Egin kontu

Ilargia

Baina izan gaitezen magiko. Izan gaitezen eder herri gisa. Izan gaitezen jostun

Hamabost hilabete bete berri ditu Xendak. Hogeita lau daramatzat hilekorik gabe. Hogeita lau hilabete. Bi urte. Bularrari zupa eta zupa, igurtzi eta igurtzi jarraitzen du Xendak, gozo-gozo. Halakotan gorputzak ondorioztatzen omen du ttikiak ama behar duela titi-bete eta oraindik ez dagoela beste ume bat bularrartean hartzeko prest. Horregatik odol-isuriaren ausentzia.

Publicidad

Gorputzean eraginik sentitzen ez dudanez, ilargi zikloak zerura begira baino ezin ditut bereizi. Ederra da iluntasunaren beltza handi eta borobil kukuka ageri ohi den ilargi betearekin zulatzea. Ederra da sinestea badela hor nonbait aurpegi zurbil zoragarriko dama bat itsasoari pot ematen diona, otsoak aztoratzen dituena eta isiltasuna dardaratzen duena. Badu zerbait ilargi beteak 'Begira!' eta 'Begira!' jartzen gaituena. Perfekzio zirkular bat edo auskalo zer. Denborak hozka egiten dio, ordea, ilargiari (ere), eta ilberan eta ilgoran dilindan jartzen gaitu hilean bitan gutxienez. Hankaz gora batzuetan, buruz behera bestetan.

Polita da oso ilargiarentzat soineko bat egiten saiatu zen jostunaren ipuina. Neurriak hartu eta astebetera jostunak egindako soinekoa ematen zion ilargiari proba zezan. Motz, estu, zabal, luze, soinekorik gabe geratuko zela susmatzen hasi zen ilargia laugarren-bosgarren ahaleginean. Behin eta berriz saiatu arren, azkenean, soinekorik gabe geratu zen.

Ilargi berriarekin ditut zalantzak. Ustez ezerez, ustez zulo den zer horrek, soinekoa probatzea egokitzen zitzaionetan, zer egiten ote zuen. Ilargi beteak liluratu egiten gaitu; inor gutxik hitz egiten du ilberriaz. Bukaeraren eta hasieraren arteko estutze bat da. Pausa bat, eta pauso bat. Ez da ikusten, baina hor dago. Misterio bat da ilberria. Eta zerbait magikoa.

Publicidad

Bada neurrira egindako soineko inperfektuak erantzi, jantzi, estutu eta lasatzeko garaia. Bizikidetza korapilo askeak jostea ere badelako. Eta biluzik geratu behar badugu, geratu gaitezen biluzik: ilberri izango gara. Baina izan gaitezen magiko. Izan gaitezen eder herri gisa. Izan gaitezen jostun. Ilargiak ere, soinekoarekin edo soinekorik gabe, asmatu baitzuen eder izaten.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad