Ez zen horrela hemendik kilometro gutxitara, baina nire inguruan seriotasuna irakasten ziguten txikitatik, garrantzizko kontuetan nahiz kontu arinetan. Hitzekoak behar genuen izan. Umorea, gatza eta piperra tantaka erabiltzeko gauzak ziren. Orain irribarreak barra-barra antzeztu behar dituzu, graziosoa izan behar duzu, ia edozein momentutan.
Publicidad
Irakatsi ziguten edozein emoziori neurria hartzen, batez ere emozioen adierazpenei, jendaurrean, baina baita etxekoen aurrean ere. Malkoak bai, espantuak inoiz ez. Orain emozio horien adierazpena ez da apaldu behar, biderkatu baizik. Telebistak irakatsi digu nola jokatu behar dugun pozaren edo tristuraren aurrean. Espantuka.
Irakatsi ziguten sufritzera etorri ginela mundu honetara, zenbat eta gehiago sufritu, orduan eta leku hobea lortuko genukeela zeruan. Orain esaten zaigu disfrutatzera etorri garela mundu honetara, goizetik gauera, egunero disfrutatzera, horrek ematen diola zentzua bizitzari, sufrikario oro saihestu behar dugula.
Irakatsi ziguten gizonak, edozein gizon, beti daudela emakumeon gainetik, beste txapelketa batean jokatzen dutela. Are gehiago, nagusikeria hori berezkoa dela, zerutik eta naturatik etorria eta emakume baten bertute nagusia obedientzia dela, hortik kanpo galbidea baizik ez dagoela. Irakatsi ziguten itxura dela emakumeon kapital nagusia, hortik eta ez burmuinetik etorriko zitzaigula salbabidea.
Irakatsi ziguten orduan abizenik ez zuen elizaren esanetara behar genuela bizi, eliza katolikoak agindu bezala, edozein zalantzaren aurrean elizari galdetu behar zitzaiola nola jokatu. Eskolan, kalean, etxean, elizaren legea zela nagusi eta, beraz, elizaren ordezkarien esanetara egon behar genuela, ez zegoela ihesbiderik.
Publicidad
Irakatsi ziguten iraganak marrazten zuela jarraitu beharreko bidea, aurrekoengandik jasotakoa gordetzea zela gure eginbehar nagusia, tradizioa ukatuz gero hain ugariak ziren galbide horietako batera joango ginatekeela, erremediorik gabe.
Bistan da jasotako balio horiekin ezinezkoa dela gaurko gizartean bizirik irautea. Horregatik des-ikasi behar izan dugu hainbeste gauza, ikasi behar izan dugu beste hainbeste. Aspaldiko kanta datorkit gogora, iruditzen zait «nola demontre biziko naiz» askok geure buruari egindako galdera dela. Mundua hankaz gora jarri zaigu hamarraldi gutxitan eta gutako bakoitzak egokitu behar izan du bizitza egoera horretara. Nor bere moduan.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión