Kafkaren mundua

Bai horixe ·

Minutuak administrazioarekiko esperientzia gaiztoak partekatzen joan zitzaizkigun

Ez dut uste inor, goizean goiz, bulego ofizial batera denbora pasaren bila joango denik. Edo, behintzat, aukera hori gustuz hartzen dutenak salbuespen izango dira. Gehienok halabeharrez joaten gara bertara, askotan beldur puntu batez ere bai, sarritan ez dugulako zuzemena ordenagailuz egitea lortu.

Publicidad

Apenas argitu zuen egunak zorioneko bulegoaren atarira heldu nintzenean. Ateri zegoen. Aurreko txandan, duela urte gutxi, sekulako ilara zegoen kalean goizeko 9etan ateak zabaldu zituztenean. Badaezpadan, hobe goiz joan, esan nion neure buruari.

Han, guztion begi bistan, kartel handi batek esaten zizun sarrera ez zela handik, beste ate batetik baizik. Zalantzarik gerta ez zedin, gezi handi batek seinalatzen zuen norabidea. Handia da eraikina, bertan garrantzizko kontuak ebazten direnaren froga. Abiatu nintzen geziak adierazten zuen bidean eta handik metro dezentetara, beste atearen ondoan, kartel batek adierazi zidan jendearentzako sarrera kontrako norabidean zegoela, abiapuntu izan nuen atean. Bi geziek kontrako bidea adierazten zuten. Pazientzia.

Ateak zabaltzeko falta ziren minutuak bertan geundenon administrazioarekiko esperientzia gaiztoak partekatzen joan ziren. Halako batean, irekierarako minutu gutxi falta zirenean, emakume bat irten zen bulegotik eta ilararen hasieran geundenoi zeren bila ari ginen galdetu zigun, alferrikako itxaronaldiak eragozteko asmoz, esan zuen.

Zertara nindoan adierazi nionean, esan zidan baietz, zegokidan ilaran nengoela. Hori egiaztatu ondoren azaldu nion gezi kontraesankorren kontua. Erantzun zidan jakin bazekitela baina ... eta sorbaldak jaso zituen. Bi aukera nituen, protesta egin ala isildu. Isildu egin nintzen.

Publicidad

Sartu nintzen, azkenean, jarri nintzen bertako funtzionarioren aurrean, adierazi nion zein zen nire arazoa eta emakumeak esan zidan sinplea zela: ez zuten nire telefono mugikorraren berri. Atera nuen tramankulua poltsatik eta erakutsi nion aste bat lehenago beraiek nire mugikorrera bidalitako mezua. Beraz, bazuten nire zenbakiaren berri.

Segundo gutxitan funtzionarioa begira jarri zitzaidan, ahoa apur bat zabalik eta ... sorbaldak astindu zituen. Ondoren esan zidan beraien sistema konplexua zela, oso, ingurubira ugari zuela eta agian horietako batek duen informazioa ez zitzaiela beste ingurubiran daudenei heltzen.

Publicidad

Nire burmuinak gezi erraldoi bat irudikatu zuen, kasu honetan Kafkaren infernuaren norabidea seinalatuz.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad