Lorategi kalean hil zen Hortensia. Hil egin zuten. Hil egin zioten Cadizko San Roque herriari. Lorategi kalea Beasainen dago. Baina ezin esan Hortensia Beasaini ere hil ziotenik. Bakarren batek egingo zion agian, bakarren batzuek agian, baina Beasain herriak Hortensiari oraindik ere ez diola negarrik egin esango nuke. Eta zor diola lore bat Lorategi kalean. Zer gutxiago. Berrogeita bost urte pasa dira. Urtarrilaren 6an bete dira 45 urte ETAk Antonio eta Hortensia tiroka hil zituenetik.
Publicidad
Guardia Zibila zen Antonio. Tarifakoa. Ordizian zuen lantokia. Oporretan bisitan etorri zitzaion Hortensia. Festa gau baten ondoren, kotxea hartu eta etxera bidean, Lorategi kaleko STOPean geratu zirenean, bakarren batek (ba-tzuek? Argitu gabeko beste hilketa bat da hau) ETAren izenean, tiro egin zien behin eta berriro, behin eta berriro, behin eta berriro. Antonioren gorpua autoaren bozina gainera erori zen eta bozina 27 minutuz aritu zen jo eta jo, jo eta jo. Imajinatu iluntasunaren isiltasunean bozina bat hogeita zazpi minutuz jo eta jo. Denbora tarte horretan inor ez zen laguntzera hurbildu. 27 minutu. Bozina baten zarata-hots eskandalagarriaren erdian to isiltasuna. Isiltasun absolutua. Ez da ulertzen erraza. '27 minutu' laburmetraia Beasainen grabatu ordez, Kantabriako herri batean grabatu zuten. 2019an. Ez da ulertzen erraza. Etsigarria da.
Beasaindarra naiz ni. Orain dela oso gutxira arte ez dut Antonio eta Hortensiaren berririk izan. Eta min ematen dit. Nire herrian gertatutako krudelkeria honen berri lehenago eduki ez izanak min ematen dit. Memoria ez du denborak ahantzarazten. Memoria guk geuk gogoratu beharreko harri kozkorra da. Memoriak traba egin behar du oinpean. Pausoak aurrera ematea galarazi gabe, gelditzera behartu behar gaitu. Memoriak astindu egin behar du eta gaitu. Eragin egin behar du eta digu. Eta horretarako ezinbestekoa da kontatzea. Kontatu ezean, ezin baita gogoratu.
Besteak beste, horretan aritzen da Consuelo Ordoñez. Egunero-egunero argitaratzen du terrorismoak egun jakin horretan eragindako biktimen inguruko memoria-hari oso pertsonalizatua sare sozialetan. Gogoratua izatea; zer gutxiago, erabateko bidegabekeriaz bizitzaren ederra lapurtua izan zaizunean.... Pertsonak jartzen ditu Consuelok agerian, bizipenak, harremanak, gorpu diren gorputz horiek. Eskerrik asko egiten duzun lanagatik.
Kontatzea ezinbesteko da. Gogora-tzea funtsezko. Baina hori guztia hutsaren pareko da lorategian hildako hortentsiari bi lore jartzeko gai ez bagara.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión