Nahiago ez jakin

Bai horixe ·

Esan nion irainak airean urtuko direla, malkoak euritan bezalaxe

Legeari dagokionez, ezjakintasunak ez du zure balizko akatsa barkatzen. Ez dizu ezertarako balio «barkatu, baina ez nekien debekatua zegoenik» esateak. Legea urratu baduzu, agian ez zaitu zigorrak harrapatuko, agian ez dira betearazleak jabetuko. Baina jabetzen badira, zigortua izango zara. Zeresanik ez Ogasuna bada ohartzen dena. Ez dago gurean betearazle zorrotzagorik, ez polizia ez epaile.

Publicidad

Beraz, egin nahiko zenukeen hori legezkoa ote den jakitea komeni zaizu, hortik aurrera benetako erabakia har dezazun. Jakinaren gainean erabakiko duzu, orduan, hau edo hori egitea, legez kanpo dagoela jakinda ere, zure kontzientziak hala eskatuta edo oharkabean pasako dela pentsatzen duzulako.

Beste ezjakintasun mota batzuk, aitzitik, aringarri izan daitezke. Azken egunotan normalean sare sozialekin harreman eskasa duen norbaitek kontatu dit lur jota dagoela, norbaitek kontatu diolako zer nolako astakeriak bota dizkion hainbatek sare honetan eta hartan. Nonbait, sekulakoak, erabat gupidagabeak. Eta, gainera, merezi ez omen dituenak. Egunak darama kontuak sareetan dantzan, baina hizketan ari zitzaidanak bezperan izan zuen horren berri.

Hori kontatu didana ez da maiz jendaurrean azaltzen, demagun pertsona arrunta dela eta, noizean behin, plazan azaltzea tokatzen zaiola, talde baten izenean. Une horietako baten aitzakian bota zioten bota ziotena. Ez omen zuen inondik ere horrelakorik espero, ez zuelako, gainera, bere izenean hitz egin, elkarte batenean baizik. 'Gu' erabili zuen agerraldi horretan, ez 'ni'. Baina berari erori zitzaizkion irainak. Hurrengoan ez omen du jendartean jarduteko erantzukizuna onartuko.

Horrelakoetan, lehen betebeharra adiskidea entzutea da, konta dezala korapiloa. Ondoren, kontsolamendua dator. Ez dela hainbesterako, bera ezagutzen duen inork ez duela bota diotena sinetsiko, irainak airean urtuko direla, malkoak euritan bezalaxe, gorrotoak lehenago eta luzaroago eragiten diola irainak botatzen dituenari. Mantso adierazi nion hori guztia, barruan duen ekaitza ez areagotzeko asmoz.

Publicidad

Sendagaiak ez zuen funtzionatu, ez bat-batean behintzat. Ezetz, garestiegi ordaindu zuela jendaurrean jarduteko erantzukizuna, hurrengoan taldeko beste norbaiti utziko ziola zeregin hori. Mantso ernaltzen dira hazi batzuk.

Nik, behintzat, nahiago ez jakin zer dioen han edo hemen honek edo besteak sare sozialetan nahiz handik kanpo. Hobe bihotzaren lasaitasunerako.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad