Nazka ematen du. Gordin-gordin: nazka ematen du. Larunbat edo igande arratsaldetan herriko haur parkeetara joateak nazka ematen du. Topatuko dituzu patata poltsa erdi hustuak (erdi hustuak), txokolatezko galleta erdi janak (erdi janak), galleta kaxak, pipa azalak, pistatxo azalak, zigarro-puntak, txikleak, botila erdi beteak (erdi beteak). Horiek guztiak topatuko dituzu haur parke bateko zoruan. Nazka ematen du. Nazka zoruak. Nazka lau kolore ezberdinekin bereizten diren eta ezertarako balio ez duten zakarrontziek. Nazka zikinkeriarekiko dagoen axolagabekeriak. Nazka besteenganako begirune faltak. Nazka nor bere zilborraren korapiloan, ustez bertan goxo (goxo?), bizi dela sumatzeak.
Publicidad
Hamalau hilabete ditu eta katuka ibiltzen da Xenda. Hilabeteak daramatza belaunen gainean korrika eta sekulako abiada hartzen du. Aske, bere kasa mugitzea maite du, iheska aritzen da bere bide propioak trazatzen. Amari Xenda aske uztea gustatzen zaio, harrapaketan ibili beharrik gabe, distantziatik aritzea kukuka jolasean. Haur parkeek (haur parkeek, haur parkeek) dibertsiorako, gozamenerako, lasaitasunerako espazio behar lukete. Aspaldian, dibertsiorako, gozamenerako eta lasaitasunerako espazio bila, hemen ez eta han ere ez, hautu-mautuan aritzen gara, zer eta haur parkeak tentsio-gune bihurtu zaizkigulako. Edozein haur jakin-minak bizi du: behatu, hurbildu, ukitu, hartu, aztertu eta ahora. Irudimen handirik ez da behar patata poltsa erdi hustuak (erdi hustuak), txokolatezko galleta erdi janak (erdi janak), galleta kaxak, pipa azalak, pistatxo azalak, zigarro-puntak, txikleak, botila erdi beteak (erdi beteak) dauden parke batean haur batek zer egiten duen irudikatzeko. Imajina dezakezue haur horren ama patata poltsa erdi hustuak (erdi hustuak), txokolatezko galleta erdi janak (erdi janak), galleta kaxak, pipa azalak, pistatxo azalak, zigarro-puntak, txikleak, botila erdi beteak (erdi beteak) lau kolore ezberdinekin bereizten diren eta ezertarako balio ez duten zakarrontzietara banan-banan botatzen.
Nazka ematen du. Hainbeste diru, hainbeste inbertsio, hainbeste kanpaina, hainbeste zakarrontzi koloretsu, hainbeste Agenda 21, hainbeste Agenda 2030... zer eta herri zikin bat izaten jarraitzeko. Erreka garbitzea festa programetan txertatzen den herrian bizi gara. Hau ere heziketa kontua (izango) da. Baina nor jarriko dugu hezitzaile?
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión