Horrela omen gara zu eta biok, irakurle. Otordu bakoitzean jaki bakarra kontsumitzeko gauza. Gure arreta aldakorra omen da, gutiziatsua, orain han, orain hemen, berehala aspertzen omen gara. Jaki bakarra otorduko, baina ez beti bera. Halako batean begiradaren norabidea aldatzen omen dugu, ase gara, aspertzen hasi ere bai eta beste zerbait nahi dugu, notizien gurpila traba ez dadin.
Publicidad
Horrelakoak omen garelako omen dira hedabideak diren bezalakoak. Monolaborantzara emanak. Azken adibideak aipatzeko, pandemia izan daiteke eredu bat. Hilabetetan ez zegoen beste ezer. Kutsatutakoen kopurua, askoren beldurra, hildakoen neurketa, iluntzeko txaloak etxeetatik, txertatuen kopurua, askoren miseria.
Aspertzen hasiak ginenean lehertu zen Kanarietako sumendia. Pandemiaz ahaztuta, hitz berriak ikasten hasi ginen, beste aditu batzuk bildu zuten arreta, geologoek, bulkanologoek eta lehen gorpuak desagerrarazten zituzten pertsonak orain labaren ibilbideak suntsitzen zituen etxeetan bizi ziren pertsonak babesten hasi ziren. Birusa, ordea, ez zen desagertu, labaren gorriak liluratu bagintuen ere. Menua aldatu genuen.
Errusiak armak hartu arte. Ahaztu zitzaigun pandemia, ahaztu sumendia. Handik aurrera, gerra zen otordu guztietako jakia. Asteak joan, asteak etorri, armen izena ikasi genuen, nekez ahoskatzen ditugun herri eta hirien izena. Ukrainiara armak bidali ala ez, gure etxean hango errefuxiatu bat babestu ala ez, erakundeek behar zena egiten zuten ala ez. Entzun ditugu era guztietako istorio tristeak, ikusi ditugu malkoak, hunkitu gara, haserretu gara. Eta ahaztu zaizkigu lehen izenburuak hornitzen zituzten gainerako gerrak.
Une honetan Ukrainiako gerrak bizirik dirau, baina hasi gara gure begiradaren norabidea aldatzen. Orain ekilore olioaren eskasiak kezkatzen gaitu, ikararaino, pandemiaren hasieran komuneko paperak kezkatzen gintuen bezala. Orain erregaien prezioak kezkatzen gaitu, argindarraren prezioak. Bildu gara berriz ere gurera, munduan gertatzen denak gugan duen eragina axola zaigu beste ezer baino gehiago.
Publicidad
Tarteka, txinparta batek zeharkatzen ditu lainoak, adibidez, Will Smithek Oskar sari banaketan aurkezleari oparitutako belarrondokoa. Hurrengo egunetan jaki bakarreko otorduak postrea izan du. Ukabilkada izatera heldu ez zen belarrondokoak jarri dio gatza notiziei.
Ze jaki etorriko da Ukrainiako gerraren ondoren? Auskalo. Korrika, behintzat, seguru ezetz.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión