San Martinen hazia

Bai horixe ·

Galde diezaiogun epaile andereari ea San Martinen zer haziz ari den euskal mitologiaren kontakizuna

Jueves, 10 de noviembre 2022, 07:01

Bihar, San Martin. Izen handiko santua. Ikusi besterik ez dago zer zabaldua dagoen bere izena. Zenbat elizak eta baselizak, zenbat herrik eta toponimok daramaten San Martin izena. Eta berdin zenbat gizakik; dela izenetan –Martin, Martina, Martintxo, Mattin...–, dela abizenetan –Martin, Martiarena, Martikorena, Martinikorena...–. Hori, Euskal Herritik atera gabe.

Publicidad

Gainera, euskal mitologian ere badugu San Martin; Martin Txiki, alegia. Bi izenez ezagutu ohi dugu eta. Hamaika aldiz entzungo genuen kontakizun zaharra; batzuetan, leku batean kokatua; hurrengoan, beste batean. Orain, hemen, Ataungo bertsioa baliatuz berrituko dut, on Jose Migel Barandiaran eta ataundarren omenez.

Aspaldian, basajaunak bizi omen ziren Muskiako leize-zuloan. (Ataungo mendi honen gainaldean omen dago leize-zuloa, gailurretik pasatzen den bidetik zazpi bat metrotara.) Eta basajaunek sekulako garitza biltzen omen zuten inguruko mendialdeetan. Behealdean, berriz, kristauak bizi omen ziren. Eta hauek ez omen zuten garirik ereiten; nola ba?, ez zeukaten-eta gari-hazirik. Egun batean, zer egingo Martin Txiki aztiak eta abarka handi-handiak jantzi eta Muskia mendira igo. Eta han, bertako gari-metak ikusita, apustu egin omen zien basajaunei: baietz salto egin gari-meten gainetik. Basajaunen barreak! Eta Martin Txikik salto egin bai, eta gari-metaren erdira erori omen zen, halabeharraren halabeharrez. Basajaunen algarak!

Eta, gari-meten erdian zegoela, gari-alez bete omen zituen Martin Txikik abarkak. Eta hazi haiekin jaitsi omen zen herrira. Martin Txikiren irribarrea! Horrela zabaldu omen zen garia herri guztietara. Herritarren poza eta zoramena! (Zoramen hartan egingo zuten Martin Txiki, aho batez, santu handi.)

Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta irten Gasteizko plazan.

Eta Gasteizko plazatik, jo dezagun poliki-poliki hango epaile anderearen bulegora. Eta galde diezaiogun onez onean, ahalik eta erarik egokienean, ea San Martinen zer haziz ari den euskal mitologiaren kontakizuna. Eta, horrela, beren onera ekartzen hasiko gara, agian, izenen auzi burugabe hau. Inoiz ez omen da berandu, borondate ona dagoenean.

Publicidad

Hala bada edo ez bada... Gora San Martin! Gora San Martinen hazia! Eta gora zu, neska gasteiztar hori, Hazia izango zarena, orain ez bada, zuk zeuk zeure izena erabakitzeko adina izatean! Ez zara bakarra izango, Hazia.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad