindituta, larrialdiaren mareak behera egin ondoren, bizimodu hori ez zaio komeni ez politikoari ez herritar arruntari. Pertsona orekatuak behar ditugu gure agintarien artean, langileak, bai, jendearen arazoak konpontzen ahaleginduko direnak, baina orekatuak, ez santuak.

Zeren luzaroan ez duenetik ere ematen duena, bere bizitza sakrifikatzen duena santua izan daiteke, baina santu gutxi sortzen da belaunaldi bakoitzean eta agintari asko behar ditugu gure erakundeetan. Eta azpimarra sakrifizioan jartzen badugu ez dugu jarriko egindako lanaren emaitzetan, eta herritarroi emaitzak axola zaizkigu.

Egizu lan, zintzo, ahal bezain txukun, alferkeriarik gabe. Baina ez utzi larrua bertan, osorik behar zaitugu, ez odoletan, ez larruturik edo logabeziaren menpe. Edozein langilek merezi ditu oporrak eta zu multzo horren barruan zaude. Zoaz oporretara lasai, zurikeriarik gabe, handik bueltan zure lana emankorrago izango da eta. Egizu entzungor agintariek oporrak merezi ez dituztela esaten dutenei.

Publicidad

Nik behintzat hotzikara bat sentitzen dut agintari batek asmo zehatz batean larrua utziko duela entzuten dudanean. Ez, mesedez, ez utzi larrua ezertan, egin lan, baina oreka galdu gabe, kalean bizi dugun bizitzatik aldendu gabe, kalea ahaztu gabe. Ez pentsatu zu gabe mundua pikutara joango denik, ez pentsa inoren salbatzailea zarenik.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad