Guardian igaro ditugu bost egun. Umetako oroitzapenen koadroa da Guardia gure etxean. Eta koadroak oroitzeko baino bizitzeko direla sinetsita, seme-alaben opor-jolastoki ere bihurtu dugu. Herri zoragarria da, gaintxo batean dagoena, harresiz inguratua. Harresiari begira oroitu dugu duela hilabete batzuk etxean irakurri genuen liburu ilustratua. Katagorri batek, beretzat hartu duen zuhaitza beretzat bakarrik izan dadin, sekulako harresia eraikitzen du zuhaitzaren buelta osoan. Katagorria pozik dago, harro bere lorpenarekin: ez da beste katagorririk sartuko bere egin duen eremuan. Txikia da espazioa, baina berea. Katagorri gaixoak, ordea, ez daki (ez du ikusten, ez du sumatzen, ez du sentitzen) harresiaren beste aldean baso eder eta oparo bat hazi dela eta katagorri talde bat jolasean dabilela zoriontsu. Katagorri gaixoak bizi-begirada zentimetro gutxi batzuetara murriztu (eta mugatu) du.
Publicidad
Hogeita sei urte dira gaurko egunez Miguel Ángel Blanco hil zela. Hil zutelako hil zen. Harresi artean biziko da, ziurrenik, halakorik egin eta eragiten duena. Ez sinestekoa da. Harresi artean biziko da, ziurrenik, eragindako mina eta sufrimendua ikusi, sumatu eta sentitu nahi ez duena. Sinetsita nago eragindako mina eta sufrimendua ikusi, sumatu eta sentitzen ez duenak bere harresi propioak eraikitzen dituela mina eta sufrimendua ikusi, sumatu eta sentitu ahal ez izateko. Ez sinestekoa da bestela.
Minari eta sufrimenduari harresiak gotortzen dizkion herriak ez du sekula aurrera egingo; bizi-begirada zentimetro gutxi batzuetara murriztua eta mugatua izatera kondenatua dago. Minari eta sufrimenduari behin betiko erantzun humano, irmo eta bateratua ematen ez diogun bitartean harresiek gora eta gora egingo dute.
Zoritxarrez, uztailak, uztailak ere, asko daki herri eder honetako familia asko eta askoren minaz eta sufrimenduaz. Ezin egongo gara, ordea, beroak harresiak noiz urtuko. Barruak kiskaliko bazaizkigu ere, ea beroa eragiteko gai garen.
«Alperrik dira harresiak hegoak ditugunontzat», dio Bulegoren 'Bueltan da!!!' kantu arrakastatsuak. Lema ederra da. Hegan aske egitea bizi-lorpen garrantzitsuenetakoa da, garrantzitsuena ez bada. Zer gertatzen da, ordea, norbaitek beste norbaiti hegoak ebakitzen dizkionean? Zer gertatzen da norbaitek beste norbait harresi artean bizitzera behartzen duenean?
Publicidad
Herri ederra da Guardia. Harresiz inguratua. Herri barren zoragarria du; herriko altxorra, ordea, harresiz kanpo duen pasealekua da.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión