Hamaika aldiz hasi naiz zutabe hau idazten eta hamaika aldiz ezabatu ditut idatzitako bizpahiru lerroak. Israel eta Palestinaz idazteko beharra sentitzen dut, baina ez dakit zer esan. Dena esana dago eta/baina dena egiteke. Dena da gaitzespen, dena da salaketa, dena da «Ez dago eskubiderik». Baina hildako, zauritu, zapaldu, bahitu, umezurtz, gaixo, iheslari kopuruak gora eta gora egiten du guk ahoa zabaltzen dugun bitartean. Lur-eremu zabal-estu bat (bai zabal-estu bat) odolusten ari da. Israel, Palestina, Hamás, Iran, Ameriketako Estatu Batuak, naziak, 1948, juduak, musulmanak, zuek, gu eta zakurraren putza. Komunikabideen gezurrak, manipulazioa, misilak, suziriak, dirutzak, interesak eta boterea. Mundua kaka egina dago. Politikari, bitartekari, giza eskubideen gaietan adituak, erakundeak... bakarren bat ariko da zerbaitetan, baina itxura guztien arabera, inor ez da ezer egiten ari. Ulergaitza da mundu oso bat begira egotea segundo bakoitza infernu den errealitateari, ulergaitza mundu-mailako eskuhartzerik ezin gauzatua. Ulergaitza, jasangaitza eta etsigarria da pertsonak pertsona ez ikustea. Ulergaitza, jasangaitza eta etsigarria da bizitzaren balioa hankapean zula-tzea. Ulergaitza, jasangaitza eta etsigarria da Historia liburuetan ezagutu izan ditugun basakeriak, 2023. urtean, gu protagonista garen mundu-garaian, errepikatzen ari direla konturatzea. Eta halakorik gerta ez dadin, gertatzen ari direnak gertatzeari utz diezaioten mundu-baliabiderik ez izatea ulergaitza, jasangaitza eta etsigarria da.
Publicidad
Begira gaude eta ez gara ezer egiten ari. Twitterren iritzia emango dugu, zutabeak idatziko ditugu, kontzentrazio eta manifestaldietara joango gara, telebista piztu eta itzaliko dugu, dirua bidaliko dugu eta bitartean hildako, zauritu, zapaldu, bahitu, umezurtz, gaixo, iheslari kopuruak gora eta gora jarraituko du. Politikari, aditu, bitartekari era erakundeek eskuak estutuko dituzte, telefono deiak egingo dituzte, bidaiatuko dute hona eta hara, eta bitartean hildako, zauritu, zapaldu, bahitu, umezurtz, gaixo, iheslari kopuruak gora eta gora jarraituko du. Begira gaude eta ez gara ezer egiten ari. Begira gaude eta ume, ama, gazte, aita, gizon, amona, emakume, aitona, heldu, nerabe hori, begien aurrean duguna, hiltzen ari da. Begira gaude eta ez gara ezer egiten ari. Ez gara ezer egiten ari. Ez gara ezer egiten ari. Ez gara ezer egiten ari. Ez gara ezer egiten ari. Eta begiratzeari uzten diogunean, ezer egin gabe jarraituko dugu.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión