Egin kontu

Madril

'Un agujero queda para mí', dio Sabinak. Zuloa sabelekoa. Madrilgoa. Bada, izan dadila niretzat

Kontu batzuk berehala ahazten ditugu. Beste batzuk ahaztuak uste ditugunean, zast! azaldu egiten dira. Pasa ditzakegu hogeita hamar urte lagun hark kontatu ziguna gogoratu gabe, eta bat-batean testuinguruak begien (edo muturraren edo kopetaren) aurrean jartzen digu oroimenaren hautsartean eztulka ari zen hura. Ondo gogoan dut nork, non eta nola esan zidan. Izango genituen zortzi bat urte. Eta inozentzia. Eta inozentzia ez den zerbait ere bai. Baina nik sinetsi egin nion. Berak sinetsita esan zidan ez dakit. Berari kontatu zionak zein asmorekin esan zion auskalo. Edo begi bistako.

Publicidad

Madrilen zerbait (har moduko bat) sartzen zaio tripetan jendeari eta zerbait horrek (har moduko batek) hesteak irensten dizkio sabela zulo bihurtu arte. Bota bazuen bota zuen. Horrelakoak esan baino, bota egiten baitira. Eta zortzi urte zituen ume moko hura (ni neu alegia) hogeita hemezortzi urte bete dituen arte ez da Madrilera joan. Ez berak hori horrela esan zidalako. Edo agian bai (inork ez du sabelean zulo bat duela bizi-gosez bizi nahi izaten. Eta badaezpada ere). Ondorengo egunetan, gau bat baino gehiagotan amestu nituen harrak eta sabel zulodunak eta hesteak, zintzilik ezerezean. Gosea amestera ere iritsi nintzen. Eta irudikatzen nuen Madril herensuge baten itxurako: handi, ilun, su, itsusi. Eta zulo. Orain dela hogeita hamar urte. Madril. Nik sinetsi egin nion. Berak sinetsita esan zidan ez dakit. Berari kontatu zionak zein asmorekin esan zion auskalo. Edo begi bistako. Orain horrelakoak esan, bota, kontatu, sinesten diren batek daki.

Gero, nerabezaroan, Sabinaren kantua ezagutu nuen. Madrilez hizketan hasi zitzaidan behin eta berriro belarri iskinan. Eta hitzen jolasarekin irudiak marrazteko ahaleginean, Madril hark ederra behar zuela sentitu nuen.

Tripetako harra tximeleta bihur daitekeela pentsatu dut azken egunotan. Madrilera etorri naiz, eta gara, zuloak hain presente dituen «El pueblo no perdonará» liburu argitaratu berria aurkeztera. Egin dezala hegan aske, kolorez jantzia. Irits dadila tripetaraino, eta eragin dezala hor, zuloa huts den lekuan. Mugi ditzala hesteak. Eta herensugeak.

'Un agujero queda para mí', dio Sabinak. Zuloa. Sabelekoa. Madrilgoa. Bada, izan dadila niretzat. Urduritasuna, poza, emozioa sabelean korapilatzen direnean, garbi dago zerbaitek (har-tximeleta moduko batek) hozka-hozka egiten duela zulo.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad