2000. urtean hil zuen ETAk Ernest Lluch. Datorren azaroaren 21ean beteko dira hogeita hiru urte hil zela, hil zutela, hil ziotela bere inguru hurbilari, eta hil zigutela herritar orori. Tripak bueltan nahastu zi-tzaizkidan orduko hartan ere. Tripetan eztenkada. Sabelarena berezia da. Sentitu bihotzarekin sentitzen dugula ikasten (irensten, zer entzun hura errepikatu) dugu txikitatik, baina ez dakit ba. Bihotzeko mina irudimen formako zerbait ez ote den, piruleta gorri puskatu bat edo. Korapilo fisiko eta psikologikoak, edo horietako asko behintzat, tripetan katramilatzen direla esango nuke. Eta horiek bai, horiek sentitu egiten direla, barrurantz eta kanporantz, bulkadaka, olatuka, trumilka sarri.
Publicidad
2001. urtean inauguratu zuten Ernest Lluch Kultur Etxea Donostian. Anoeta estadioaren tripetan eraiki zuten bereziki literaturarako eta pentsamendu kritikorako gune izango zena. Aste honetan ezagutu dut lehenengoz. Reale Arenaren tripetan dago orain. Bitxia iruditu zitzaidan irudia: kultura futbolaren kobazuloan. Sabelean. Zilborrean. Tripetan. Erdigunean. Sentitzen den tokian.
Gioconda Bellik 'El país de las mujeres' liburua aurkeztu zuen bertan astelehenean Literaktum 2023 jaialdiaren baitan. Tripetatik aritu zen, esan nahi baita sentituz eta sentiaraziz, maitasunaz, zirkuluez, gertutasunaz, kolektiboaz, poesiaz, zaintzaz, amatasunaz, lanaz, etorkizunaz, bideaz, askatasunaz. Eta ni tripak airean, 140 pertsonaren aurrean solasa ahalik eta txukunen, irekien, hurbilen bideratu nahian. Liburuko irudi bat azpimarratu nuen saioan, irudi hori bera ekarri nahiko nuke lerrootara. Mahai luze baten bueltan, parez pare (edo aurrez aurre; nahi bezala) eseri zituen Faguas herrialde asmatuko presidentziak herrialdeko hamar emakume dirudunenak eta hamar txiroenak. Nor beretik solasean. Nor bere tripetatik.
Saioa prestatze aldera, informazio bila aritu naiz egunotan: Gioconda Belli. Zutabea idazte aldera, informazio bila aritu naiz egunotan: Ernest Lluch. Wikipediak hala jasotzen du Ernest Lluchez: «Bakea lortzeko eta giza eskubideak errespetarazteko bidetzat elkarrizketaren eta zubi-lanaren aldekoa zen; baina hain justu hori izan zen, ETAko kideek ondoren aitortu zutenez, bera hiltzeko arrazoi nagusia». Lehendik bagenekien hori, baina horrela idatzita ikustea, zer nahi duzue esatea, tripak lehertzeko modukoa iruditu zait.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión